Elkarrizketatzaileei egin diete gorazarre

Sustrai Colinak jaso du Rikardo Arregi saria, eta Amagoia Gurrutxagak aipamena. 'Irunero'-ko Unai Oiartzuni eman diote Kazetari Berria saria

Maite Asensio Lozano.
Andoain
2016ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Kazetaritzaren arloko sariketetan aitortza gutxi jasotzen dute elkarrizketek, baina genero horren distira agerian utzi dute aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Sariek. Izan ere, 28. ekitaldira aurkeztutako 25 lanetatik hiru hautatu ditu epaimahaiak, eta horietatik bi dira elkarrizketak: Sustrai Colinak Argia aldizkarian egindakoek jaso dute sari nagusia, eta Amagoia Gurrutxagak Kristiane Etxaluzekin Jakin-en izandako solasaldiari eman diote sari berezia. Kazetari Berria saria, berriz, Irunero udal aldizkariko Unai Oiartzunentzat izan da.

Atzo banatu zituzten sariok, Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero aretoan, Ana Carrere alkatearen eta Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordearen aurrean, besteak beste. Sarituak hautatzea «ez da batere erraza izan», epaimahaiaren arabera.

«Elkarrizketei ekiteko modu berezi eta originalengatik» saritu dute Sustrai Colinaren lana, aipamen literarioak eta hitz-jokoak baliatu izan dituelako irakurleen arreta erakartzeko. Epaimahaiak nabarmendu du galderak hurbiltasunez egiten dituela, «baina lerratu gabe», eta hizkuntzarekin «trebetasunez» jolasten dela. Bertsolaria izaki, kantatuz egin zuen mintzaldia: bere burua elkarrizketatzekotan egingo lizkiokeen galderekin.

Herritarren bizipenak gertutik kontatzea txalotu du epaimahaiak 27 urtez azpiko kazetarientzako saria ematean. Unai Oiartzunek jaso du, Irungo (Gipuzkoa) Irunero udal aldizkarian egindako erreportajeetan «gaiak duintasun handiz jorratzeagatik». Tokiko komunikabideen lana azpimarratu du Oiartzunek: «Hedabide horietan ari direnek baldintza kaskarretan eta muga handiekin egiten dute lan, baina sinetsita nago behar-beharrezkoa dela lan hori». Areago inguru erdaldunetan dihardutenena, erantsi duenez: «Leku horietan euskaraz lan egitea oso zaila da batzuetan».

Hedabideak, estrategiko

Amagoia Gurrutxaga BERRIAko kazetariak Kristiane Etxaluz ekintzaile kultural eta politikoarekin izandako solasaldiari, berriz, epaimahaiaren sari berezia suertatu zaio. Jakin aldizkariak argitaratutako 66 orrialdeko lanean elkarrizketaren eta biografiaren arteko uztarketa «ausarta» egin izana txalotu du epaimahaiak. Eskerrak emateko baliatu du mintzaldia Gurrutxagak; etxekoei, BERRIAri eta Jakin-i, baina, batik bat, «munduaren berri jasotzeko euskarazko hedabideak aukeratzen» dituzten milaka herritarrei: «Mundu globalizatu honetan edozein komunitateren etorkizuna ziurtatzeko komunikabideena sektore estrategikoa dela ezin hobeto dakizue; horren arabera eskaintzen dizkiguzue arreta eta sosak. Administrazio publikoek ematen diguten laguntzari erreparatuta, ez daukat hain argi kargudun politikariek zuek bezain argi ote daukaten euskarazko hedabideen estrategikotasuna».

Baina, funtsean, Etxaluzi berari eskaini dio saria Gurrutxagak: «Hura elkarrizketatzeak erakutsi dit historia kontatzeko modu asko dagoela, eta botere hegemonikoaren historiak beti ahazten dituela bazterrekotzat eta zapalgarritzat jotzen dituenen bizipenak. Kristianeren moduko kultur eragileena, militante independentistena, emakumezko ekintzaileena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.