Naiara Goia Imaz (Segura, Gipuzkoa, 1978) joan den irailean aukeratu zuten Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiko zuzendaria izateko; hortaz, lehenengo urratsak baino ez ditu egin ardura berrian, baina oso argi dauka zein izan behar duen Arantzazu Gaur Fundazioak bultzatutako egitasmo honen eginkizuna.
Goia berrikuntzan aditua da,eta hogei urtez aritu da proiektu estrategiko konplexuen koordinazioan eta jakintza alor askotako pertsonen zuzendaritzan. Azken urteotan, Mondragon korporazioan aritu da lanean, kooperatiben sarean berrikuntza sustatzen. Arantzazuko santutegiaren ondoan dagoen Gandiaga topagunea izango du aurrerantzean lantoki, eta handik erantzun die BERRIAren galderei.
Zer da Gizarte Berrikuntza Laborategia?
Gizartearen erronken inguruan hausnartu, esperimentatu, ikertu, proiektuak partekatu, entzun, ikasi eta ezagutza zabaltzen duen elkargune bat da. Normalean, horrelako laborategi baten ezaugarriak izaten dira elkarlana, erronka global eta konplexuen ikerketa, esperimentazioa, sozializazioa eta gizartegintza. Gure kasuan, azken helburua da gizarte justuago, kohesionatuago, lehiakorrago eta, azken finean, gizatiarrago bat lortzea, Arantzazuko tradizio historikoarekin bat eginda.
Ez zaudete bakarrik zeregin horretan.
Gipuzkoan, adibidez, badaude beste ekinbide batzuk, lurraldearen etorkizuneko erronka horiei erantzun bat eman nahi dietenak, eta gehienak gobernantza eredu berriak bilatzera bideratuta daude administrazio publikoaren eta gizarte antolatuaren artean. Hor gelditzen zen aintzat hartu gabeko espazio bat, alegia, agenda politiko berrian herritarrek duten inplikazio eta parte hartzea. Laborategiak esku hartuko du hor.
Geroz eta eten handiagoa dago pertsonen eta erakundeen artean, eta laborategiak herritarren alderdi hori landu beharko luke.
Zeintzuk izango dira laborategiaren jarduera esparruak?
Ingurumena eta gizartegintza ardatz izango dituen proiektu eraldatzailea izan nahi du laborategiak, eta horretarako lau gai ditu jomugan: elkarbizitza, lana, trantsizio ekologikoa eta ongizatea, eta lau esparru horietan euskal gizarteak izan ditzakeen arazoak eta beharrizanak abiapuntu gisa hartuta, soluzio eta erantzun berritzaile bila abiatuko da.
Horretarako partaidetza prozesuak garatuko ditugu, herritarrak zein erakundeak ahaldunduz, eta lankidetza sareak osatuz udalerri, enpresa, elkarte eta tokiko eragileen artean. Ikastaroak, kongresuak, jardunaldiak eta hitzaldiak antolatzeko asmoa ere badago. Pertsonak erdigunean jarrita, elkarri entzun eta elkarrekin ikasteko gunea izan nahi dugu.
Erantzun «berritzaileak» bilatuko dituzuela esan duzu. Hori da laborategiaren ezaugarri nagusia?
Laborategiaren ezaugarrietako bat da esperimentatze aktiboa, bestela ez litzatekeelako laborategi izango. Aurrean ditugun erronkak globalak dira, baina tokian tokiko dimentsio sozial, kultural eta ekonomikoa kontuan hartuta bilatu behar zaie erantzuna.
Dinamika berriak eta lan egiteko modu berriak aktibatu behar dira nahitaez. Esperimentazioak eta arriskua hartzeak prozesuaren parte izan behar dute. Gizarteari entzuteko modu berriak bilatu behar dira.
Hortaz, laborategia gogoeta eta eztabaida teorikorako gune bat izango da? Edo zeregin praktikoak ere izango ditu?
Gogoetatik harago, laborategiak baditu helburu zehatz batzuk: sareak sortzea askotariko eragile eta pertsonekin, hemengoak zein kanpokoak; irekiera eta nazioartekotzea, beste ereduetatik ikasteko eta gure eredu herrigilea erakusteko ere; eta ikerketa ausartak, berritzaileak eta sendoak abiaraztea. Lan horretan, unibertsitatearen parte hartzea gakoa izango da.
Zein izango da laborategiaren jardueraren esparru geografikoa?
Proiektu hau Arantzazun eta Gipuzkoan sortu da, baina herri proiektua izateko bokazioa dauka. Elkarlanaren zati bat izango da [Euskal Autonomia] Erkidegoko zein Euskal Herriko beste erakunde eta instituzioekin harremanak hastea, sendotzea, konfiantzazko esparru bat sortzea, Arantzazu bihur dadin guztiontzat intereseko diren proiektuen topagunea.
Arantzazu Gaur Fundazioak sustatzen du laborategia. Zer da Arantzazu Gaur?
2008. urtean sortu zen, eta. gaur egun. Arantzazuko Frantziskotar Probintziak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Oñatiko Udalak, Mondragon korporazioak eta Kutxa Fundazioak osatzen dute. Funtzio nagusia da Arantzazu sustatu eta biziberritzeko prozesuak bultzatzea, kudeatzea eta koordinatzea. Gandiaga topagunearen kudeaketa ere badarama. Orain laborategia bihurtuko da fundazioaren ardatz eta jarduera nagusi, eta bestelako ekinbideak bertan txertatuko ditugu.
Sinbolikoki, Arantzazuk oso esangura berezia izan du euskal herritarren iruditerian. Nola uztartzen da proiektu berri hau Arantzazuko espiritu horrekin?
Erabat uztartzen da. Arantzazun badira hainbat elementu berezi, esaterako, gure herrian duen balio sinbolikoa eta bere izaera politikoa ere. Espiritualitateari eta erlijioari loturiko gune garrantzitsua da, baina, bestalde, beti izan da leku berritzaile eta eraldatzailea, euskararen, artearen, literaturaren, pentsamenduaren edo musikaren arloan, eta, gainera, askotariko jendea erakarri du: sentsibilitate eta aukera desberdinak zituzten jendeen topagune izan da. Laborategiak jarraipena eman nahi dio espiritu horri, eta gure herriari baliozkoa den ekarpen bat egin.
Zuk eskarmentu handia bildu duzu gizarte berrikuntzaren arloko egitasmoak garatzen, baina oraingo ardura hau berria da zuretzat. Zer-nolako aldartez ekin diozu zeregin berriari?
Erronka handiak dituen proiektua da, anbizio handikoa, berritzailea, eragile askoren adostasunetik sortu dena eta herri proiektua izateko bokazioa duena. Nik ilusio handiarekin, erabat motibatuta eta indartsu ekin diot. Ohore bat da proiektu hau gidatzeko aukera izatea.
Zehaztu al duzue zeintzuk izango diren datozen asteetan egin beharreko lehenengo lanak?
Aste gutxi dira hasi ginenetik baina jadanik buru-belarri ari gara lanean. Marko estrategikoa zehazten hasi gara, eta urte bukaerarako izango ditugu datozen urteetarako lan ildo nagusiak.Lan taldea ere osatzen hasi naiz, laborategia martxan jartzeko lehenengo inbertsio eta egokitzapen batzuk egiten hasi gara.Gero, geure burua aurkezten eta herriko eragileekin harremanetan ere hasi gara, batzordean ere martxan jarri ditugu, komunikazio plan estrategikoa ere abian dugu eta abar. Lan handiko hasiera da.
Naiara Goia. Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategia
«Elkarri entzun eta elkarrekin ikasteko gunea izan nahi dugu»
Gizarte berrikuntzaren arloan lan egin nahi du Arantzazu Gaur Fundazioak sorturiko laborategiak, «lankidetza» lanabes eta euskal gizartearen arazoei «soluzio eta erantzun berritzaileak ematea» xede.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu