Hedabideak. Hekimen elkartea

Elkarrekin, indartsuago

Elkartean bilduta, krisiaren eta erakundeen aurrean indar handiagoa izateko itxaropena dute hedabideetako arduradunek. Ilusioz eta itxaropenez hartu dute Hekimen, baina aitortu dute erronka handiak dauzkatela.

Donostia
2012ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Ilusioz eta itxaropenez hartu dute Hekimen elkartearen sorrera herri ekimeneko euskal hedabideek. Erakundeen eta krisi ekonomikoaren aurrean interes komunak defendatzea izango dute helburu nagusia. Elkarrekin indartsuago izateko asmoa bai, baina guztiek onartu dute erronkak badituztela; besteak beste, diru laguntzen auzia eta erakundeen publizitatea aipatu dituzte.

Donostian egin zuten Hekimen elkartearen aurkezpena, atzo, Koldo Mitxelena kulturgunean. Kide izango diren komunikabideetako ordezkariak bildu ziren ekitaldira. Jendaurrean elkartearen berri eman aurretik sortu zuten taldea bera. «Ospakizun eguna da», adierazi zuen Iban Arantzabalek, lehen presidente izango denak. Dituzten erronkak hartu zituen hizpide: «Aurrera begira, gauza asko ditugu egiteko: Internetek markatuko dizkigu hainbat gauza berri, baita teknologia berriek ere. Garrantzitsua da ikustea irakurleen kopurua nola ari den mugitzen alde batetik bestera; erronka handiak ditugu ikus-entzunezkoetan eta irratigintzan ere». Horri guztiari krisi ekonomiko betean erantzutea izango dute helburu: «Modu trinkoan horri erantzuna ematea egokitu zaigu. Guk emango diogu erantzun bat horri, eta elkarlan eske joango gara», azaldu du Arantzabalek.

Tokiko hedabideak dira elkartean bildu diren batzuk; bakoitzak bere esparrua du, baina uste dute elkartuta esparru zabalagoa jorratu ahalko dutela. Elkartea bera berritasuna da; horrelakorik aurrez ez dela izan eta sortzeko garaia bazela nabarmendu dute ekitaldian izan diren ordezkariek. Behin pauso hori emanda, itxaropentsu agertu dira komunikabideetako ordezkariak: euskarazko hedabideentzat garai berri bat hasi dela goraipatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.