Eusko Jaurlaritza eta Euskal Hirigune Elkargoa AHTaren inguruan posizio bateratua adosten saiatuko dira, Madrilen, Parisen eta Bruselaren aitzinean ahots bakarra izateko. Hala adierazi dute Imanol Pradales eta Jean Rene Etxegarai lehendakariek Baionan egin duten agerraldian. Pradalesek Ipar Euskal Herrira egin duen lehen bisita ofizialean, bi erakundeen arteko lankidetza izan dute hizpide, eta borondatea agertu dute 2019an izenpetu zuten Instituzio Lankidetzarako Memoranduma eguneratzeko. Besteak beste, hizkuntza politikaren arloa indartu nahi dute.
Gipuzkoa eta Lapurdi lotuko dituen abiadura handiko trenaren zatia da azpiegitura horrek Euskal Herrian atzeratuen duen adarra. Nafarroako AHTaren eta Euskal Y-aren zati gehienak eginda daude, eta hegoaldean bi horien arteko lotura eta Gasteiz-Burgos konexioa dira oraindik gehien atzeratu direnak. Pradalesek nabarmendu du Gipuzkoa eta Lapurdi lotuko dituen tren azkarra proiektu «garrantzitsua» dela, eta esan du bi erakundeek posizioak batuko dituztela azpiegitura horri «benetako bultzada» emateko.
Urteetan geldirik egon ondotik, Akize-Gasteiz AHT zatia egiteko proiektua aitzina doala ohartarazi zuen irail erditsuan CADE ingurumenaren aldeko elkarteak, eta haren kontrako mobilizazio herritarra berpizteko asmoa agertu zuen. Euskal Hirigune Elkargoa ere behin baino gehiagotan agertu da AHT proiektuaren kontra, eta Etxegaraik iragarri du gaiari buruzko mozio bat lantzeko asmoa dutela ondoko elkargo batzarrean —ezkerreko abertzaleak biltzen dituen Bil Gaiten talde politikoak egin zion eskaera azken biltzarrean—. «Frantziako Estatuak ez du sekula kontuan hartu gaur egun dauden trenbideekin egin daitekeela», deitoratu du Ipar Euskal Herriko lehendakariak. Horiek berritzearen aldeko postura defendatu du azken urteetan.
Pradalesek erran du «errespetatzen» duela Ipar Euskal Herriko eztabaida «Iparraldetik garatu nahi duten alternatibari buruz», eta eskua luzatu dio Etxegarairi «horretaz hitz egiteko eta adosteko». Jaurlaritzako lehendakariaren hitzetan, bi erakundeetako buruek ardatz atlantikoa sustatzeko premia dute, eta adierazi du elkarlanean jarraituko dutela «posizio bateratu bat» izateko Madrilen, Parisen eta Bruselaren aurrean. Izan ere, Pradalesen esanetan, Ipar Euskal Herriko AHTaren zatia ezinbestekoa da iparraldeko ekonomiaren eta mugikortasunaren garapenerako, baina baita Euskal Herri osoa «Parisekin eta Europarekin» konektatzeko ere. Hala ere, azaldu duenez, konexio hori hobetzeko bidean, ingurumen eta ekologia aferak ere garrantzitsuak dira.
Bi erakunde, herri bat
Euskal Elkargoak eta Jaurlaritzak 2019tik dituzte harreman formalak, urte horretan izenpetu baitzuten Instituzio Lankidetzarako Memoranduma. Elkarrekin landu dituzten proiektuen artean aipatu dituzte, besteak beste, garraioz aldatzeko Hendaiako (Lapurdi) geltokia, Euskal Sagardoa sor-marka, Frantziako Tourraren abiatzea eta euskal diasporaren eguna lehen aldiz Ipar Euskal Herrian antolatzea. Horrez gain, Europako Poctefa programaren bidez, hainbat proiektu ere badituzte elkarrekin. Etxegaraik oroitarazi du «Europa mailan migrazio krisia den erronkaren aurrean posizio bateratu bat» babestu dutela.
«Herri bera» ordezkatzen duten bi erakunde direla azpimarratu du Pradalesek, eta erran du bien arteko elkarlana «behar historiko» bat dela. «Errealitateari erantzun egoki bat emateko lan egiteko modu eredugarria». 2019koan sinatutako lankidetza berritzeko konpromisoa agertu dute biek ala biek, eta heldu den apiril aitzin beste hitzarmen bat adosteko helburua dutela. Ajuriaenean eginen dute hori izenpetzeko ekitaldia. Besteak beste, lan arlo hauetan sakondu nahi lukete: trantsizio eko-soziala, laborantza eta elikadura jasangarria, mugikortasuna, lurralde eta ekonomia garapena, euskara eta kultura, migrazioa eta ardatz atlantikoa.
EH Bairen eskakizuna
EH Baik ongi ikusi du Pradalesen eta Etxegarairen arteko bilkura, eta alderdi abertzaleak eskatu du etorkizunean harreman jarraituagoa izan dezatela bi erakundeek. Izan ere, EH Baik beharrezkotzat jo du «herri gisa» jokatzea, mugez haragoko «desafio handiei» aurre egiteko denen gaitasuna bide berean jartzeko: «Norberaren gaitasuna besteren esku utziz, antolatuz eta elkarrekin kooperatuz, lurralde aurrerakoi eta berritzailea bilaka dezakegu Euskal Herria. Ildo horretan, EH Bairen ustez, lehen mailako erronka da euskal instituzioek akordio estrategikoak egitea eta lankidetza egitasmoak plantan ezartzea gai hauetan: hizkuntza, kultura, hezkuntza, ekonomia, erronka ekologikoa eta mugikortasuna».
Horrez gain, Euskal Elkargoaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetza indartzeko deia ere egin du, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen du esparru berri bat sortzea. Gizarteko bestelako eragileen ekarpenaren beharra ere nabarmendu du alderdi abertzaleak.