Mugimenduak hasi dira Kristau Eskolako lan gatazkan. Sindikatuek hilabeteko greba jarri dute mahai gainean —datorren astean da hastekoa, ostegunean—, eta aurreko hilabeteetan ikusi gabeko urratsak iritsi dira. Lehen aldiz, mahai berean eseri ziren atzo gatazkan zerikusia duten hiru aldeak: patronala, sindikatuak eta Eusko Jaurlaritza. Lan Harremanen Kontseiluan egin zuten bilera, eta, hain justu ere, erakunde horretako ordezkari baten bitartekaritza izango dute negoziazio prozesuan. Azkar hasi dira: gaur bertan egingo dute beste bilera bat.
Denbora daramate gatazka betean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe erlijiosoetan. Bederatzi urte daramatzate lan hitzarmena berritu gabe. Aurreko ikasturtea ere gatazka betean egin zuten zentro horietan, 24 greba egunekin. Aurrerabiderik ez dute egin, nolanahi ere: sindikatuek soldatekin eta egonkortasunarekin lotutako eskariak dituzte, eta patronalak dio ez daukala bitartekorik horiek lortzeko. Lanuzteek eragin handia dute: 100.000 ikasle inguru dabiltza ikastetxe horietan. Guraso elkarteak kexu dira mobilizazioekin: ikasleak «gatibu» gisa hartu izana salatu dute.
Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan bildu ziren hiru aldeak atzo, Bilbon, eta atarian elkarretaratze bat egin zuen guraso talde batek. «Antzerkirik» ez egiteko eskatu zieten: «Ez atera bost minutuan». Negoziazioei ekitea galdegin zieten, hala greba saihesteko. Bilera luzea egin zuten hiru aldeek: hiru ordu eta erdikoa. Eta gehiago egitea ere hitzartu zuten.
Aurrerapausotzat jo dute
Hilabeteko greba dago mahai gainean, eta erlojuaren aurka hasiko dira negoziatzen orain. Azaroaren 7an da hastekoa. Ordezkaritza duten bost sindikatuetatik lauk egin dute deia: ELAk, LABek, Steilasek eta CCOOk. UGTk ez du bat egin, gehiegizkoa delakoan. Deialdia egin duten sindikatuek ordezkaritza oso handia dute: %97koa. Deialdi horren ondoren, mugimenduak egin dituzte gobernuak eta patronalak: Hezkuntza Sailak iragarri zuen prest legokeela Lan Harremanen Kontseiluan hitz egiteko, eta, hori ikusita, Kristau Eskolak bitartekaritzarako eskaria egin zion kontseiluari.
Hark bideratuta egin zuten bilera atzo, eta negoziazio prozesu bati ekitea adostu zuten. Guztiek esan dute pausoa dela, baina agerian geratu dira desberdintasunak. Sindikatuek aitortu dute jarrera aldaketa ikusi dutela, baina tentuz mintzo dira, ez baitira hasi edukiez hitz egiten: «Ez dugu itxaropen handiegirik sortu nahi, adostasunera eraman gaitzakeen prozedura bat soilik itxi baitugu», ohartarazi du Miren Zubizarreta ELAko ordezkariak. Bilera «ontzat» jo du Kristau Eskolako zuzendari Mikel Ormazabalek. «Denok ados gaude korapiloa askatu behar dugula. Mahai gainean jarriko ditugu orain arte akordioa lortzea eragotzi diguten gakoak».
Hezkuntza Saila mahai horretan egotea nahi dute sindikatuek eta patronalak. Olatz Garamendi sailburuordeak «mugarritzat» jo du bilera. «Aurrez aurre dauden aldeak eseri dira». Jaurlaritzak zer rol izango duen, ez du negoziazioetan irudikatu. «Gaur [atzo] bezala, presente egongo gara bitartekariak eskatzen digunean, posible den guztian laguntzeko».
Elkarrizketa, greba atarian
Kristau Eskolako lan gatazkan negoziazioak hasi dituzte, hilabeteetako blokeoa gainditu nahirik. Bitartekari bat izango da. Datorren ostegunean hastekoa da hilabeteko greba
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu