Ez dute denbora alferrik pasatzen utzi nahi. Euskal Herriak bizi duen une politikoaren garrantziaz ohartuta, Euskal Herriko eragile sozial eta politiko nagusiekin biltzeko «borondatea» agertu dute Sortuko kideek. Alderdi berriaren «harremanetarako taldea» nortzuek osatuko duten ez dute aurreratu. Bilerak egin ahala ezagutaraziko dituztela adierazi dute. Bilera horiek «publikoak» izango dira, eta ahalik eta lasterren egin nahi dituzte, Juan Kruz Aldasoro ezker abertzaleko kideak eta Sortuko bozeramaileak azaldu duenez. Aldasorok nabarmendu duenez, elkarrizketa horien helburua izango da bakegintzaz hitz egitea, «elkarrizketa eta soluzioen alde egitea». «Sortuk horrela agertu nahi du bere burua, lehen unetik, elkarrizketa eta soluzioen aldeko etxea izango da gurea. Gu elkarrizketarako prest gaude, eta horretarako deialdia egin nahi dugu».
Donostian eginiko prentsaurreko batean egin ditu adierazpenok Aldasorok. Harekin batera han izan dira, besteak beste, Sorturen talde sustatzaileko Maider Etxebarria eta Iñaki Zabaleta eta ezker abertzaleko hainbat kide, horien artean, Rufi Etxeberria, Tasio Erkizia, Karmele Aierbe eta Juan Joxe Petrikorena.
Aldasorok nabarmendu duenez, «elkarrizketa politikoak» hasi nahi dituzte bake bidean aurrera egiteko eta «konponbidearen aurkako jarrera eta mehatxuei» aurre egiteko. «Ezin dugu gerorako utzi gaurtik eraikitzen has dezakegun elkarrizketa». «Herri honetako gehiengoaren hitza eta borondateari jarraikiz, aurrera egitea dagokigu, bakegintzaren zereginean».
Ezker abertzaleko kideak Espainiako Gobernuari egotzi dio konponbidearen aldeko urratsak «zapuztu» nahi izatea. Aldasororen arabera, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Sortu legeztatu badu ere, legez kanporatzeen «mamuak» jarraitzen du. «Behin betiko gainditu behar den legez kanporatzeen mamua astindu dute instantzia politiko ezberdinek», salatu du.
Sorturen eratze prozesua
Aldasororekin batera Maider Etxebarria Sorturen jarduneko idazkari nagusiak hitz egin du agerraldian. Proiektuarekin bat egiten duten herritar guztiak deitu ditu Sorturen eratze prozesuan parte hartzera; bereziki, «ezker abertzalean edo inguruan» egituratu diren eragileetako kideak. «Sortzaileak gara eta dira eraiki nahi dugun indar berriaren oinarria eta funtsa, egiten ari garen prozesuaren erdigunea eta subjektu nagusia».
Etxebarriak azaldu duenez, «herri eta auzo guztietara» bidaliko dituzte sortzaileak biltzeko fitxak. Betebehar horretan, ezker abertzalearen «oinarrien» parte hartzea funtsezkoa izango dela nabarmendu du. Horrekin batera, Sorturen webgunean ere alderdiko kide egiteko aukera izango dela adierazi du.
Era berean, Etxebarriak azaldu du alderdiaren helburua dela «iraultza demokratiko» bat gauzatzea, «egungo egoera ustelari aurre egin eta bide berri bat zabaltzeko». Nabarmendu du Sorturen lan ildo eta «lehentasunak» izango direla nazio eraikuntza, eraldaketa soziala eta gatazkaren konponbidea.
Elkarrizketak hasiko ditu Sortuk, «jarrera oztopatzaileei» aurre egiteko
Juan Kruz Aldasorok jakinarazi du talde bat osatuko dutela Euskal Herriko «eragile nagusiekin» biltzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu