Elkarrekin-ek errentarik apalenak babesteko zuzenketak aurkeztu dizkio EAJ eta PSEren zerga berrikuspenari

EH Bilduk osoko zuzenketa bat eta bederatzi partzial proposatu ditu Araban, eta negoziazioari atea irekita utzi dio.

Eneritz Madariaga Elkarrekin Podemoseko Bizkaiko batzarkidea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Eneritz Madariaga Elkarrekin Podemoseko Bizkaiko batzarkidea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko otsailaren 28a
13:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zerga berrikuspenaren eztabaida bete-betean, Araban eta Gipuzkoan EAJk eta PSE-EEk beste alderdiren baten babesa behar dute gaur egungo araudia berritzeko. EH Bilduk iragarri zuen hiru lurraldeetan osoko zuzenketak aurkeztuko zituela, eta gero Gipuzkoan eta Araban negoziatzen saiatuko zela; Bizkaian gehiengoa dute EAJk eta PSE-EEk. Gipuzkoan, EAJk PPrekin negoziazioak aurreratuak zituen, baina PSE-EEk esan du ez duela PPrekin negoziatuko. Horrenbestez, Elkarrekin Podemosekin akordioa lortzeko lanean ari dira. Eneritz Madariaga Elkarrekin Podemoseko ordezkariak gaur azaldu duenez, «bide onetik» doaz elkarrizketak.

Zuzenketak lau ardatz hauetan proposatu dituzte: etxebizitza; errenta baxu eta ertainei ematen zaien tratamendu fiskala hobetzea; gastu fiskala murriztea, bereziki BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeek jasotzen duten «tratamendu pribilegiatuagatik»; eta, azkenik, birbanaketa politikak, eta horrek esan nahi du errenta edo kapital handiena duten pertsonek eta enpresa handiek ekarpenak egin beharko lituzketela beren «benetako ahalmenaren arabera».

Kritiko dira EAJk eta PSE-EEk egindako zerga erreformarako berrikuspenarekin, haien ustez ez duelako sakoneko erreformarik proposatzen, eta zerbitzu publikoei eusteko bestelako eredu bat behar delakoan daude.

Dena den, negoziazioan murgildu dira, eta hiru batzar nagusietan aurkeztu dituzte zuzenketak: 46 Araban, 41 Bizkaian, eta 37 Gipuzkoan. Bizkaian akordioa behar ez izanda ere, harmonizazioaren alde egin dute, hiru lurraldeek bide berean egin dezaten.

Elkarrekin Podemos ados jartzeko prest dagoela esan du Madariagak: «Ikusiko dugu ea benetako borondatea dagoen foru gobernuen eta horiek sostengatzen dituzten alderdien aldetik herritarrek espero duten fiskalitatea adosteko».

zuzenketa nagusiak

  • Errentarik apalenak. Errentarik baxuenei eta 20.000 eurotik beherako soldata duten langile guztiei laguntzeko, proposatu dute, PFEZean atxikipenik ez izateaz gain, kenkarien onuradun izatea. 
  • Etxebizitza. Hainbat neurri proposatu dituzte atal honetan: gutxi batzuek etxebizitzak bereganatzea eragoztea, jabe handiei zergak igoz; etxebizitza erosteagatiko kenkaria ezabatzea erosketa berrietarako; errenta muga bat jartzea alokairuagatik kenkariaz baliatzeko; jabeei tratamendu fiskala hobetzea baldin eta etxebizitzak alokairuan arrazoizko prezio arautuan jartzen badituzte; erabilera turistikoko etxebizitzei pizgarri fiskalak kentzea; etxebizitza hutsei OHZren errekargua %150era igotzea.
  • Pentsio publikoak. Pentsio plan pribatu osagarriak dituztenei zerga onurak ezabatzea. Uste dute halako finantza produktuen zerga hobarien onuradun nagusiak errentarik erosoenak eta botere ekonomikoak direla. «Plan pribatuen onura fiskalek 800 milioi euroko murrizketa dakarkie urtero euskal kutxa publikoei, 800 milioi euro gutxiago zerbitzu publikoak hobetzeko», azaldu dutenez.
  • Banaketa irizpidea. Uste dute kapital errenten tratamenduak lan errenten bera izan behar duela. Bide horretan, zenbait proposamen dituzte: emakumeek lan errentetan hobari handiagoa izatea; lanaren eta kapitalaren errentei aplikatzen zaizkien karga tasak berdintzea; sozietateen gaineko zergan enpresek aplika ditzaketen kenkariei muga bat ezartzea; oinordetza eta dohaintzen gaineko zergan tributazioa handitzea; ondare sozietateei tasa handitzea.

