Udaltzaingoa. Armen erabilera

Elkarrizketa gela, armaleku

Ondarroako eta Hernaniko udaltzaingoek ez dituzte armak erabiltzen, eta udal horietako udaltzainburuek ez dituzte beharrezkotzat jotzen: «Baditugu beste gabezia batzuk».

Bi udaltzain, Irungo kaleetan. JON URBE / FOKU.
Iosu Alberdi.
2023ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Ondarroako (Bizkaia) eta Hernaniko (Gipuzkoa) udaltzaingoek polizia eredu komunitario bat ezartzeko urratsak egin dituzte. Hala, arduraz begiratzen diote suzko armen erabilera orokortzeko dekretuak izan ditzakeen eraginei. Ondarroako udaltzainburu Aitzol Osaren esanetan, «izugarrizko iraulia» eragin dezake, eta arriskuan jar ditzake azken urteetan egindako urratsak: «Guk ez dugu pistolaren faltarik sumatzen, hori ez da gure eguneroko jarduneko zerbait».

Osak azaldu du lapurretak eta bestelako delituak eta faltak izaten direla Ondarroan, baina horiek ez direla ohikoak, eta, beraz, ezta udaltzainen kezka iturri nagusiak ere. Gainera, ez du uste pistola bat soinean izatea denik horiei erantzuteko tresnarik egokiena. Kontrara, «erroetara» jotzeko beharra nabarmendu du. Argitu du bitartekaritzarako lantalde bat eratu dutela herrian, eta justizia errestauratiboko prozesuak egiteko baldintzak ezartzeko lanetan ari direla.

Hala, udaltzaingoaren egoitzako biltegia atontzea zuten xede, zerbitzu horiek eskaini ahal izateko. Dekretuaren zirriborroan jasotakoa onartzen bada, ordea, hura armategi bilakatu beharko dute, ezinbestekoa izango baita halako espazio bat udaltzaingoen egoitzetan. «Beste egoitza bat beharko dugu, eta horrek kostu ekonomikoa ekarriko dio udalari», azaldu du Osak.

Hala, armen erabilerak mahai gainean jarri du polizia ereduaren inguruko eztabaida ere. Hernaniko Udaltzaingoko zuzendari Andoni Mirena Pikabearen ustez, «ezinbestekoa» du bi auziak batera tratatzea. Trafikoa, polizia administratiboa, ezbeharren kudeaketa, prebentzio lanak... dituzte eguneroko ogia, eta uste du lan horiek arma batekin egiteak herritarren artean «pertzepzio aldaketa bat» eragin dezakeela. «Herritarrekiko urruntzeak eta suzko arma bat soinean eramateak esan nahi duen ardura, suzko arma hori etengabe zaindu beharra, zaindu behar horrek egoera ezberdinetan murgiltzean hainbat jokabide aldatu beharra». Udaltzainek arma batekin izango lituzketen kezka gehigarriak dira, Pikabearen ustez, kontuan izanik, gainera, hainbatek «nahita» eskuratu zituztela lanpostuak suzko armak erabiltzen ez dituzten kidegoetan.

Harekin bat egin du Osak ere: «Eskoletako zebra bideetan bidea ematera joaten garenean, ez da egokia pistola batekin aritzea. Horrek lubaki bat ezartzen du udaltzainen eta herritarren artean».Kontrara, azaldu du Ondarroako udaltzainek lortu dutela afera arantzatsuetan herritarrek euren alde egitea, eta nabarmendu du horretarako bidea «herrian txertatuta egotea» dela: «Askotan, garrantzitsuagoa da herritarren babesa arma batena baino».

Izan ere, Pikabeak azaldu du «konfiantza eta segurtasuna» sortzea jo dela ezinbesteko elementutzat, eta gehitu suzko armek «beldurra» eragin dezaketela: «Herritarren lankidetza mailak proportzionalki murrizten du indar fisikoa eta mota guztietako armak erabiltzeko beharra».

Etxea, teilatutik

Osa eta Pikabea kritiko dira dekretua egiten ari den bidearekin ere, azaldu dutenez, inork ez baitie galdetu ea zein diren udaltzainen beharrak. Are gehiago, Ondarroako udaltzainburuak salatu du dekretuaren zirriborroak ez duela jaso behin armak jasota nola landu behar den horien erabilera: «Gerrikoan arma jarri eta hor uztea bada segurtasuna, hortik urrun nago. Eskatzen du ikastaroak izatea urtean gutxienez bi aldiz, eta hori ez da aipatzen. Badakit hizpide izan zutela, baina ez dute jarri, Arkautik ez duelako gaitasunik».

Osak eskatu du «etxea teilatutik eraikitzeari» utzi eta bestelako aferei heltzeko: sistema informatikoak hobetu, udaltzainen ratioak aztertu, atestatuak egiteko modua bateratu... «Baditugu beste gabezia batzuk», esan du. Pikabeak, berriz, formakuntza «hobea» eta giza baliabide gehiago eskatu dizkio Jaurlaritzari, baita euren lana errespetatzeko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.