Apirilaren 21eko hauteskundeetara koalizioan aurkeztuko dira zenbait alderdi. Horietako bik hala jakinarazi diote gaur Hauteskunde Batzordeari: Elkarrekin Podemos eta Aliantza Berdea elkarrekin joanen dira, eta Sumar Mugimendua, Ezker Anitza-IU, Equo-Berdeak eta Mas Euskadi ere bai. Gauerdian bukatuko da koalizioen berri emateko epea. Horrez gain, Sumar marka erregistratu dute, aipatutako lau alderdien koalizioa izendatzeko.
Hilaren 13tik 18ra bitarte, alderdiek eta koalizioek beren zerrendak erregistratu beharko dituzte Hauteskunde Batzordean, eta 20an EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Beharrezko edozein aldaketa egin eta gero, batzordeak hautagaitzak jakinaraziko ditu martxoaren 25ean, eta hurrengo egunean argitaratu EAEko Aldizkari Ofizialean. Zerrenda horiek, baina, errekurritu egin daitezke hilaren 27an eta 28an, eta epaileak ebazpena emanen du hilaren 28a eta 30a bitarte. Auzitara jotzeko azkeneko aukera Espainiako Auzitegi Konstituzionala da, non martxoaren 29tik apirilaren 1era bitarte babes errekurtso bat eskatu ahalko den. Ebazpena beranduenez apirilaren 4an argitaratu beharko da.