Ez dago akordioa lortzeko baldintzarik. Hala ebatzi du Ahal Dugu-ko koordinazio kontseiluak afiliatuen iritzia jaso ondotik. Asteburuan kontsulta egin dute ezkerreko koalizioko militanteen artean EAJ-PSE bikoteak osatutako foru gobernuen zerga erreformari onespena eman ala ez erabakitzeko, baina parte hartzea «txikia» izan da, eta emaitza «ia berdinketa tekniko bat» izan da. «Gai honen garrantzia kontuan hartuta, oraintxe bertan ezin [da] akordiorik lortu EAJren eta PSEren proposamenaren arabera, jokoan baitago herritarrei benetan mesede egingo dien fiskalitatea izatea», adierazi dute ohar batean.
Richar Vaquero EAEko Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusi eta Bizkaiko batzarkideak larunbatean adierazi zuen balitekeela aste honetan ixtea akordio fiskala EAJrekin eta PSErekin, militanteek baloratu beharreko dokumentua ontzat joz gero. Oinarriek uko egingo baliote sozialistekin eta jeltzaleekin ituna egiteari, ordea, hortxe amaituko litzateke negoziazioa, Vaqueroren esanetan.
Bada, emaitza «erabakigarria» ez dela erabaki dute azkenean. Izan ere, parte hartzea %25etik beherakoa izan da —kontsulta egiteko presari egotzi dio Ahal Dugu-k—, eta ez du «gehiengo nahikorik» izan. Bozkatu dutenen %46 EAJ eta PSEren proposamenaren bidez akordioa egitearen alde agertu da, eta %43 kontra. %11 abstenitu egin dira.
EAJ eta PSEren foru gobernuek oposizioaren babesa behar dute Araban eta Gipuzkoan, gobernu horiek gutxiengoan baitaude. EH Bilduk osoko zuzenketa bat iragarri zuen joan den astean, «benetako» erreforma fiskala egin dadin, «makillajea» alde batera utzita, baina zuzenketa partzialak ere aurkeztu ditu taldeak, negoziazioari bide emateko. «Erreforma sakon bat egin beharrean, azaleko doikuntza bat aurkeztu dute, ukitu fiskal soil bat, eta egiturazko arazoei heldu beharrean egoera makillatzen duten kenkariak eskaintzera mugatzen da», azaldu zuen Nerea Kortajarena Eusko Legebiltzarreko eledun bilkideak. Hala, EH Bildu ez dago prest hori babesteko. «Arau proposamen hau oso urrun dago egungo egoera ekonomikoak eskatzen duen erreformatik».
«Egiturazko arazoei heldu beharrean, egoera makillatzen duten kenkariak eskaintzera mugatzen da»
NEREA KORTAJARENAEH Bilduko eleduna
Gipuzkoan, PPk eman dio laguntza gobernuari orain arte, bai Eider Mendoza ahaldun izendatzeko, bai eta Gipuzkoako aurrekontuak aurrera ateratzeko ere. Orain, ordea, PSEk ez du bide horretan urrats gehiago egin nahi izan, eta litekeena da Elkarrekin Ahal Dugu izatea foru gobernuaren bazkide berria legealdiaren hurrengo mugarri garrantzitsuan: zerga erreforman. Araban, berriz, PPk eman zion aginte makila Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiari, baina EH Bildurekin adostu zituen aurrekontuak haren foru gobernuak.
«Egokitzapen bat baizik ez»
Hori horrela, oposizioko talderen bat erakarri nahian, EAJk eta PSE-EEk beren proiektuari zuzenketak aurkeztu zizkioten Batzar Nagusietan; besteak beste, errenta zerga ordaintzetik salbuetsia egoteko gehienezko kopurua 19.000 eurotik 20.000 eurora igo dute.
EAEko Ahal Dugu-ko buru Vaqueroren arabera, moreek ez dute «guztiz gustuko» EAJren eta PSE-EEren kontraproposamena, baina, haren ustez, hasieratik jakina zen ez zela «ohiko erreforma bat», baizik eta lehendik zegoenaren «egokitzapen bat». Ahal Dugu-rentzat oinarrizko diren lau helburuak gogorarazi zituen: «Errenta baxuena dutenei laguntzea, etxebizitza eskuratzeko aukerak hobetzea, BGAEen aurrean pentsio publikoak indartzea eta aberastasuna banatu eta diru bilketaren galera berreskuratzea».
«Hasieratik jakina zen ez zela ohiko erreforma bat, baizik eta lehendik zegoenaren egokitzapen bat»
RICHAR VAQUEROAhal Dugu Euskadiko burua
Vaquerok ziurtatu zuen gauza horietako asko lortuko liratekeela moreen proposamenekin: «Gutxienez, hobetu egingo genituzke oraingo egoerarekin alderatuz. Horregatik, hamar bat urterako izango den egiturazko erreforma bat kontu garrantzitsua iruditzen zaigu, eta, beraz, oinarriei galdetu beharreko zerbait da».
Antxustegiren apustua
Aurrez, Joseba Diez Antxustegi eledun jeltzaleak Eusko Legebiltzarrean esana zuen indar morea zela «aukera gehien duen bidea» zerga erreforma aurrera atera ahal izateko. Hala ere, ez ditu baztertu beste aukerak. Hauek lirateke: batetik, EAJk sozialistak konbentzitzea PPren bidean barneratzeko, eta, bestetik, EH Bildurena, erreforma proiektua atzera bota eta «benetako negoziazio» bati heltzea, bilkideen esanetan. «Ez ditugu beste ateak itxiko», esan du Diez Antxustegik.
«EH Bildu bilketa handitzeaz ari da eufemismo gisa: zergak igo nahi dizkiete herritarrei»
JOSEBA DIEZ ANTXUSTEGIEAJko bozeramailea
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Diez Antxustegik errespetua adierazi die beste alderdien barne prozesuei, baina, taldeek aurkeztu dituzten zuzenketak aintzat hartuz, Ahal Dugu-ren aukera da, haren ustez, «errealistarena». Diez Antxustegik garbi utzi baitu EH Bilduren proposamena jeltzaleengandik oso urrun dagoela: «Bilketa handitzeaz ari dira eufemismo gisa: zergak igo nahi dizkiete herritarrei».