Elkartasun adierazpena Bat Egin Egunean

Milaka pertsona joan ziren Lakuntzara, 'Udalbiltza auziko' auzipetuei elkartasuna adierazteko gogoz

Erredakzioa
2010eko irailaren 28a
00:00
Entzun
Udalbiltza auziko auzipetuak ez ziren bakarrik egon igandean. Milaka pertsonaren elkartasunaren beroa sentitu zuten Lakuntzan (Nafarroa) egin zen Bat Egin Egunean. Hasiera batean Altsasu-Urdiaingo zelaietan zen egitekoa jardunaldia, baina, aurreko egunetan euria egin zuenez, lekuz aldatu zuten antolatzaileek.

Goiz-goizetik ikus zitekeen jendea Lakuntzako kaleetatik barrena, eta ez ziren gutxi 10:30erako han zeudenak. 11:00etan jada jende andana zegoen Pirritx eta Porrotx pailazoen emanaldia ikusteko. Haur eta helduak irribarrez zeuden, eta Maite zaitut abesti ezagunean Udalbiltzako hamabost auzipetu, euren seme-alaba eta guzti, taula gainera igo ziren pailazoekin eta ikusleekin batera dantzatzera eta kantatzera. Abestiaren hitzek inoiz baino esanahi bereziagoa hartu zuten, eta auzipetuek Xabier Alegria presoaren argazki bat erakutsi zuten kantuak iraun zuen bitartean. Alegria espetxeratuta dago 18/98 auzia dela eta, eta Udalbiltza auzian auzipetua dago.

Pailazoen ondoren, Urduñako joteroen eta Eneko Lazkoz eta Arkaitz Estiballes bertsolarien txanda izan zen.

«Denon aurkako erasoa»

Igandekoa ondo pasatzeko eguna zen arren, ezin zen ahaztu jardunaldiaren aldarrikapen izaera. 13:00ak aldera auzipetuak berriro igo ziren taula gainera, baina oraingoan seriotasunez. Expe Iriartek hartu zuen hitza, eta, guztiei eskerrak eman ostean, Udalbiltzaren aurkako epaiketa eta indarrean dauden beste epaiketak «guztien aurkako erasoak» direla esan zuen. «Munduaren aurrean herri bat bezala agertzea dugu helburu, eta horregatik kriminalizatzen gaituzte», azaldu zuen auzipetuak. Ikusleek oihuka eta txaloka agurtu zituzten.

Ekitaldiaren ondoren, jendeak herriko frontoian bazkaldu zuen, eta bazkalosteko Izargi eta Esne Beltza taldeen kontzertuak dantzan jarri zituen baten baino gehiagoren hankak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.