Indarkeria matxista

Elkarretaratzeak gaur, Gasteizko hilketa salatzeko

12:00etan, Gasteizko Udalak deitutako protesta egingo da, eta, arratsaldean, mugimendu feministak antolatutako elkarretaratzea

arantxa iraola
2023ko maiatzaren 29a
10:27
Entzun

32 urteko andrazko bat, Gasteizen sortua. Euskal Herrian aurten jazo den bigarren hilketa matxistaren biktima da. Atzo aurkitu zuten, Gasteizko apartamentu hotel batean. Ondoan bere umetxoa zuen, hiru bat urtekoa. Hura bizirik aurkitu zuten amaren ondoan, eta, erietxean egin zizkioten azterketen arabera, bortxa zantzurik ez zioten ikusi. Atzo iluntzean atxilotu zuten andrearen bikotekide ohia, 34 urteko gizon bat, andrearen hilketa egotzita. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek atzo arratsaldean bertan eledunen batzordea bilera batera deitu zuten gaurko, hilketaren gaineko gaitzespena adierazteko. Ondoren, elkarretaratze bat egingo dute, 12:00etan. Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak, besteak beste, jakinarazi du bera ere bertan izango dela. Adierazpenak egiteko asmoa du.

Oharra ere atera du Emakundek. Hilketaren inguruko «gaitzespena» erakustera deitu ditu herritarrak. Halakoetan aktibatzen den protokoloa martxan dela esan du, eta atzotik koordinazio «estuan» dela inplikatutako gainerako erakundeekin. Jakinarazi du, era berean, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburu Nerea Melgosak parte hartuko duela gaur arratsalderako mugimendu feministak deitua duen mobilizazioan.

Hain zuzen ere, ilunabarrerako du egina mugimendu feministak protestarako deia. 19:00etan elkarretaratzea egingo dute, Andre Maria Zuriaren plazan. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak ohar bat atera du hilketa gaitzesteko. Biktimaren babesgabetasuna salatu du. «Orain dela gutxi arte, Valentzian bizi zen; muturreko arriskuko biktima gisara katalogatuta zegoen, eta haren hiltzaileak urruntze agindua zuen ezarria. Halere, antza denez, Euskal Herrira bueltatu zenean, joan den astean, Ertzaintzak oinarrizko kategoriara jaitsi zion arrisku kategoria», adierazi du. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak oraindik ez du baieztatu biktima egoera horretan zegoenik, baina hainbat hedabidek kontatu dute hori.

Mugimendu feministaren ustez, biktima egoera horretan egoteak erakusten du indarkeria matxista amaitzeko «estrategia integral oso baten» falta dagoela. Azalpenak eskatu ditu. Eta ohartarazi du oso zaila izango dela antzekoak eragoztea sakoneko aldaketak egin ezean. «Bizitza bizigarrien aldeko apustu erradikal bat egiten dugu, indarkeriarik, arrazakeriarik eta gorrotorik gabea». Mundu Martxak deituta, bihar iluntzean egingo dituzte gaitzespen elkarretaratzeak Bilbon, Donostian eta Iruñean.

Arbuio mezuak

EAEko Arartekoak ere ohar bat atera du hilketa gaitzesteko. «Euskal gizartean atsekabe sakona sortu du asteburu honetan Gasteizen haurdun zegoen emakume baten kontra egin den krimen ikaragarriak. Ustez, bere bikote ohiak erail du, hiru urteko bere alabaren aurrean», adierazi du. «Irmo» gaitzetsi du hilketa eta erakundeei «babesa» eskatu die, bereziki hildakoa andrearen umetxoari laguntze egokia emate aldera.

Hauteskunde gaua zen atzo, eta Gasteizko alkategai guztiek gaitzetsi zuten hilketa, besteak beste. Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak eta Denis Itxaso Espaniako Gobernuak EAE Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak ere arbuioa erakutsi zuten jazotakoarengatik.

Aurreko hilketa matxista hilaren 16an gertatu zen, Orion (Gipuzkoa). Gizon batek bikotekide ohia hil zuen, eskopeta batekin tiro eginda, eta bere buruaz beste egin zuen. Kalean gertatu zen hilketa, arratsalde betean, jende asko ibiltzen den inguru batean, eta asaldura handia eragin zuen. Gaitzespen keinu ugari eragin zituen gertaera horrek ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.