Josu Uribetxebarria presoaren egoera larriagotzen ari zela ikusirik, Herrira mugimenduak herenegun premiazko deialdia egin zuen, Bilbon Giza eskubide guztiak. Euskal presoak Euskal Herrira lelopean manifestatzeko. Baina Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak debekatu egin zuen atzo goizean manifestazioa. Hori ikusita, Gernikako Akordioak elkarretaratze nazional bat antolatu du gaurko, 12:00etarako, Bilbon, Euskadi plazan. Deialdiaren berri atzo arratsaldean eman zuten Gernikako Akordioko hainbat ordezkarik, Donostiako Ospitaleko sarrera nagusiaren ondoan. Egoera normal baten lehen oinarrietako bat egungo espetxe politikaren amaiera dela nabarmendu zuen Gernikako Akordioak. «Uribetxebarria aske uzteko prozesua luzeegi jotzen ari da; ez dauka zentzurik», Maite Sarasua Gernikako akordioko eledunaren ustez. Elkarretaratzeko leloa Konponbide garaiada, preso gaixoak kalera izango da. Bitartean, Herrira mugimenduak bertan behera utzi du deitutako manifestazioa.
Herrira-ren ustez, debekua «zentzugabea» da. Izan ere, joan den larunbatean hark lelo berarekin deitutako manifestazioa inolako arazorik egin baitzen. Dignidad y Justicia elkarteak manifestazioa debekatzeko eskaera egin zion Auzitegi Nazionalari, baina Eloy Velasco epaileak atzera bota zuen eskaera «biltze eta manifestatzeko oinarrizko eskubidea bermatze aldera». Zortzi egun geroago, Santiago Pedraz epaileak kontrakoa ebatzi du, eta manifestazioa debekatu du. Pedrazek argudiatzen du orain manifestazioaren helburua legez kontrakoa dela: «ETA erakunde terroristako kide edo laguntzaile gisa kondenatua izan dena goraipatzea, hark egindako ekintza deliktiboak goraipatuz, babestuz edo justifikatuz eta, gainera, borroka armatua goraipatuz». Tesi horri eusteko, Pedraz epaileak Ertzaintzako Terrorismoaren Kontrako Dibisioaren txosten bat aipatzen du, non baieztatzen den Herrira mugimenduak antolatutako ekitaldiak «ETAren kideen omenalditzat» jo daitezkeela. Epaileak ez du zehaztasunik eman akusazio horri buruz. Aipatzekoa da Herrizaingo Sailak ez diola inolako eragozpenik jarri Herrira-ren manifestazioari. Joan den asteko manifestazioaren kasuan, Herrizaingo Sailak legezkotzat jo zuen, eta bakarrik ibilbidearen zati bat aldarazi zuen, Donostiako festen hasiera zela eta.
PP, «bakearen kontra»
Manifestazioan parte hartzeko deia egina zuen EH Bilduk. Goizean egin zuen agerraldia, martxa debekatu eta bertan behera utzi aurretik, Bilbon, Uribetxebarria «berehala» aska dezatela exijitzeko. Eta eskaera gaixo dauden beste hamahiru presoen kasuetara zabaldu zuen Maribi Ugarteburuk, koalizioaren izenean: «Josu Uribetxebarriaren inguruan gertatu dena sekula gertatu behar ez zenaren kronika da. Sekula berriro gertatu behar ez denarena».
Arrasateko presoaren egoera «larrialdi humanitariotzat» hartu du EH Bilduk, eta Espainiako Gobernuari egotzi dio errua. «Krudel» jardutea eta haren bizitzarekin «muturrerainoko jolas makabroa» egitea leporatu dio: «PPk erakutsi du bakearen kontrako abanderatua dela; sufrimenduaren apologia eta mendekuaren diskurtsoa astindu du. Jarrera hori, salagarria ez ezik, ulertezina da demokraziaren eta eskubideen ikuspegitik».
Ugarteburuk erantsi du agerian geratu dela estatuak ez dituela justizia eta legea berdintasunez aplikatzen. Haren hitzetan, mendekua «euskal preso politikoekiko politikaren ardatz» bihurtu du Mariano Raxoiren gobernuak. Ildo horretatik, «funtsezko» jo du gizarteak erantzutea eta mobilizatzea, «gaiaren larritasunaren kontzientzia hedatzeko».
Era berean, koalizioarentzat «txalogarria» izan da PSFko Ipar Euskal Herriko bi diputatuen atxikimendua. «Ordea, faltan izan dugu antzeko jarrera humanoa eta maila politikoa PSE-EEn eta EAJn». Oinarrizko gaietan akordioak egiteko beharra nabarmendu du Ugarteburuk, «siglen gainetik». «Eta pertsona guztien oinarrizko eskubideen errespetua gai ardatza da, noski. Euskal Herriko egoera berriak politika konpromisoz eta maiuskulaz egiteko eskatzen digu, fribolitateak alde batera utzita».
Brian Currin abokatua eta Harremanetarako Nazioarteko Taldearen sustatzailea Uribetxebarria eta larri dauden gainerako presoak askatzearen alde agertu zen atzo, Barne Ministerioak hirugarren gradua onartu duela jakin ondoren. «Lehen pausoa da hura askatzea». «Gure ustez, Espainiako Gobernuak urrats esanguratsuak egin behar ditu presoei buruz».
Euskal presoak
Elkarretaratzea egingo du Gernikako Akordioak Bilbon
Pedraz epaileak debekatu egin du preso gaixoak askatzearen alde Herrira-k gaurko deitutako manifestazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu