Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) lotzen dituen oinezko zubia irekitzeko eskatuko dute bihar eragile andanak. 2021eko urtarrilean, Pirinio Atlantikoetako prefeturak eman zuen mugetako zortzi pasabide hesteko agindua, eta ordutik ez dute berriz ireki, astelehenean izan ezik, Frantziako Tourra iragateko denboran barrerak kendu baitzituzten. Jose Antoni Santano Irungo auzapezak eta Kotte Ezenarro Hendaiakoak gogor salatu zuten egoera, eta Gerlard Darmanin Frantziako Barne ministroari idatziko diola jakinarazi zuen Ezenarrok.
Bihar, elkarretaratzea eginen dute eragileek, Elkartasunak Eraiki eta Mugak apurtu, zubiak eraiki! lelopean, inor ez dela ilegala aldarrikatzeko. Hauek dira deialdia egin dutenak: Bidasoa Etorkinekin, Irungo Harrera Sarea, Diakite-Etorkinekin federazioa, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Bagera, SOS Arrazakeria, Bizi, LAB, FSU, Solidaires, EH Bai, EELV, NPA eta Mugak Zabalduz karabana.
Horrez gain, EH Baik mozio bat aurkeztuko du ostiralean Pinirio Atlantikoetako Departamenduaren kontseiluan. Muga itxia atxikitzeak migratzaileak «arriskuan» ematen dituela erranen dute Annie Poveda eta Iker Elizaldek, eta laguntza ekartzen duten eragileek pairatzen duten «errepresioa« salatuko dute.