Koronabirusa

Elkarretaratzea, saltokien alde

'Denda guztiak ireki' lelopean, 200 pertsonatik gora bildu dira Miarritzen. Baimena izan edo ez izan, dendak eta komertzio txikiak abenduaren 1an irekiko dituztela iragarri dute.

Joana Ibargarai Leritza.
Miarritze
2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Komertzio txiki eta dendetako langile eta nagusiak hor ziren, baita haien sostengatzera etorritako ostalari batzuk ere. Azken asteetako aldarrikapen bera errepikatu dute, hirugarren aldia baita halako elkarretaratze bat antolatzen dutela. Jada mobilizatu ziren azaroaren 4an Baionan, eta Donibane Garazin azaroaren 7an. Atzo goizean, 200 pertsonatik gora elkartu ziren Miarritzeko Clemenceau plazan (Lapurdi), dendak irekitzea eskatzeko.

Serge Isteque Komertzioen Bulegoko lehendakariak oroitu zuen komertzio txikien egoera «latza» dela, eta jabeei azaroko alokairua urririk uztea eskatu zien. «Dendariek oxigeno pixka bat behar dute». Azpimarratu zuen estatuko laguntzak ukan aitzin denbora anitz pasa daitekeela, baina, kontrara, dendariari alokairua gibelera ematea fite egina dela. «Txeke bat fite egiten da».

Sebastien Carre Enpresa Txiki eta Ertainen Konfederazioko ordezkari nagusia da, eta hark ere bat egin zuen Istequek errandakoarekin. Denek dei egin zuten abenduaren 1ean dendak irekitzera, nahiz eta horretarako baimenik ez izan. «Posible da baimena emanen digutela, baina ez gara segur. Dena dela, jendeak nahiago du isuna pagatu, horrela egoteko partez».

Ostatu eta tabernentzat egoera «are larriagoa» dela uste du Baionan tabernari den Ramuntxo Dulong Xina-k. «Biziki zaila. Dendetako lagunen elkartasunez etorri naiz hona. Eguberriko eta, irekitzeko posibilitatea izan dezaten. Guk, ostalari eta tabernariek, ez dugu ezta esperantza hori. Aipatzen dute urtarrilean izanen dela irekiera. Hala bada, katastrofikoa izanen da. Hastapenetik estigmatizatuak gara, eta urte hondarreko bestak huts egiteak sekulako kalteak ekarriko dizkigu».

Hari beretik mintzatu da Maite Ospitaletxe. Miarritzeko kafetegi batean ari da langile gisa, eta erran du «izugarriko» beldurra duela. «Ari naizen lekuan, berez, neguan hetsirik egoten dira. Baina ez dakit zer bilakatu den afera, ez dakit berriz lan egiten ahalko dugun». Eta gehitu du arazoa «orokorra» dela, ez dela tabernez bakarrik mintzatu behar. «Nik, adibidez, maite dut jendea. Beharrezkoa zait jendearekin egotea, dantzatzea, mugitzea, airea hartzea. Ez dakit noiz arte irauten ahalko dudan egoera horretan. Nik, eta beste guztiek! Ez du iduri, bisaia kukutua du, baina gerra batean gara».

Gisa berean mintzatu da Jean-Pierre Istre. Ostalaritzako Industrien eta Lanbideen Batasuneko lehendakaria da, eta bera ere «kezkaturik» agertu da elkarretaratzean, batez ere tabernentzat eta ostatuentzat. «Manifestatzen gara, erakusteko gure lanbideak ez direla hil behar, ez dugula hil behar. Uda aski ongi joan da, eta beharrik, gehienak ez baikinen hemen izanen bestela... Baina badakigu ostatu anitz hetsiko direla. Abenduan irekitzen badugu, beharbada salbatuko ditugu batzuk. Ez badute hori baimentzen, katastrofikoa izanen da».

Claude Olive, Maider Aroztegi eta Jean Rene Etxegarai —Angeluko, Miarritzeko eta Baionako auzapezak— ere joan dira elkarretaratzera, sostengua erakusteko. Protestaren bukaeran, Jean Lassalle diputatuak ere egin du agerraldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.