Bilboko Alde Zaharrean sexu erasoa egin ziotela salatu du emakume batek. Asteazkenean gertatu zen: bi gizonezko hurbildu zitzaizkion, eta ukituak egin zizkioten. Emakumeak, erasotzaileei aurre egin, eta ihes egitea lortu zuen.Erasoa gaitzesteko, elkarretaratze jendetsu bat egin zuten ehunka pertsonak atzo arratsaldean, Areatzan. Oihana Pascual Aste Nagusiko txupinera eta Gurutze Beitia pregoilaria bertan izan ziren, baita udaleko zenbait alderditako kideak ere. Gauerdian, berriz, musika eten eta lapiko jotze bat egin zuten txosnetan, Bilboko Konpartsek deituta, «indarkeria sexistarik gabeko Aste Nagusia» aldarrikatzeko.
Elkarretaratzean, Izaskun Madariaga Bilboko Konpartsen bozeramaileak hartu zuen hitza: «Autodefentsa da erasotzaileei aurre egiteko tresnarik onena». Madariagak «emakumeen aurkako biolentzia» amaitzeko aldarria egin zuen. Uste du horretarakobeharrezkoa dela «elkartasun sareak» sortzea. Herritarrei dei egin die emakumeen aurkako biolentziarekin «jarrera aktiboa» izateko: «Emakumeok jaiez eta toki publikoez gozatzeko eskubidea daukagu; geure gorputzaren eta askatasunaren jabeak gara.XXI. mendean biolentzia matxista onartezina da».
Bilboko jaietan genero indarkeriarekin lotuta jarritako bigarren salaketa da asteazkenekoa; igande goizaldean, gazte batek aurpegian jo zuen bere neska-lagun ohia, Bilboko Plaza Biribilean. Biak adingabeak ziren. Dirudienez, inguruan zeuden pertsonen artean menderatu zuten erasotzailea. Ondoren, Udaltzaingoak atxilotu egin zuen. Eraso hura salatzeko ere, Bilboko Konpartsek deituta, elkarretaratzea egin zuten, Arriaga plazan. Konpartsek salatu zuten beste hainbat «egoera salagarri» ere gertatzen ari direla Aste Nagusian.
Kezka Ezker Anitzan ere
Ezker Anitza-IU alderdiak «azkenaldiko biolentzia matxistaren gorakada» gaitzetsi du: «Abuztuan soilik Euskal Herrian izan diren kasuak zenbatzea kontaketa beldurgarria da». Mugimendu feministari, berriz, zorionak eman dizkio, genero indarkeriaren kasu bakoitza «agerikoa» izan dadin eta «errealitate gordina» ikusarazteko egiten duen lanagatik.
Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzaina izan dute hizpide: bere hitzekin «arduratsu jokatzeko» eskatu diote, duela bi aste Andre Mari Zuriaren eguneko mezan esandakoagatik. Gotzainak genero ideologia gaitzetsi zuen sermoi hartan, «familia eta ezkontza desegitea dituelako helburu». Ezker Anitzak adierazi du «sakonki atsekabetuta» dagoela Munillaren hitzekin: «Hain zuzen ere, genero ideologia da emakumeak aske egiten dituena, erabakiak hartzeko eskumena ematen dielako».
Bestalde, kargu publikoak dituzten hainbat pertsonaren «adierazpen lotsagarriak» salatu ditu alderdiak. Teresa Porras Malagako (Espainia) Alderdi Popularreko zinegotzia aipatu dute. Ezker Anitzako kideen iritziz, emakumeen janzkerak ez du esan nahi «sexualki eraso diezaieten» nahi dutenik, Alderdi Popularreko kideak iradoki zuen bezala. Kargudun publikoek «eredugarriak» izateko betebeharra dutela gaineratu dute. Alderdiak positibotzat jotzen dumobilizazioetara gero eta jende gehiago joatea.
Elkarretaratzea egin dute Bilbon, sexu eraso bat gaitzesteko
Emakumeak, erasotzaileei aurre egin, eta ihes egitea lortu zuen; festetako bigarren erasoa da.Ehunka pertsonak salatu dute jazarpena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu