Talde feminista gehienetan emazteak baizik ez dira biltzen. Alta, emazte eta gizonen arteko berdintasun irizpideak gizon eta emazte ugarik partekatzen zituztela ikusirik, PAF mugimendu feminista sortu zuten Baionan. Emazte eta gizonen arteko berdintasuna errealitate bihurtu nahi bada elkarrekin landu behar dela uste du PAF talde feministak. Horren karietara hiru eguneko topaketak antolatu ditu Baionan, mistotasunaren inguruan. Nathalie Riobe mugimenduko partaidea da hastapenetik.
Mugimendu feminista gehienetan emazteak biltzen dira, ez gizonak. Zergatik erabaki duzue mugimendu mistoa sortzea Baionan?
Feminismoaren balioak partekatzen genituen jende multzo bat bildu ginen. Gizonek bat egiten zuten gure ikuspegiekin, baina ez zuten parte hartzen mugimenduan, emazteen egiturak izanik, kanpoan sentitzen zirelako. Ideia feministen inguruan elkarrekin aritzea posible zela pentsatu genuen, eta horrela sortu zen PAF taldea, gizon eta emazteek osatzen duten talde feminista. Gizartea mistoa da, eta horretan mugimendu feministaren irizpideak aitzinatu nahi baditugu, guztion ekarpena egitea funtsezkoa izanen da. Historiari so eginez, emazteek haien artean biltzeko guneak behar zituzten. Eskubide guztiak ukatzen zizkieten. Aldarria bideratzeko, emazteen guneak funtsezkoak ziren. Aitzinamendu ugari egin dira, zenbait arlotan gibelera egin badugu ere. Baina gizartearen bilakaeran, pentsatzen dugu gizonekin lan egin dezakegula. Emazteen eskubideen alde borrokatzeko bidea ireki behar diegu gizonei. Elkarrekin gogoetatu behar dugu elkarrekin sortuko dugun gizarteaz.
Hain zuzen ere, Mistotasunaz gogoetatu da asteburu honetan antolatu duzuen herri unibertsitatearen leloa. Zer lortu nahi duzue?
Unibertsitatea da arlo teorikoa landuko baitugu, teorietan sakondu. Hori dela eta, Bordeleko eta Kataluniako hainbat adituren mintzaldiak antolatu ditugu. Bortizkeria aztertzen duen Behatokiko kide eta URCIDFFeko ikerlari Johana Dagornek mistotasunak eremu publikoan duen tokia aztertuko du. Larunbatean Arnaud Alessandrin soziologia doktoreak mistotasunaren kontzeptua aztertuko du, Queer teorian oinarrituta eta transexualen adibideak aztertuz.
Helene Meynaud CNRSko ikerlari eta soziologoak Aniztasuna eta feminismoa, finantza arloko kapitalismoaren gerripeko izeneko gaia jorratuko du arratsaldean. Elisabeth Massana Kataluniako El Tagram argitaletxeko arduradunak aztertuko du mistotasun kontzeptuak Espainiako Estatuan dituen zailtasunak. Maria Antonia Massanetek itxiko du gaualdia. Yves Raibaud geografoak gizon-emazteen arteko mistotasunak feminismoan duen tokia edo trataera aztertuko du. Baina jakitate edo teoria lanketa hori herritar guztien esku utzi nahi dugu. Topaketak herritarrak izatea da gure xedea, eta mintzaldi eta atelier guztiak urririk izanen dira. Baionako IUTaren egoitzan eginen dira, Paul Bert plazan. Seguruenik ez dugu galdera guztien erantzuna erdietsiko, baina galdera berriak sortuko dira, eta guztien artean landuko ditugu erantzunak.
Harremanik ba ote duzue gainerateko mugimendu feministekin?
Hainbat ekimenetan elkarrekin aritu izan gara. Ez da beti erraza. Puntu anitzetan bat egiten dugu, baina ez orotan. Emazteen munduko martxan parte hartu genuen. Mugimendu zabala izanik, arlo teknikoan edo antolaketan gure taldeko gizonek ez parte hartzea onartu genuen, baina presente ziren ekimen guztietan. Baina, ororen buru, kezka sortzen da, gure taldea mistoa delako oinarrian eta, nolabait, taldeko batzuk baztertuak sentitzen direlako halako antolaketen aurrean.
Mistotasun kontzeptuaren gibelean, zer dago, gizarteko arlo guztietan zeharka eragin eta feminismoaren ideia aitzinatzeko xedea?
Uste dugu emazteek bakarrik osatzen dituzten taldeetan sektoreko aldarriak aitzinatzen direla, baina nekezagoa da gizartean eragitea. Emazteen aldarria gizarte osoan zabaldu behar da, eta feminismoa arloz arlo zabaltzea, aitzinaraztea da gure xedea. Horregatik, feminismo klasikoaren ikuspegia arlo ezberdinetan landu nahi izan dugu topaketa hauetan. Arlo guztiak dira gizartearen parte, eta oro har aitzinatzeko guztietan eragin behar dugu.
Sexismoaren atalik ikusgarriena sexu jazarpena eta bortizkeria dira. Jende gutxi bildu zen bikotekideak Baionan hil zuen emaztearen heriotza salatzeko. Zergatik dago horren jende gutxi elkarretaratze klase horietan?
Usu gogoetatu dugu hortaz. Zaila da jendea mobilizatzea, bereziki Ipar Euskal Herrian. Baina sakonean uste dut jendea ez dela ohartzen errealitateaz. Gertakari larriak dira, delituak, hilketak. Gizarte patriarkal batean bizi gara, eta horren ondorio zuzena dira horrelako gehiegikeriak. Patriarkalismoak arrunta bihurtzen du sexismoa, egunerokoa. Iraina, mespretxua, gutxiespena, bortizkeria, hilketa... kate bat osatzen dute, eta hori da errotik moztu behar duguna.
Ez ote da mugimendu feminista bere lorpenen jasaile? Belaunaldi gazteek ez ote dute bazterrera utzi aitzineko belaunaldien dinamismoa?
1970eko hamarkadan garatu ziren mugimendu feministek lorpen handiak erdietsi zituzten. Urrats handiak egin ziren, baina, aldi berean, haien irudi sektarioegia bideratu du gizarteak. Jendeen buruetan feminismoa garai horiekin lotzen da. Garaiak aldatzen dira, eta hori kontuan hartu behar da feminismoaren aldarria aitzinarazteko. Jende anitzek uste du eskubide ugari lortu zirela eta horrekin aski dela. Faltsua da, ez delako berdintasuna lortu. Hainbat arlotan gibelera egiten ari da gizartea; adibidez, abortua egiten duten toki ugari itxi dituzte, amategiak ere ixten ari dira. Matxismoak eta sexismoak bertze bide batzuk hartu dituzte indarrean segitzeko.
Nathalie Riobe. PAF talde feministako kidea
«Elkarrekin gogoetatu behar dugu elkarrekin sortu nahi dugun gizarteaz»
Bigarren urtez, PAF talde feministak herri unibertsitatea antolatuko du Baionan. Mugimendu feministaren barnean andre-gizonak batera aritzeak ukan dezakeen eginkizunaz gogoetatzea da aurtengo xedea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu