2017an izenpetu zuten lehen aldiz Hiruko Ituna Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Ipar Euskal Herriko EEP Euskararen Erakunde Publikoak eta Nafarroako Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak —haren menpekoa da Euskarabidea—, eta hitzarmena berritu egin zuten atzo, Iruñean. Hezkuntzan, euskararen sustapenean, corpusean, ikerketan eta Europarekiko lankidetzan ariko dira elkarlanean 2020an, hitzartu dutenez. Bertzeak bertze, ikasleen arteko trukeak sustatuko dituzte, eta baliabideak partekatuko dituzte euskarari dagozkion ikerketa eta baliabideetan. 2021eko ikerketa soziolinguistikoa elkarrekin prestatuko dute, erraterako, eta Euskaraldiaren eragin sozialaren ikerketa bat ere badute eskuartean.
Atzo izenpetu zuten hitzarmenaren jarraipena hiru erakundeetako ordezkariek, eta hirurek beharrezkotzat jo zuten akordioa. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuaren arabera, «modu naturalean, bakoitzak bere erritmoan, baina modu eraginkorrean» egiten ari da elkarlana aurrera. Ana Ollo Nafarroako Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak zehaztu zuen orain arte egindako lankidetzak «frogatu» egiten duela «beharrezkoa» zela. Beñat Arrabit EEPko lehendakariaren ustez, «xantza» ere izan da aurten hitzarmena gibelatu izana, «proiektu batzuk sakontzeko».
Elkarlanerako hitzarmena
Euskal Herriko euskararen aldeko erakunde instituzionalek jarraipena eman diote 2017an abiatutako hitzarmenari. Ikasleen arteko trukeak bultzatu eta erakundeen baliabideak partekatuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu