Ziklo bat itxi da, Aieten hasitakoa. Eta ziklo bat ireki da, Arnagan hasitakoa. Euskal Herriko bake prozesuak Donostiatik Kanborako (Lapurdi) bidea egin du, zazpi urteko epean; Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira, Gipuzkoatik Lapurdira. Aieteren ondorio izan zen ETAk armak uzteko hartu zuen erabakia, eta ETAren desegitearen ondorio izan da Arnaga. Tartean, gizarte zibilaren lanak eta bultzadak ahalbidetu du bake prozesuak aurrera jarraitzea. Ez dira helburu eta eskari guztiak bete, oraindik «denbora behar delako», baina Euskal Herria aro berri batean sartu da jada; amaitu da Europako azken gatazka armatua. Lan asko dago egiteko, nazioarteko eragileen iritziz, eta horri aurre egiteko bidea markatu zuten atzo: eragile guztien arteko «elkarrizketa politikoa», jada Aieten eskatu zutena, baina oraindik bete ez dena.
Duela zazpi urte egin bezala, atzo ere gune berezia hautatu zuten nazioarteko eragileek eta gizarte zibilak ETAren azken adierazpen «historikoari» ongietorria eman eta etorkizunera begira jartzeko. Zuhaitzez, belardiz, eta iturriz inguratuta atera ziren kazetarien aurrera Bertie Ahern Irlandako Errepublikako lehen ministro ohia, Michel Camdessus Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari orokor ohia, Cuauhtemoc Cardenas Internazional Sozialistako ohorezko presidentea, Gerry Adams Sinn Feineko presidente ohia, Jonathan Powell Tony Blairren kabineteburu ohia eta Anaiz Funosas Bake Bideko presidentea, Arnagako Adierazpenaren berri ematera. Haien artean zegoen Irati Agorriaga Cuevas gernikarra, 21 urteko emakumea. Hark irakurri zituen Gatazkaren Konponbidean Aintzinatzeko Nazioarteko Topaketaren ondorioak, eta, lau minutu eta hogei segundoz, «etorkizunaren errepresentazio» bila-katu zen. Haren ahotsetik atera ziren gerora begirako ondorio eta eskari nagusiak, nazioarteko eragileen izenean: «Badira Aieten egin genituen dei batzuk erantzunik izan ez dutenak. Guk ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketa aholkatu genuen, eta ez da izan. Halere, izan dira bakearen aldeko eginahal asko eta asko. Euskal gizarteak, bere gizarte antolakundeek, alderdiek eta erakundeek, ipar zein hego, guztiek egin dute lan bakeak aurrera egin dezan». Eta ohartarazpen garrantzitsu bat, Espainiako zein Frantziako gobernuei: «Segurtasun zein kartzela neurriekin soilik erantzutea oso gutxitan da arrakastatsua».
Iragana atzean utzi eta etorkizunari begira jartzeko garaia dela gogorarazi zuten atzo Arnagako Adierazpenaren sinatzaileek. Camdessusekin —frantsesez irakurri zuen testua—, Ahernekin, Cardenasekin —gazteleraz irakurri zuen—, Adamsekin eta Powellekin —ingelesez irakurri zuen— batera sinatu zuten adierazpena Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohiak eta Hubert Vedrine Frantziako Atzerri Ministro ohiak, eta adiskidetzean jarri zuten erronka, oraindik «egiteke dagoen prozesu batean». Hori lortzeko, gako bat eman zuten: alde guztiek iraganarekin «zintzotasunez» jokatzea, «zauriak sakonak» direlako.
«Familiak eta komunitateak banatuta daude. Biktima guztiak bereizkeriarik gabe aitortu eta laguntzeko lan egin behar da. Horrek alde guztiek iraganarekin zintzotasunez jokatzea eskatzen du, baita zauriak sendatzeko eta komunitate partekatua berreraikitzeko eskuzabaltasunez jardutera ere». Nazioarteko eragileek bi esaldi horietan laburbildu zituzten etorkizunerako erronkak, eta beren buruak prest agertu zituzten etorkizunean laguntzarik behar izanez gero: «Gure beste ekarpenen bat behar dutenen esanetara gaude».
