Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ordezkatzen duen esparru politikoa indartu eta zabaldu egin nahi du Elkarrekin Podemosek, eta alderdiaren egituraketa sendotzeko prozesua abiatu du horretarako. Ezkerreko eremua bere egin nahi du alderdiak, Sumarrek zer egingo duen zain egon gabe eta harekin izan ditzakeen aliantzak aintzat hartu gabe. Izan ere, gogoeta prozesua hori Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetatik harago joango litzateke.
Euskadi Berria Eraikitzen izenpetu duen prozesu parte hartzailearekin, Podemosen xedea da gizartearekin eta herritarrekin «berriz ere konektatzea», Pilar Garrido Elkarrekin Podemoseko koordinatzaile nagusiak azaldu duenez. Izan ere, haren hitzetan, EAJk eta PSE-EEk ordezkatzen duten gobernantza eredua «agortuta» dago, eta aldaketarako abagune bat, «leiho bat», zabaldu da ezkerreko indarrentzat.
Horretarako, baina, Podemosek uste du ezinbestekoa dela oinarri eta printzipio «sendoak» dituen proiektu politiko bat eraikitzea, eta asmo horrekin jarri du martxan gogoeta prozesua. Prozesu irekia, gardena eta parte hartzailea izango dela ziurtatu du Garridok, «euskal ezker eraldatzailearen» esparruan gehiengoak handitzea eta aliantzak sustatzea helburu izango duena.
Lau ardatzetan oinarritu du bere proiektua: ekonomia eredua demokratizatzea; zaintza eskubidea bermatzea; zerbitzu publikoak indartzea; eta lurralde eredu berria adostea.
EH Bildurengatik bereizita eta Madrilgo erabakigunetik aldenduta egin nahi du hori Elkarrekin Podemosek. Izan ere, Garridok ohartarazi du aldaketa hutsala izango litzatekeela «hegemonia abertzale bat beste batekin ordezkatuko balitz». Egun Elkarrekin Podemosek ordezkatzen duen esparru ideologiko eta politikoa aldarrikatu du Garridok: «Gure esparrua funtsezkoa da eredu berri hori lortzeko».
Sumarri gonbita
Ildo horretan, Garridok funtsezkotzat jo du «erabakiak hartzeko autonomia» izatea. Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan errotua duen proiektua indartzea baita helburua, baina Espainiakorekin paraleloan joanda, hau da, bide beretik doazen bi proiektu balira bezala. Modu horretan bereizi nahi du alderdiak Sumar alderditik.
Garridok argi eta garbi adierazi baitu ez duela Espainiako Gorteetarako erabilitako formula bera errepikatu nahi Eusko Legebiltzarrerako bozetan. Are gehiago, «hutsegitea» izan zela iritzi dio: «Ikusi dugu eredu horrek hemen ez duela funtzionatzen». Eta gogorarazi du Sumar oraindik ez dela «deus» Madrildik kanpora, egituratu gabe dagoelako: «Sumar Lander Martinez da soilik Euskadin». Edonola ere, harekin harremanetan dela ziurtatu du, eta Elkarrekin Podemosek martxan jarritako prozesuan parte hartzeko gonbita egin diola erantsi du.
Gogoeta prozesua epe luzerako dela nabarmendu du Elkarrekin Podemosek, baina ezin da ukatu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek alderdiaren egituraketa horretan izango duten eragina. Garridok azpimarratu du Miren Gorrotxategik alderdiaren babes osoa duela lehendakarigai izateko, baina gogorarazi du primarioetan berretsi beharko dutela izendapen hori.
Elkarrekin Podemosen nahia da primario irekiak egitea hautagaitza bat aurkezten duten indar politiko guztien artean, balizko koalizioaren lehendakarigaia nor izango den aukeratzeko. Baina, hala ez balitz, Garridok aurreratu du dena prest dutela hautagaia alderdiaren barruan aukeratzeko. Gaur egun, Elkarrekin Podemosek 1.500 afiliatu inguru ditu, baina 9.000 inguruk dute izena emanda alderdiaren parte hartze prozesuetan parte hartzeko.