EH Bilduren bederatzi zuzenketak

Araban, Eva Lopez de Arroiabe EH Bilduko Batzar Nagusietako eledunak gaur jakinarazi du EH Bilduren zuzenketek zer norabidetan joko duten. EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako ereduari osoko zuzenketa bat eta bederatzi partzial aurkeztu dizkiete, negoziazioari atea irekita uzteko «benetako erreforma fiskal baterako».

Lopez de Arroiaberen irudiko, «kenkari distiratsu baina ez-eraginkorren zerrenda bat» aurkeztu dute EAJk eta PSE-EEk, zeren, azaldu duenez, Araban 40 milioi baino gehiago biltzeari utziko bailitzaioke. Uste dute gaur egungo egoeran ezin dela diru bilketa murriztu, eta hainbat arrazoi zerrendatu ditu horretarako, nagusiak hauek: industriak erakundeen bultzada beharko duelako merkatuen ziurgabetasunarengatik, biztanleria zahartu ahala zaintza politika indartsuagoak beharko direlako, eta klima aldaketa dela-eta egokitzapen garrantzitsuak egin beharko direlako.

Diru gutxiago ez biltzeko, neurri hauek proposatu ditu: PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan kapital errentek lan errentekiko duten pribilegiozko tratua ezabatzea, eta PFEZean tarte gehiago gehitzea progresiboagoa izateko, eta enpresa handiek gutxieneko tasa bat ordaintzea lortzen dituzten mozkinetan oinarrituta.

EH Bildu prest agertu da «erreforma fiskal garrantzitsu bat» negoziatzeko. Hartarako borondatea ikusten badu, osoko zuzenketa kentzeko prest dago.

EAJk eta PSEk ere zuzenketak

Jeltzaleek eta sozialistek ere zuzenketa partzialak aurkeztu dizkiote beren zerga berrikuspen proiektuari Araban eta Gipuzkoan. Hogeita hamar zuzenketa baino gehiago aurkeztu dizkiote, elkarrekin denak ere, eta helburua da oposizioko talderen baten babesa lortzea. Besteak beste, errenta aitorpena egitetik salbuetsita daudenen zenbatekoa 20.000 eurora igotzea proposatu dute. Gehieneko kopuru hori 19.000 eurokoa da jatorrizko proposamenean.

Kenkariak proposatu dituzte, halaber, etxebizitzaren arloan. Ohikoa etxebizitza izateagatik errenta aitorpenean egiten den kenkaria %35era igotzea proposatu dute, eta 2.800 eurora arteko kenkaria ezartzea familia ugarien eta guraso bakarreko familien kasuan. Etxebizitza erosteagatiko kenkaria aplikatu ahal izateko muga ere apaltzea proposatu dute; 85.000 eurotik 80.000 eurora murriztuko litzateke. 

Bestalde, sozietate zergan kenkari berri bat sortuko dute emakumezkoen eta 36 urtetik beherakoen laneratzea sustatzeko. Kapital eta aurrezki errentei dagokienez ere aldaketa bat proposatu dute: 300.000 eurotik gorako zerga oinarriaren truke %28ko tasa aplikatzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.