Elkarrekin Podemosek autogobernu lantaldea abian jartzeko eskatu du, errepublikari ateak irekitzeko

Miren Gorrotxategik uste du errepublikak «ezkerreko eredu politiko eta sozial bat» eraikitzeko era emango lukeela.

MirenGorrotxategirepublicavasca17febrero
Elkarrekin Podemosek errepublikaren aldeko ekitaldia egin du gaur, Irunen. EP
edurne begiristain
2024ko otsailaren 17a
13:05
Entzun

Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldea berriro abian jarri nahi du Elkarrekin Podemosek, «Euskadi errepublikanizatzeko». Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak esan du ezinbestekoa dela lantalde horrek errepublikari ateak irekitzea, era horretan «euskal herritarren eskubideak bermatzen dituzten tresnen kontrol publiko eta demokratikoa» bermatuko delako. Irunen (Gipuzkoa) egin ditu adierazpenok, alderdiak errepublikaren alde egindako ekitaldian.

Irungo Stadium Gal futbol instalazioen kanpoaldean bildu dira gaur Elkarrekin Podemoseko kideak, garai batean kontzentrazio esparrua izan zen tokian. Memoria berreskuratzeko toki garrantzitsua dela adierazi du Gorrotxategik, eta memoria «bestelako etorkizun bat» eraikitzeko ardatza dela erantsi. Elkarrekin Podemosek deituta, jardunaldi errepublikanoak egin ditu bertan; aurrez, Espainiako bigarren errepublikan zeresana izan zuten guneetatik paseoa eman dute, eta lore eskaintza bat egin diete biktimei. Han izan dira Pilar Garrido Ahal Dugu-ko idazkari nagusia, Rafa Mayoral Unidas Podemoseko diputatu ohia, David Soto Ahal Dugu-ko Antolakuntza idazkari eta legebiltzarkidea, kargu organikoak, instituzionalak, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako hautagaiak eta militanteak.

«Zer da errepublikanizatzea?», galdetu du Gorrotxategik ekitaldian. «Arau maila handienetik, gure legerik gorenetik, pertsonen ongizate materiala bermatzea», adierazi du. Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiaren ustez, eredu errepublikanoa Araba, Bizkai eta Gipuzkoako arau sistemara eramateko tresna Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldea da. Baina salatu du azken legealdian lantalde hori «erabat utzita» egon dela, eta EAJri eta EH Bilduri aurpegiratu die berriro martxan jartzeko interesik ez izatea.

Gorrotxategik nabarmendu duenez, «Euskadi errepublikanizatzea ez da 1978ko erregimenaren hirugarren hankarekin bat egitea, baizik eta benetan ezkerreko eredu politiko eta sozial bat eraikitzera ausartzea». Haren hitzetan, eredu horrekin eragotzi egingo litzateke enpresa handien interes pribatuek eskumenei eta erabakiei kalte egitea, hain justu ere «Hezkuntza Legearekin eta Trantsizio Ekologikoaren Legeekin gertatu ez den bezala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.