Elkarrekin Podemos (EP) Pedro Azpiazu Ogasun kontseilariarekin negoziatzen ari da Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak onartzeko aukera. Atzo bigarren bilera izan zuten bi aldeek, eta EPk azaldu du «aurrerapenak» egin direla klima aldaketaren eta politika feministen inguruan. Koalizioko buru Lander Martinezek adierazi du «zati garrantzitsu bat» geratzen dela oraindik aztertzeko, baina akordioa «gertuago» dagoela.
Martinezen esanetan, politika ekonomiko eta sozialen atalean lortu nahiko dute orain adostasuna. Koalizioak jakin nahi du Jaurlaritza zein neurri hartzeko prest dagoen herritarrak eta enpresak krisi ekonomiko posible batetik babesteko. Haren iritziz, garrantzi handia duen gaia da: «Gobernuak aukera dauka, Elkarrekin Podemosekin ondo negoziatzen badu, pertsonak eta enpresak babestuko dituzten neurriak hartzeko».
Elkarrekin Podemoseko eledunak gobernuari eskatu dio neurriak har ditzala, Caritas elkartearen txosten baten arabera bazterketa egoeran dauden 300.000 herritarren baldintzak hobetzeko. «Ezkutu bat beharrezkoa izango da gazteentzat, familientzat eta enpresentzat. Izan ere, beste krisi bat etor daiteke», gaineratu du. Martinezek aurreratu du Jaurlaritzari proposatu dioten enplegu plana agian ez dela izango haiek nahi luketen tamainakoa, eta argitu du zerga erreforma baterako eskaria Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusietara bideratuko dutela azkenean.
Martinezek ez du zehaztu nahi izan zenbaterainokoak diren Jaurlaritzarekin dituzten desadostasunak, eta nabarmendu du «asko» gelditzen dela negoziatzeko oraindik. Azpiazurekin egingo duten hurrengo bilerak ez du egun jakinik oraindik, baina negoziazioak «pixkanaka eta diskrezioz» egitearen alde mintzatu da Elkarrekin Podemoseko eleduna.
Aurrekontu proiektuari osoko zuzenketa aurkezteko aukera ez dute guztiz baztertzen, oraindik «goiz» dela arrazoituz, baina ez dutela egingo ziurtatu dute, negoziazioek aurrera jarraitzeko itxura edukiz gero.
Azpiazuren sailak ere hitz egin du, bilera amaitutakoan. Adierazi dute koalizio moreak berriro ere erakutsi duela ez daukatela «marra gorririk» aurrekontuak negoziatzeko orduan.
Bileran Jaurlaritzako ordezkariez gain, Podemos eta Equo alderdietako kideak egon dira. Izan ere, Elkarrekin Podemos koalizioko hirugarren alderdiak, Ezker Anitza-IUk, aurreko astean adierazi zuen bere bi parlamentariek aurrekontuen aurka bozkatuko dutela. Horiek salatu zuten Jaurlaritzak ez duela kontu «garrantzitsuei» buruz hitz egin nahi EPrekin; kasurako, erreforma fiskalaz eta enplegu politikaz.
EH Bilduren kritikak
EH Bilduk egindako kritikei erantzuteko tartea ere hartu du Martinezek. Koalizio abertzaleak egotzi die beren babesa «merkatu» dutela, EAJk Espainian gobernua osatzen laguntzeko baldintzarekin. Elkarrekin Podemosek nabarmendu die beraiek egin duten proposamenak «anbizio handiagoa» daukala iaz EH Bilduk egin zuenak baino.
Bere koalizioak esandakoa berretsi du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile orokorrak. Ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak eta EPk dagoeneko lortu dutela 2020ko aurrekontuen akordioa. Haren ustetan, koalizio moreak lehentasuna eman die «Madrilen interesei», eta EAJren botoak eskuratu nahi izan ditu, Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatzeko. «Haientzat Madril da lehentasuna, eta hori kezkatzeko modukoa da», gaineratu du. Azkenik, esan du, Ezker Anitza-IUk aurrekontuei emango dien ezezkoari erreferentzia eginez, EPrentzat «zaila» izango dela esatea aurrekontu onak lortu dituztela, beren koaliziokide batzuek hori ukatzen dutenean.
Elkarrekin Podemosek «gertuago» ikusten du aurrekontuen akordioa
Lander Martinezek dio «aurrerapenak» izan direla nahiz eta oraindik zer negoziatu «asko» egon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu