Elkarlanari, nortasunari eta euskarari heltzeko asmoarekin dator Korrika 15

Euskararen aldeko lasterketa Karrantzan hasiko da, eta euskal emakumeak omenduko ditu . LOURDES GAUNA aduriz AEK-ko Enkarterriko arduraduna: «Karrantzan Korrikaren alde lan egiteko gogoz daude guztiak

Asier Iturriagaetxebarria.
2006ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Mezu bat, 10 egun, 2.150 kilometro, milaka eta milaka konpromiso eta euskaltzale... Zaila da zenbakitan Korrika laburbiltzea, zenbaki hutsak baino askoz gehiago delako. 15 ekitaldi beteko ditu aurten euskararen aldeko lasterketak, eta urte horietan guztietan euskaldun eta euskaltzale guztiak mugiarazteko gaitasuna daukala erakutsi du. Aurten ere gauza bera egitea espero dute AEK-ko arduradunek.

Martxoaren 22tik aurrera euskaltzalez beteko dira Euskal Herriko errepideak. Bizkaiko mendebaldetik abiatuko da, inoiz Korrika izan ez den herri batetik: Karrantzatik. Bilbotik 60 kilometrora baino gehiagora eta eskualdeko herri nagusitik (Zalla) 30 kilometrora baino gehiagora dago Karrantza. Urruti dagoenez, inoiz ez da pasatu handik Korrika. Aurten pasatu ez, handik hasiko da Korrika.

10 egun eta 2.100 kilometroren baino gehiagoren ondoren, Iruñean amaituko da, apirilaren 1ean. Korrika 13 ere han amaitu zen, eta orduan Nafarroako Gobernuak jarritako «oztopoekin» egin zuen topo Korrikak. Aurten horrelakorik gertatzea ez dute espero AEK-koek, baina aurreikuspenarekin jokatzen ari direla azaldu zuen Edurne Brouard Korrika 15eko koordinatzaileak. «Korrika 13k egin zuen bezala, Korrika 15 ere ohore guztiekin sartuko da Iruñean», esan zuen. Gainera, Korrika 15arekin batuko den dirua Nafarroako gau eskolentzat izango da. Egoera «tamalgarrian» daudela gogoratu zuen. Horren harira, Nafarroako Gobernua euskararekin «politika genozida» egiten ari dela salatu zuen.

Baina amaitu baino lehen, Korrika 15 hasi egingo da, Karrantzan. Herri horretan dagoen Pozalagua kobazuloetan gertatzen den fenomeno bitxi bat erabili zuen Brouardek, euskararen aldeko lasterketaren aurtengo mezua adierazteko. Pozalaguako kobazuloan, ohiko estalaktita eta estalagmiten artean, estalaktita berezi batzuk agertzen dira: estalaktita eszentrikoak. Egitura horiek, beste lekuetan ez bezala, eta beste inon baino gehiago, goitik behera erori beharrean, ezker-eskuin zabaldu eta sare moduko egituretan biltzen dira, grabitatearen legeari kontra eginez. «Guk ere sarea osatu dugu euskaraz eginez; euskaraz hitz eginez Euskal Herria egiten dugu. Euskara da munduan gure nortasun agiria, euskara da munduari begira herri bat dagoela adierazteko oinarrizko dokumentu objektiboa». Horregatik esaten dio Korrika 15ek heldu herriari.

'HELDU', KORRIKA 15-EKO LELOA. Heldu herriari. Heldu hitzari. Heldu elkarlanari. Heldu Euskarari. Heldu Lekukoari. Azken batean, heldu. Azken hilabeteetan komunikabideetan asko entzun den berba da heldu, horixe delako Korrika 15eko lelo nagusia. «Heldu berbak esangura asko dauzka euskaraz. Eutsi izan daiteke, oratu, hazi... Horiek denak bildu nahi ditu Korrika 15ek», esan zuen Brouardek.

Banaka-banaka, heldu guztien atzean zer ezkutatzen den azaldu zuen. Brouarden hitzetan, hitzari heldu behar zaio; euskararen alde jarduteko konpromisoari heldu behar diogu guztiok. Gogoratu zuenez, euskara baztertua izan da mendeetan, «menderakuntza, jazartze eta zigorren ondorioz». Egoera horri buelta eman beharra dagoela azpimarratu zuen, euskara Euskal Herri osoko ohiko hizkuntza bihurtzeko. «Euskaldunok izan behar dugu euskararen jabe, gure gain egon dadin bere etorkizuna, inposaturiko lege baztertzailerik gabe. Horretarako, konpromisoak behar ditugu, konpromiso pertsonalak eta konpromiso kolektiboak, Euskal Herria benetan euskararen herria izan dadin».

Pozalaguako estalaktita eszentrikoen metaforari berriro helduta, azaldu zuen estalaktita horiek ez dutela inoiz bata bestearekin topo egiten. Hau da, guztiek elkarrekin osatzen dute sarea. Euskaldunok ere gauza bera egin dugula eta egin behar dugula esan zuen Brouardek. Gogora ekarri zuenez, belaunaldiz belaunaldi bere kontra izan diren legeei aurre eginez euskararen aldeko konpromisoari heldu zioten euskaltzaleei esker dirau euskarak.

Besteak beste, hori egitea delitua zen garaietan hizkuntza berreskuratzearen alde euskara ikasten, irakasten, erabiltzen eta lan egiten hasi zirenak aipatu zituen. Horren emaitza izan ziren lehen gau eskolak, lehen ikastolak eta lehen euskara elkarteak, adibidez. Hazi horretatik, eta elkarri laguntza emanez, euskararen aldeko mugimenduak egituratzen hasi ziren. «Garai latzetan milaka lagunen konpromiso pertsonal eta kolektiboek zabaldu dute egungo euskalgintzaren askotariko mosaikoa. Horien konpromisoa eta elkarlanean aritzeko borondatea izan zituen euskarak, orduko legeria guztien aurka, gaur egun bizirik jarraitzeko euskarria. Horregatik diogu, heldu elkarlanari».

Heldu beharrekoen artean, nola ez, euskara ere badela nabarmendu zuen. «Korrika 15ek konpromisoak hartu dituen bezala, konpromisoak eskatzen ditu: euskal herritarroi nortasun agiria erabiltzea, hau da, euskara bazterrean ez utzi eta erabiltzea».

Gazteei ere mezu argia bidali zien. Gogora ekarri zuen beste belaunaldiek hartu zuten konpromisorik gabe euskara galduta egongo zatekeela. Hala, jasotako fruituari jarraipena emateko, transmisioari heltzeko eskatu zien, eta horregatik, Korrika 15eko lekukoari heltzeko: «Euskararen etorkizuna belaunaldi berriena ere bada».

AURPEGIRIK GABEKO OMENDUA. Euskara eta euskal kultura mantentzeko eta berreskuratzeko euskal emakumeek egindako lana eskertuko du Korrika 15ek, eta omenaldi beroa eskainiko die. Emakume horiek anonimoak direla azpimarratu zuen Brouardek. Hori dela eta, ez diote aurpegirik jarriko Korrika 15eko omenduari.

«Urteetako menderakuntza, jazartze eta zigorrei aurre eginez euskal kultura eta euskara belaunaldiz belaunaldi gorde eta transmititzeko euskal emakumeek izan duten indar, adore eta balioa omendu nahi ditu Korrika 15ek», agertu zuen Brouardek. Zehaztu zuenez, emakumeak izan dira, euskararen kontra izan diren legeei aurre eginez, gure hizkuntza etxeetan gorde, mantendu eta ahoz aho iraunarazi dutenak.

«Dela gerra garaian, dela baserrian, dela itsasaldeko herrietan gizonak kanpoan zeudela... euskal emakumea izan da euskararen gotorleku garrantzitsua. Eurek bermatu dute gaur arteko transmisioa». Hala, euskara eta euskal kultura mantentzeko gau eskola eta ikastolak sortzeko edota euskal kultura sustatzeko euskal emakumeek egindako ahalegina azpimarratu zuen. «Eta, etorkizunean euskarak aurrera egingo badu, euskal emakumeak izango duen lanaren garrantzia azpimarratu beharra dago».

Korrika aurrera ateratzeko guztien laguntza beharrezkoa dela azpimarratu zuen AEK-ko koordinatzaile nagusi Mertxe Mujikak. Hala, euskaltzale guztiek Korrika Laguntzailea kanpainan parte hartzeko eskatu zuen. 12 euroren truke, Korrikarekiko konpromisoa hartzen dute, eta Euskal Herriko 300 komertziotan beherapenak eskuratzen dituzte.

[email protected]

«Konpromiso pertsonal eta kolektiboak behar ditugu, Euskal Herria euskararen herria izan dadin»

«Korrika 13k egin zuen bezala, Korrika 15 ere ohore guztiekinsartuko da Iruñean»

«Euskal emakumeak izan dira euskararen gotorleku garrantzitsua; eurek bermatu dute transmisioa»

edurne brouardkorrika 15eko koordinatzailealourdes gauna aduriz AEK-ko Enkarterriko arduraduna

«Karrantzan Korrikaren aldelan egiteko gogoz daude guztiak»

asier iturriagaetxebarria

Bilbo

Azken 15 urtean AEK-ko Enkarterriko (Bizkaia) arduraduna da Lourdes Gauna Aduriz. Ilusio handiarekin eta, aldi berean, apur bat arduratuta hartu du Korrika 15 Karrantzatik abiatzea. Korrika ez da inoiz pasatu Karrantzatik, eta aurten, bertan hasiko da. Hori dela-eta karrantzarrak ilusioz gainezka daudela azaldu du Gauna Adurizek.

Zergatik ez da pasatu inoiz Korrika Karrantzatik? Karrantzaren arazoa da lekutan dagoela. Behin saiatu ginen hara joaten Korrikarekin, baina oso urrun dago. Beste problema bat ere badauka: errepide bakarra dagoenez, joan eta etorri leku beretik egin behar da, eta ez du merezi hainbeste kilometro egitea. Gainera, oso distantzia handiak dira, eta bitartean ez dago ezer, mendia baino ez.

Kantabria eta Burgos (Espainia) ondo-ondoan izanda, nola dago han euskara?Karrantzan itxaropena umeengan daukagu. Eskolan D eredua dago, urte dezentean, gainera. Umeek eta gazteek badakite euskara beren artean harremanak izateko beste, nahiz eta euskaldun osoak ez izan. Gazteak dira gure itxaropena, baina helduenekin daukagun problema larriagoa da. Karrantzako ekonomia nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritzen da, eta oso zaila da helduekin lan egitea; hau da, haiek daukaten ordutegia eta gurea ez datoz bat. Gero, uda eta udaberri garaian belarretara joan behar dute... Orduan, desastre hutsa da.

Zenbat ikasle dituzue?Enkarterrin 130 ikasle dira gutxi gorabehera, eta Karrantzan sei dira ikasleak.

Ikasle asko izan ez arren, euskarak eta euskal kulturak ez dute irudi txarrik inguru horretan, ezta?Ez, ez dago irudi txarrik. Euskararen alde lan egin behar dutela esaten badiezu, ez dute inolako oztoporik jartzen. Orain ere Korrikaren alde lan egiteko gogo handiarekin daude guztiak. Baina gauza bat da egun bat edo ordu batzuk euskararen alde ematea eta beste gauza bat da hizkuntza bat ikasteko konpromisoa hartzea. Iaz arte bi talde izan ditugu, eta batzuk nahiko maila hartu dute.

Euskaldun berriek hizkuntza ikasteagatik duten meritua aipatzen da, baina Enkarterri bezalako inguru baten euskara ikasteak oraindik eta meritu handiagoa al dauka?Jakina. Horiek ez dute inolako erraztasunik ikasitakoa praktikan jartzeko. Umeekin oso zaila da praktikan jartzea, umeek ohitura hartu dutelako pertsona horrekin erdaraz egiteko, eta ez dute nahi izaten euskaraz egitea. Dena dela, euskara ikasi duten horien artean beti saiatzen dira elkarrekin euskaraz egiten. Kalean topatzen ditudanean, beti-beti euskaraz egiten didate.

Zer ekarriko dio Korrikak Karrantzari? Erreboluzio moduko bat izango da herrian, ezta?Ilusio handi-handia dute Karrantzan. Udalak ere parte hartu nahi du, eta eskolak dagoeneko zoratu nau, Olentzerok Korrikako petoa jantzita atera beharko delako aurten. Ilusio ikaragarria dago. Kontuan izan behar da hara ez dela inoiz ezer heltzen, lekutan dagoelako. Orduan, gauza bat heldu da, eta haientzat hori munduko gauzarik garrantzitsuena da. Enkarterriko beheko partean (Zalla, Balmaseda) nahiko erreta gaude Korrikarekin, beti daukagulako zer edo zer esku artean, baina Karrantzara ez da inoiz ezer heltzen.

Beraz, euskararen alde lan egiteko gogorik ez zaie falta.Dagoeneko urduri daude eta! Dedikazioa urtarriletik aurrera hasiko da, baina Karrantzan ezin dira geldi egon. Hau edo bestea behar dutela, ea nola egingo duten hau edo bestea... Nik lasai egoteko esaten diet, denbora daukagula, baina ezin dira geldi egon.

Korrikak euskararen egoera biziberrituko du Karrantzan eta Enkarterrin?Errealista izanda, ez dut uste. Nik ikusten ditudan arazoak egun batetik bestera ez dira konpontzen. Jendeak gero eta gauza gehiago egiten du, eta gero eta denbora gutxiago dauka euskara ikasi ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.