Elkarri begiratzeak duen indarra

Glencree esperientzian parte hartu zuten Axun Lasak eta Patxi Elolak; hala, biktima guztiak aitortu beharra plazaratu dute Bakeolak antolatu duen Biktimintegian. Ekitaldiak beraiengan zer aldaketa eragin duen azaldu dute.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2013ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Asko eta askotarikoak dira gatazkak urteetan eragin dituen biktimak, eta biktima bihurtu zituzten indarkeria moten arabera banatuta egon dira historikoki. Elkarrengandik urruti. Elkarri begiratu gabe. Gizartearen aldetik ere ez dute aitorpen orokorrik izan, eta horrek beste min bat gehitu diela ohartarazi dute. «Guk ere aitortuak izateko dugun beharra ikusarazteko sentitu dudan premiagatik etorri naiz hona», azaldu du Axun Lasak, GALek bahitu, torturatu, hil eta karetan lurperatu zuen Joxean Lasaren arrebak, Bakeolak antolatutako Biktimintegian.

Jatorri askotako biktimek 2007an abiatu zuten Glencree esperientzia, eta elkarrengana gerturatu eta elkar aitortze horretan bidea egiten hasi zen. Jatorri askotako biktimak batu zituen. Besteen bizipenak aurrez aurre entzun eta sentitzeak, besteen sufrimendua norbere egitea lortu zuen. «Zaila» izan zela aitortu du Lasak. Baita Patxi Elolak ere. Elola eta Lasa biktimek bizikidetzari egin diezaioketen ekarpenari buruzko mintegian elkarren ondoan eserita egon dira. «Ez nuen beste sentsibilitate bateko jendearekin bildu nahi». PSEren zinegotzi da Elola Zarautzen (Gipuzkoa), eta urteetan jasan ditu mehatxuak eta jazarpena.

Esperientzia haren aberastasuna goratzerakoan bat egiten dute biek. Ordura arteko ikuspegia goitik behera aldatu zien. «Bestearen mina aurrez aurre entzutean zure minarekin batzen da, eta oso lotura sakona sortzen da». Orain, beste edozein biktimaren esperientziak entzunda «berekin sufritzen» duela dio. Bat egitea erabatekoa dela. «Batak bestea entzutea izan zen giltza».

«Ona da jarrerak hurbiltzeko batzea. Ez bagara esertzen, ez gara gerturatuko». Esperientzia berritzaile hark eman zuena agerikoa dela dio: «Oso argi geratu zen biktima guztiak berdinak garela eta minak batzen gaituela».

Bost urteko lan hark erabat hurbildu zituen alde guztietako biktimak. Jauzi handia egin zuten adiskidetzean. Baina politikariek, eta gizarteak oro har, ez dutela oraindik urrats hori egin ohartarazi du Lasak: «Mindu egiten nau ETAk bere jarduna amaitu zuenetik bi urte igaro direnean egoera gogor honetan jarraitzeak, ideologia desberdineko politikariak bake proiektu baten inguruan batzeko gai izan gabe jarraitzeak». Horrenbeste sufritu dutenak gai izan badira, gainontzekoek ere izan behar dutela uste du. Elkarbizitzarako lanean murgil daitezela eskatu die, bai politikariei, bai herritarrei.

Gizarteak, minduta

Biktima gisa aitortua ez sentitzearen zauria ere puri-purian du: «Gizartearen zati handi batek minduta sentitzen naiz, nigan eragindako mina ez zaidalako aitortu». Anaiari egin ziotenagatik dago zaurituta, baina baita berak bere larruan jasan zuenagatik ere. «Oso minduta nago ez zaidalako aitortu komisarian torturatu nindutenean eragin zidaten muturreko sufrimendua». Eta badaki ez dela bakarra: «Zenbat pertsona gehiago daude minduta ETAren terrorismoaren biktima eta estatuko aparatuen terrorismoaren biktima izanik aitorpen hori izan ez dutelako?». Alde bakoitzak bere gertukoak soilik aitortzen jarraitzen duela salatu du.

Lasak aitortu du berak ere bizitzan izan dituen hainbat jarrerarekin zenbaiten zauriak sakonduko zituela pentsatzen duela. Barkamena eskatu die horregatik eta babesik ez azaltzeagatik. «Eta aukera hau baliatu nahi dut ETAren biktimei esateko benetan sentitzen dudala».

Horiek guztiak esanda, biktimak «bandoen arabera» ez sailkatzeko eskatu die herritarrei zein komunikabideei. «Utz ezazue albo batera politika guri buruz ari zaretenean». Hori lortzen denean eta biktima guztiak aintzat hartzen direnean lasaitua hartuko dutela adierazi du, sinetsita baitago elkarbizitza gertuago egongo dela.

Elolak, politikariek bakegintzaren eta elkarbizitzaren inguruan egiten dituzten ekinbideen helburuei buruzko zalantzak plazaratu ditu. «Asko ugaritu dira, eta susmoa dut helburu politikoekin gehitu direla; kasu batzuetan, historiaren beste aldea ez aitortzeko, eta, besteetan, aurrera egiteko asmorik ez dagoen arren, publizitatea egiteko. Elkarbizitza ez du plan batek lortzen; eguneroko lanaren emaitza da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.