Ehun gonbidatu inguru
Foro Sozialak, Bake Bideak eta HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeak antolatu zuten atzoko ekitaldia. Arnagako Adierazpenaren aurretik, ordubeteko saioa izan zuten eraikinaren barruan, eta han izan ziren 100 bat gonbidatu, nazioartekoak zein Euskal Herrikoak; ordea, ez zen Eusko Jaurlaritzaren ez Nafarroako Gobernuaren ordezkaritzarik izan Kanbon.
Gonbidatuen zerrenda luzea izan zen. Banan-banan iritsi ziren Arnaga Etxera, betiere protokoloari jarraituz. Lehenik Funosas eta Agus Hernan agurtu, ondoren HNTko Brian Currin eta Euskal Elkargoko presidente Jean-Rene Etxegarai, eta, azkenik han zeuden Ipar Euskal Herriko hautetsiak. Hala sartu ziren Arnaga Etxean gonbidatu guztiak, ia bi orduko epean. Eraikinaren barruan izan ziren, besteak beste, EAJko Andoni Ortuzar, EH Bilduko Arnaldo Otegi, Sortuko Xabi Larralde, Frantziako diputatu Jean Lassalle, ELAko Adolfo Muñoz, LABeko Garbiñe Aranburu eta Parisko Adierazpeneko sinatzaile Colette Capdeville.
Biktimentzako minutu bateko isilunearekin abiatu zen atzoko hitzaldi sorta. Horren ostean, Currin izan zen mintzatzen lehena, Euskal Herriko bake prozesuaren berezitasunak goraipatzeko. «Hemengo bake prozesua bakarra da, baita hemengo HNT ere. Ezohikoa da, prozesua ez dutelako gobernuek egin, herriak baizik, euskal alderdiak kontsultatu ostean. Herritarrek gidatu dute prozesua, gobernuek ezezkoa eman ostean. Bakea lortu da herritarrek nahi izan dutelako». Gainontzeko hizlariek ere nabarmendu zuten ideia bat adierazi zuen orduan: «Ospatzeko eguna da gaurkoa. Euskal herritarren eguna da, euskal herritar guztiena. Gaurko eguna gogoratu behar dugu, denak ari baitira ospatzen ETAren adierazpena, arrazoia edozein dela ere».
Hamar bat hizlarik hitz egin zuten Arnaga Etxean ETAren azken adierazpenak sorturiko egoeraz. Etxegaraik, esaterako, atzo ireki zen aroan jarri zuen arreta. «Bide luze eta zaila geratzen zaigu egiteko, eta ez dugu ahuldu behar gure engaiamendua. Gatazkaren ondorioak dira erronka berriak: sufrimenduaren aitorpena eta presoen egoera».
Adams ere gerora begira jarri zen, Etxegaraik abiaturiko bideari eutsiz. «Jarri arreta etorkizunean, etorkizun hobe batean. Sinn Fein zuekin izango da beti. Haserrea ez da politika, eta mendekua ez da aukera bat». Gaur 37 urte beteko dira IRAko preso Bobby Sands kartzelan hil zela gose grebaren ondorioz, eta Adamsek presoaren adierazpen bat ekarri zuen gogora, euskal herritarrentzako gomendio gisa: «Gure seme-alaben irria izango da gure mendekua».
Nazioarteko eta Euskal Herriko hainbat politikari eta eragilek eman zuten atzo beren iritzien eta gomendioen berri, baina bi ideia nabarmendu ziren adierazpen horien guztien artean: atzoko eguna ospakizun eguna izan zela euskal herriarentzat, eta, etorkizunera begira, ezinbestekoa dela adiskidetzea lortzea. Ideia horrekin batera, nazioarteko eragileek gizarte zibila zoriondu zuten, Euskal Herriko bake prozesua herritik sortu zelako eta herrian amaitu delako.
[youtube]https://youtu.be/OQj71MFHcBs[/youtube]
ETAren amaiera. Kanboko ekitaldia
«Elkarrizketa politikoa» eskatu diete gatazkako eragile nagusiei
Nazioarteko eragileek ongietorria eman diote ETAren azken adierazpenari. Etorkizuneko erronkei begira, adiskidetzean jarri dute arreta, eta gizarte zibila zoriondu dute, prozesuan izandako rolagatik. Ekitaldiaren bideoa albistearen amaieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu