Osasuna

Elkarretaratzeak egin dituzte Donostia ospitalean, Txagorritxukoan eta Gurutzetakoan, osasun publikoaren alde

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek deituta egin dute protesta, eta larunbateko manifestazioetara joateko deia zabaldu dute. Sektoreko mahaira joateko eskariari erantzun ez izana leporatu diote Osasun Sailari.

Sindikatuek deitutako protesta, gaur, Donostia ospitalean. ANDONI CANELLADA/ FOKU
edurne begiristain
2023ko apirilaren 20a
10:38
Entzun

Osakidetzako langileek protestak egin dituzte gaur goizean Donostia ospitalean, Txagorritxukoan eta Gurutzetakoan, lan baldintza «eskasak» pairatu behar dituztela salatzeko eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari «berehalako» irtenbideak eskatzeko. Salatu dute osasun publikoaren arazoak «egiturazkoak» direla eta berehalako «konponbide sakonak» behar dituztela, «osasun publikoa benetako lehentasun bilakatzeko».

Sindikatuek ohartarazi dutenez, agerian geratzen ari da Osakidetzaren egoera «larria», bereziki lehen arretan. «Argi dago Osakidetzak ez duela beste planik, murrizketak aplikatzen eta langileak estutzen jarraitzea baino». Gogora ekarri dute mahai sektorialeko sindikatuek maiatzaren 18rako eta 19rako grebara deitu dutela «egoeraren larritasuna», mahaiaren «blokeoa» eta Osasun Sailak «konponbiderik» aurkeztu ez izana salatzeko. Testuinguru horretan, gainera, sindikatuek bat egin dute larunbat honetarako Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek Bilbon, Donostian eta Gasteizen deitutako manifestazioekin.

Mahai Sektoriala eta plan estrategikoa
SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek adierazi dute Osasun Sailak ez duela borondaterik mahai sektoriala desblokeatzeko eta negoziazioari ekiteko. Apirilaren 3an, mahai horretara joateko eskaera formala igorri zioten sailari, baina sindikatuok salatu dute oraindik ez dutela erantzunik jaso.

Bestalde, adierazi dute komunikabideen bitartez jakin dutela Gotzone Sagarduiren sailak asteartean plazaratu zuen Osakidetzaren plan estrategikoaren berri. Ez hori bakarrik, salatu dute ez dela sindikatuekin eztabaidatu, eta «inposizioaren emaitza» dela. «Propaganda» eta «panfleto» itxura hartzen diote plan horri: «Hobekuntza planez mozorrotzen ditu Osakidetzak bere desegite neurriak». Uste dute plan horretan jasotako neurriek ez dietela heltzen Osakidetzaren benetako eta egiturazko arazoei, eta ez dituztela jorratzen funtsezko arazoak, hala nola langileen lan baldintzak hobetzea, profesionalak erakartzeko eta haiei eusteko beharra eta aurrez aurreko arta bermatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.