Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) lotzen dituen oinezko zubia irekitzeko eskatuko dute gaur eragile andanak, bi udalerriak batzen dituen Santiago zubian, 18:00etan. 2021eko urtarrilean, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak eman zuen mugetako zortzi pasabide hesteko agindua, eta ordutik ez dute berriz ireki, astelehenean izan ezik, Frantziako Tourra iragateko denboran barrerak kendu baitzituzten, asteartean berriz jartzeko. Jose Antonio Santano Irungo auzapezak eta Kotte Ezenarro Hendaiakoak gogor salatu dute egoera, eta Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroari idatziko diola jakinarazi du Ezenarrok.
Gaur, elkarretaratzea eginen dute eragileek, Elkartasunak Eraiki eta Mugak apurtu, zubiak eraiki! lelopean, inor ez dela ilegala aldarrikatzeko. Hauek dira deialdia egin dutenak: Bidasoa Etorkinekin, Irungo Harrera Sarea, Diakite-Etorkinekin federazioa, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Bagera, SOS Arrazakeria, Bizi, LAB, FSU, Solidaires, EH Bai, EELV, NPA eta Mugak Zabalduz karabana. Horrez gain, EH Baik mozio bat aurkeztuko du Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren kontseiluan. Muga itxia atxikitzeak migratzaileak «arriskuan» ematen dituela erranen dute Annie Povedak eta Iker Elizaldek, eta laguntza ekartzen duten eragileek pairatzen duten «errepresioa« salatuko dute.
«Onartezina»
Santanok eta Ezenarrok asteartean esan zuten «onartezina» dela zubiaren itxiera, eta gehitu egoera salatzeko «aldarrikapen sozial eta politikoak» egiten jarraituko dutela, ez baitute ulertzen Frantziako Gobernuaren jarrera. «Bidasoa gaindiko muga honetan gertatzen ari dena zentzugabeko anomalia bat da XXI. mendeko Europan, eta ez dugu pertsonak pasatzea galarazten jarraitzeko justifikaziorik; are gehiago, 500 kilometro luze den mugan halako kasurik ikusten ez dugunean», egin zuten bat.
Irungo zein Hendaiako udalek zubia irekitzeko hainbat eskaera egin dituzte 2021etik. Horregatik,gogor kritikatu zuten Tourra igaro eta berehala berriz ixtea, «erantzuteko tarterik» utzi gabe. Izan ere, Santanoren iritziz, bi udalerrien arteko harremanak «oztopatzen» ditu erabakiak: «Irungo eta Hendaiako bizilagunak mintzen ditu».
Elkarretaratzea eginen dute Irun eta Hendaia arteko zubia ireki dezaten
Migratzaileen eskubideen aldeko eragile andanak bat egin du deiarekin. Santanok eta Ezenarrok «onartezintzat» jo dute egungo egoera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu