Frantziako Justizia Ministerioak eta Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak elkarrizketei ekin diete berriz, eta Parisek «laster» urratsak eginen dituela espero dute. Hala adierazi zuten atzo goizean Miarritzeko Bellevue kasinoan egin zuten agerraldian. Anaiz Funosas Bake Bideko presidentea, Mixel Berhokoirigoin bakegilea, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria, Michel Veunac Miarritzeko auzapeza eta Luzien Betbdeder Auzapezen Biltzarreko presidentea elkarrekin agertu ziren bi ekitaldi iragartzeko: ekainaren 7an konferentzia bat eginen dute Miarritzeko Bellevue kasinoan, elkarbizitzaren gaiaren inguruan; eta ekainaren 8an giza kate bat eginen dute Orain presoak lelopean, bake prozesuan aitzinamenduak egitea eskatzeko. Sare mugimenduak ere bat egin du deialdiarekin.
Joan den abenduaren 14an egin zuen azken agerraldia Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak Parisekin elkarrizketa eten zela jakinarazteko. «Agenda blokeatua da. Elkarrizketa ez da hautsia, baina bai etena», adierazi zuen orduan Funosasek. Berhokoirigoinek atzo oroitarazi zuenez, aitzinetik urrats batzuk izan baziren ere—DPS estatusa kentzea eta preso batzuen hurbiltzea-, bake prozesua «ataka gaizto» batean sartzen ari zela. Herritarrei «laguntza» eskatu zietela eta urtarrilaren 12ko mobilizazioak jendetsuak izan zirela gogoratu du: 9.000 pertsona bildu ziren Baionan; 85.000 Bilbon. «Egun horretan berean Frantziako Justizia ministroak hitza hartu zuen, lotura ez zela hautsia errateko. Geroztik, baieztatu dezakegu egoera konplikatu hori gainditu dugula, eta elkarrizketa eremu horrek funtzionatzen duela». Urte hasieratik harremanak egon dira, eta «perspektibak» badaude, bakegilearen hitzetan. Funosasek adierazi du espero dutela 2019. urtea «mugarri» bat izatea. Elkarbizitza eraikitzeko «etapa berri bat» iragarri zuen, eta espero duela bide horretan estatuek «lagunduko» dutela.
Elkarbizitza eta presoak
Elkarbizitza izanen da, hain zuzen, ekainaren 7ko konferentziaren ardatza. Oraindik programa osatua ez badute ere, «sufrimendu ezberdinen lekukotasunak» egonen direla baieztatu du Funosasek. Ildo horretan, azken hilabeteetan elkarbizitzaren inguruan Hego Euskal Herrian izandako ekinbideak nabarmendu nahi izan ditu: «Alde guzietako biktimek, edo sufrimendu ezberdina bizi izan duten pertsonek eramaten duten lana eta adierazten duten boz berria».
Bi aipamen berezi egin nahi izan ditu: Etxerat-ek egindako adierazpena lehenik, Euskal gatazkako indarkeriaren biktima guztiei «begirunea eta enpatia» erakutsiz. «Zinez harrapatu gaitu hain indartsua sentitu dugun, hain enpatia handikoa izan den, eta hemen garen guziek txalotu duguna». Eta bestalde, ETAren 41 biktimak polizia abusuenak aitortu izana, egiarako, justiziarako, erreparaziorako eta memoriarako eskubidea dutela erranez. «Uste dugu gero eta ozenago ari dela ateratzen bake bide bat eraikitzearen aldeko ahotsa».
Bake Bideko eledunaren hitzetan, elkarbizitza eraikitzeko «ezinbestekoa» da presoen auzia konpontzea. Horregatik, garrantzitsutzat jo du bake prozesuaren aldeko mobilizazio jendetsu bat antolatzea. Helburu hori izanen du Hotel du Palais eta Birjinaren haitza lotuko dituen ekainaren 8ko giza kateak, Orain presoak lelopean. «Presoen auziaren konponbidea ez da hurbilketa; hurbilketa etapa bat da», azpimarratu du Funosasek. Beste etapetara iristeko garaia dela adierazi du, salbuespen neurriak deuseztatzetik hasita. Alde horretatik, aipamen berezia egin nahi izan die Xistor Haranburu, Jakes Esnal eta Jon Kepa Paroti. «30 urte betetzen hasiak dira presondegian. Hemen inork ez du ulertzen nola egoera horrek segitu dezakeen, eta terrorismoaren kontrako fiskaltzak duen jarrera». Euskal Herrian bide bat egin dela eta horretan segitu behar dela esan du: «Gure iragana ulertu nahi dugu. Ariketa hori ezingo dugu osorik egin jendearen perspektiba kartzela eta kartzela baizik ez bada. Elkarbizitza pasatzen da ere denen etxeratzetik».
Elkarrizketei ekin diete berriz Parisek eta euskal ordezkaritzak
Ekainaren 7an eta 8an konferentzia bat eta giza kate bat eginen dituzte Miarritzen, bake prozesuan aitzinamenduak egitea eskatzeko. «Laster» espero dituzte urratsak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu