"Norbere burua ekofeminista gisa aurkeztea ez dago mundu guztiaren esku". Hitz horiekin laburbildu du Miren Gorrotxategi Bizkaiko Elkarrekin Podemosek Espainiako Kongresuan duen diputatuak bere koalizioaren mezua. Ezkerraren esparruan egon daitezkeen beste aukeren aurrean eta, batez ere, Mas Paisek ekar diezaiekeen aurriskuaz jakitun, "hitzak baino gehiago egitateak" aurkeztu nahi izan dituzte, eta Kongresuan egindako lana aletu dute.
Gorrotxategirekin batera, Juantxo Lopez de Uralde Arabako diputatua, Pilar Garrido Gipuzkoakoa eta Roberto Uriarte Bizkaikoa agertu dira hedabideen aurrean. Lopez de Uralde oraintsu arte Equoko zuzendaritzako kidea ere izan da, eta alderdi ekologista Espainian Mas Paisekin batera aurkezteko erabakiaren gainean esan du "errespetatu" egiten duela, baina berak jarraituko duela Elkarrekin Podemosen barruan lanean, "koherentziagatik". Iragarri du ekologismoaren inguruan aritzen diren beste militante batzuekin batera "gune berdea" sortuko dutela koalizioaren barruan.
Gobernua eratzeko itunen inguruan, Uriartek esan du "lankidetzan eta elkarkidetzan" oinarritutako gobernu bat proposatu dutela beti, eta PSOEk, aldiz, "menpekotasunean" oinarritutakoa "inposatu" nahi izan dietela. "Gobernu batean, konfiantza elkarren artean eztabaidatzetik eta elkarrekin lan egitetik dator, ez inposiziotik", esan du, eta iragarri du "bipartidismoaren aroa" amaitu dela eta hurrengo gobernua "koalizio gobernua" izango dela.