Elkarri begiratzeko ariketa baten kronika

Gogoan elkarteak antolatuta, Joseba Urrusolo euskal preso ohiak eta Maixabel Lasa ETAren biktimak 'Langraiz bidearekin' izandako esperientzia azaldu zuten atzo, Donostiako Koldo Mitxelenan. Biek azpimarratu dute «esperientzia positiboa» izan dela prozesua.

Urrusolo, Landaburu eta Lasa, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Maider Galardi
Donostia
2018ko urriaren 16a
00:00
Entzun
«Bake justu, duin eta egiazkoa bilatzea», asmo hori izan zuen Maixabel Lasa ETAren biktimak Langraiz bidean sartuta zeuden zenbait presorekin biltzea erabaki zuenean. «Elkarbizitza normalizatu bat bultzatzea» zuten asmoa preso horiek, Joseba Urrusolok azaldu duenez. Zazpi urte dira elkarri aurrez aurre begiratzeko ariketa hori abiatu zutela, 2011n, eta biek azpimarratu dute esperientzia «positiboa» izan zela. Atzo bildu ziren, Gogoan elkarteak antolatutako hitzaldian, Gorka Landaburu kazetaria gidari zutela.

«Askok zioten gure onura propioa bilatzeko egin genuela hautu hori, baina Langraiz bidea gure militantziaren parte da», argitu du Urrusolok. 1977an sartu zen ETAn, eta 1994an erabaki zuen aldentzea, ez baitzegoen taldearekin ados. 1997an atxilotu zuten, eta hemeretzi urte espetxean egin ostean, 2016an irten zen. Kartzelan hasi zen kide batzuekin gaiaz hitz egiten, baina harrapatuta sentitu zen bi aldeetatik: «Guk bi espetxe politika jasan behar izan ditugu. Batetik, estatuena: baldintza kaskarrak, urte askoko zigorra... Bestetik, ezker abertzalearena: ezin gradu aldaketa eskatu, ezin espetxean lanik egin...».

Maixabel Lasak balioa eman die preso horien norabide aldaketari: «Beren giroan heroi zirenak traidore bilakatu ziren. Hiltzaile moduan deseraiki behar izan zuten beren burua». Hain justu, Eusko Jaurlaritzako Terrorismoaren Biktimen Bulegoko zuzendari zela izan zuen pertsona horien asmoen berri, eta zenbait biktimarekin elkartu ostean erabaki zuen bere senarra Juan Mari Jauregiren hilketan parte hartu zuen Luis Carrasco presoarekin elkartzea: «Pentsa zer-nolako egoera. Espetxera joan nintzen bizkartzainekin eta bitartekariarekin hizketaldia izatera». Hiru orduz izan ziren hizketan, eta, espetxetik irtetean, «pisu bat gainetik kenduta» sentitu zen. Aitortu du, hala ere, bazegoela biktimen artean errezelo bat, preso horiek ea onurak izango zituzten horrelako saioetan parte hartzeagatik.

«Ez da egia onurak genituela», azpimarratu du Urrusolok; «oraindik 30 urteko zigorrak genituen». Ohartarazi du erantzukizun etiko eta moralari buruzko gogoeta egiten zutela: «Hausnartu genuen ez zegoela ongi hilketak egin izana, baina ezta torturatu izana ere, adibidez».

Horregatik, Lasak uste du bide hori hartutakoak giltzarri izan daitezkeela eskoletan azaltzeko zein izan ziren, zer egin zuten eta zein ondorio atera duten. Horregatik, PPren gobernuak Langraiz bidea eten arren, urrats hori egindakoekin harremana mantendu du, Langraiz bidea presoei gizarteratzen laguntzeko prozesu bat dela ere uste baitu: «Edozein espetxe politikaren helburuak gizarteratzea izan behar du, etaedonork merezi du beste aukera bat». Norberak bere bidea egitea eta gizarteratzea orain EPPK-ko presoak hori egiten ari direla azpimarratu du Urrusolok ere, baina ohar egin du: «Hamar urte beranduago hasi dira bidea urratzen, baina baldintza kaskarragoetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.