Alardeak

Elkarrekin Podemos-IUk Irungo alkateari eskatu dio aurten harrera egiteko alarde parekideari

Hiriko bandera ere desfile parekideari eman behar diola adierazi du, eta «urratsak» egin behar direla alardea berriz udalak antolatzeko

arantxa iraola
2022ko martxoaren 21a
13:37
Entzun

Prentsaurreko batean egin dituzte Irungo Elkarrekin Podemos-IU alderdiko ordezkariek alarderako eskeak. Ekainaren 30an izaten da San Martzial eguna, herriko festetako egun nagusia, eta orduan ospatzen da alardea. Aspaldiko aldarria da alarde publiko eta parekide bat egitea, hura lehenestea, baina andreak soldadu onartzen ez dituen desfilea da oraindik nagusia eta jendetsuena hirian, eta udalaren onespena jaso ohi duen bakarra. Gero eta pertsona gehiagok parte hartzen dute parte alarde mistoan, baina alkateak, esaterako, ez die inoiz harrerarik egin udaletxeko balkoian. Horregatik, alardearen «antolaketa» udalak bere gain hartu beharko lukeela argudiatuta, bide hori martxan jarri aurreko hainbat «eskari» egin dituzte gaur Elkarrekin Podemos-IUko kideek, eta badute garrantzia eskakizunek, udal gobernuko parte baitira egun, PSE-EErekin batera. Eusko Legebiltzarreko ordezkari David Sotok eta Eukene Lopez zinegotziak hartu dute hitza gaurko agerraldian.

«Errespetua» erakutsi diete alarde baztertzailean parte hartzen duten herritarrei, baina udalak alarde parekidea lehenesteko urratsak egin behar dituela adierazi dute. Legealdi honetan zehazki alardearen auzia aztertzeko mahai politiko bat martxan egon dela esan dute, eta horren abaroan sustatu behar direla aurrera urratsak. Bidea arinduz joateko keinu «sinbolikoen» artean aurten bertan hauek lortu behar direla adierazi dute. Aurrena, Irungo alkate Jose Antonio Santanori eskatu diote udaletxeko balkoian alarde parekideari ere harrera egiteko: «Bada garaia horretarako». Usadioa izaten da hantxe, udaletxeko arkupeetan, hiriko bandera alardeko ordezkariei ematea, eta aurten bandera hori alkateak alarde parekideari eman behar diola esan dute, ez baitio inoiz eman. Boto bat da jaiaren sorburua, azken urteotan izurriaren harira alarderik egin ez denez talde politiko guztiek batera parte hartu dute boto hori berritzeko ospakizunetan, eta aurten ere hori errespetatzea nahi dute. Eskari horiek betetzeaz gain, aktibo nahi dute alardearen inguruan eratutako mahai politikoa, urrats gehiago eginez joateko, eta udalak antolatutako alarde misto bat izateko helburu. Bide horretan, bi desfileen arteko «komunikazio bideak» irekitzeko eskea ere egin dute.

Hiriko herritarren erritmoak errespetatzeko prest daudela esan dute: «Ez du esan nahi alardea tradizionalak existitzeari utzi behar dionik». Baina udalak ezinbestean alarde parekidea lehenestera egiteak berebiziko garrantzia duela uste dute. Hizpide izan dute, baita ere, orain aste batzuk Irungo Udalak aurkeztu zuen ikerketa bat, hiriko andreei inkesta bat egin ostean ondutakoa, eta zeinak erakutsi baituen Irungo alardearen auzia bera indarkeria matxista pairatzeko motiboa izan dela emakume askorentzat. «Alardearen testuinguruan pairatu dituzte indarkeria edo eraso bortitzenak elkarrizketatutako hainbatek», ondorioztatu dute azterlan horretan. Udalak egindako ikerketa batean lehen aldiz jaso da errealitate horri, eta, horri atxikita, hiriko hurrengo berdintasun planean berariazko neurriak hartu beharko direla onartu dute gaur Elkarrekin-Podemoseko ordezkariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.