Hizkuntza eskubideak jomugan

Elkarretaratzera deitu dute Laudion, hizkuntza eskakizunen gaineko epaia salatzeko

Larunbatean egingo dute, herriko plazan. «Eragile sozial eta politiko guztiei» bertan parte hartzeko eskatu diete Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak.

Irungo Udaltzaingoaren auzia salatzeko Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon egindako mobilizazioa, iazko maiatzan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko otsailaren 3a
10:37
Entzun

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak «elkarretaratze bateratua» antolatu dute, administrazioko hizkuntza eskakizunen afera batean Laudioko Udalak jaso duen kontrako epaia salatzeko. Larunbatean egingo dute, 12:30ean, Laudioko herriko plazan (Araba). Elkarretaratzean parte hartzera dei egin diete «eragile sozial eta politiko guztiei».

Haserrea eragin zuen herenegun ezagutarazitako epaiak euskalgintzako eragileen eta gizartearen zati handi batean; hura arrazoitzeko epaileak erabilitako argudioengatik batez ere. 2020an zegokion hizkuntza eskakizuna ez egiaztatzeagatik kaleratutako bitarteko funtzionario ohiaren alde egin zuen epaileak, argudiatuta udalak «diskriminatu» egin zuela eta ez zuela hartu euskararen zailtasun maila. Are, euskara «munduko hizkuntzarik zailenen zerrendan bosgarrena» dela zioen epaiak. Laudioko Udalak helegitea jarriko dio epaiari.

Atzo, hizkuntza politikaren alorrean 2021ean izandako argi-ilunak aletu zituen Euskalgintzaren Kontseiluak, eta, besteak beste, Paul Bilbao idazkari nagusiak «botere judizialaren oldarraldia» izan zuen hizpide. Epaia ere horren erakusle dela adierazi zuen. Halako erasoei «batasunez erantzutera» eta «hizkuntza politikak blindatzera» deitu zuen Bilbaok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.