Euskal presoak. Baionako mobilizazioa

Elkarrizketa edukiz josteko deia

9.000 lagun bildu dira Baionan, 'Orain Presoak' manifestazioan. Parisi eskatu diote elkarrizketari edukiekin berrekiteko. Ipar Euskal Herriko auzapezen %65ek babestu dute martxa. Bideoa albistearen amaieran.

Hainbat herritar euskal presoen argazkiekin, atzo, Baionan. BOB EDME.
Maider Galardi
Baiona
2019ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
«Bake prozesu bat ezin daiteke alde bakarretik soilik eraiki, denen inplikazioa eskatzen du». Hala nabarmendu zuen Anaiz Funosas Bake Bideko bozeramaileak, atzo, Baionan, Orain Presoak manifestazioaren amaiera ekitaldian. Izan ere, euskal presoen eskubideen aldarria egiteaz gain, manifestazioak bazuen bestelako helburu bat: Paris lohasmatik ateratzea eta Frantziako Gobernuari eskatzea aferako elkarrizketei edukiekin berrekiteko. Babes zabala izan du eskakizun horrek; «plurala», antolatzaileen esanetan: Ipar Euskal Herriko 102 auzapezek izenpetu zuten deialdia, hainbat gazte antolakundek bat egin zuten mobilizazioarekin, eta kultur arloko kide ugari ere izan ziren bertan. Guztira, 9.000 lagun batu ziren Baionan, antolatzaileek esan dutenez.

17:00etarako betea zen Errepublika plaza. Orduan abiatu ziren joaldunak San Izpirituko zubian barrena, bidea irekitzeko. Alde banatan zen jende andana, manifestazioburua noiz pasatuko. Mobilizazioa hasterako «Euskal presoak etxera», «presoak kalera», eta «amnistia osoa» oihuek hartua zuten Baiona. Pasatzen lehenak izan ziren kulturgileak: Amets Arzallus bertsolaria, Peio Ospital abeslaria, Eider Rodriguez idazlea eta Ximun Fuch antzerkigilea, tartean. Atzetik joan ziren Parisekin elkarrizketan ari den delegazioaren ordezkariak, hautetsiak, presoen senideak eta gazte taldeak.

Frantsesez idatzita zegoen elkarrizketetan ari den delegazioak zeraman pankarta: Bakea Euskal Herrian. Orain presoak. Han ziren Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza eta Euskal Elkargoko lehendakaria, Mixel Berhokoirigoin bakegilea, eta Max Brisson eta Denise Saint Pee senatariak, besteak beste. Haien guztien eskakizuna oholtza gainera eraman zuen Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezak eta Euskal Elkargoko lehendakariordeak, mobilizazioaren amaiera ekitaldian: «ETA desegin zelarik, argi eta garbi ikusi zen Euskal Herriak bere historiaren ziklo berri batean sartzeko borondatea zuela, baina konpontzear gelditzen da presoen egoera eta biktimen estatusa».

Hain zuzen ere, Funosasek eta Berhokoirigoinek oroitarazi zuten Frantziako Justizia Ministerioarekin harremanetan hasi zirenetik egindako aurrerapausoak «positiboak» direla: «Presoen bi herenak hunkitu ditu elkarrizketak», azaldu zuen Funosasek. Guztira, 25 preso hurbildu dituzte Euskal Herrira —Lannemezan eta Mont-de-Marsan espetxeetara (Okzitania)—, eta 22ri kendu diete DPS neurri berezia. Edonola ere, ohartarazi zuten «mugimendua gelditua» dela: «Ez dugu ez ulertzen ez onartzen».

Ezenarrok ere ohar egin zion Parisi: «Eztabaida horietan konfiantza osoa zelarik, estatuak ez die preso batzuei onartu nahi gainontzeko presoei aplikatzen zaizkien hainbat eskubide». Hain justu, aste honetan aitortu du Nicole Belloubet Justizia ministroak euskal presoen hurbilketak egin direla, baina orain «dosier delikatua» dutenen kasuak aztertu behar dituztela, eta horrek prozesua mantsotu duela.

«Soilik eskubideak eskatzen ditugu», azaldu zuen Ezenarrok: «Presoei zuzenbide arrunta aplikatzea besterik ez». Berhokoirigoinek zehaztu zituen eskaera horiek zeintzuk diren: salbuespen neurriak kentzea, urrunketa eta bakartzea amaitzea, gaixo larri diren presoak askatzea, andre presoen auziari heltzea eta espetxean 29 urte daramatzaten Frederic Haranburu Xistor, Jakes Esnal eta Jon Kepa Parot baldintzapean aske uztea.

Hortaz, Frantziako Estatuko legedia aplikatzeko eskatu zuten atzo Baionan bildutakoek, eta Parisi ohartarazi zioten prozesuarekin aurrera segitu behar duela. Lan horretan gizarte zibilak izandako garrantzia azpimarratu zuten, eta Ezenarrok «elkargoaren izenean» eskerrak eman zizkien martxan bildutakoei ia hamar mila lagunei.

Elkargoa eta hautetsiak

Hain zuzen ere, atzo, Euskal Elkargoko ordezkaritza zabala izan zen, eta Leonie Agergarai Muskildiko (Zuberoa) auzapezak hitz egin zuen hautetsien izenean: «Bakea ez da alderdi politiko baten edo beste baten jabetza, muga horiek gainditzen ditu, ororen beharra du, bakea unibertsala da». Sostengu horren adierazgarri, Ipar Euskal Herriko auzapezen %65ek babestu zuten mobilizazioa. Horiek ere egin galdegin zieten Parisi eta Madrili bake prozesuan engaiatzeko: «Elkarrizketari atea beti zabalik izan dezaten eskatzen diegu, eta preso direnei legea aplikatzeko», azpimarratu zuen Agergaraik.

Aniztasunaren aldarri egin zuen Berhokoirigoinek: «Bake iraunkorra eraikitzeko ezinbestekoa da alde desberdinek parte har dezaten. Denona da ardura». «Aniztasuna da gure indarra», gehitu zuen Funosasek.

Biktimen mina, gogoan

Edonola ere, euskal presoen eskubideen alde egitea ETAren biktimak iraintzea ez dela esan zuen Funosasek, eta, gainera, biktimak ezin direla «hierarkizatu» oroitarazi zuen: «Gatazkaren bihotzean izan dira eta konponbidearen bihotzean dira».

Gainera, nabarmendu zuten «momentu historikoa» dela egungoa, «azken 80 urteetan Euskal Herriak ez baitu bakerik ezagutu». Prozesuarekin «urrunago» joateko eskatu zuten, eta «presoen gaia betiko konpontzeko». Justizia trantsizionala abian jartzeko ere exijitu zuten. Horretarako, baina, elkarrizketari berrekitea ezinbestekoa da, eta Parisi eskatu diote bide orri bat zehazteko: «Konfiantzaren haria berriro lotu behar da».

[youtube]https://youtu.be/a0CsWDboL2Y[/youtube]

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.