«Orain arteko jardun probetxuzko eta ezinbestekoari soinekoa jarri diogu, izena eman». Euskal Hedabideen Behategia da izen hori. Atzo sinatu zuten egitura berria sustatzeko lankidetza hitzarmena. Hekimen Euskal Hedabideen Elkartea, EHU Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea dira bultzatu dutenak. Duela ia hiru urte elkartearen eta hiru unibertsitateotako hainbat ikerketa talderen artean hasitako bideak babes instituzionala jaso du atzoko ekitaldiarekin. Hekimeneko buru Alberto Barandiaranek, EHUko jarduneko errektore Fernando Plazaolak, Deustuko errektore Jose Maria Guibertek eta Mondragon Unibertsitateko Vicente Atxak ipini zituzten izen-abizenak agirian. Funtsean euskarazko komunikabideetako profesionalen eta unibertsitateko irakasleen arteko komunitatea da Behategia.
Barandiaranek azaldu zuen orain arteko lana. Sektorearen datu basea osatzen ibili dira. Aurrerantzean enpresen eboluzioa eta egitura bera hobeto ulertzen lagunduko duela esan zuen. Besteak beste, hedabideen finantzaketa datuak, egiturazkoak, eta kontsumo eta banaketari dagozkionak jaso dituzte. Eguneratzen jarraituko dute, beste hainbat adierazlerekin gurutzatu eta prospektibak egin ahal izateko. Horretarako, ikerketa taldeek hainbat urtez landutako datuak, enpresek eurek emandakoak eta erakundeetatik lortutakoak erabiliko dituzte. Gaindegiak atonduko ditu, eta aurki eskuragarri ipiniko dituzte sarean.
Elkarlanak, bada, daborduko eman ditu lehen fruituak. Hainbat ikerketa lan egin dituzte. Eta iaz Euskal Hedabideen Lehen Urtekaria aurkeztu zuten hiru unibertsitateek eta Hekimenek. Izan ere, Guiberten arabera, bakarrik nekez egin daiteke ezer. «Bizi dugun markoa konplexuegia eta aldakorregia da batek bakarrik azter dezan. Elkarlanean lortuko dugu etorkizunak dakartzan erronkei erantzuten». Horregatik, aurrerantzean sinergiak gehiago indartu beharko direla uste dute, dinamikak hobetu. Horrez gainera, euskal hedabideen balioa sustatzea ere bada Behategiaren egitekoetako bat, berrikuntzarako eta ezagutzaren transferentziarako estrategiak elkarren artean banatuz eta gizartearekiko loturak sendotuz.
Komunikabideek eta informazioaren teknologiaren garapenak eta erabilerak gizarte garaikidean duten eragina nabarmendu dute. Hizkuntza baten eta haren kulturaren iraupenerako komunikabideek eta unibertsitateek duten garrantzia ere azpimarratu dute. «Informazioaren gizartean bizi garelarik, eta azken hamarkadetako lanaren ondorioz gure hizkuntza espazio erdaldunetan nabarmen sartu delarik, euskarazko komunikabideak ere nolanahiko arnasguneak izan daitezke. Horrek bihurtu ditu lehen mailako eragile, eta haien inguruko ikerketa ezinbestekoa da», azpimarratu du Plazaolak.
Keinua administrazioari
Atzo emandako pausoarekin, datuez haratago benetako informazio jarioa ziurtatu nahi dute. «Jaso behar dugu arlo akademikoan egiten den lana eta gure esparrura egokitu behar dugu. Ekarri behar dugu jakintza enpresetara. Eta unibertsitateak jakin behar du zein diren enpresen behar teknologikoak, ikerketakoak eta formaziokoak, ildo berriak ikusi eta esploratzeko».
Ateak zabalik ditu Behategiak. «Administrazioarekin zein sektore publikoarekin elkarguneak lortzeko anbizioa behar dugu. Soilik horrela hitz egin ahal izango dugu aurreratu eta bizkortu nahi den sektoreaz, bere ikerketa gizarteari itzuli nahi dion unibertsitateez eta politika publikoak gizarte erakundeekin batera egin nahi dituzten herri erakundeez», ohartarazi du Barandiaranek.
Hedabideen, unibertsitatearen eta administrazioaren arteko elkarlanaren adibidea Atxak ipini du: Mondragon Unibertsitatea euskal hedabideen balio sozialari buruz egiten ari den ikerketa. «Eusko Jaurlaritzaren eta Hekimenen babesa, eta Goiena eta BERRIA Taldearen elkarlanerako jarrera ezinbestekoa izan da». EHUko eta Deustuko Unibertsitateko taldeekin ere lan egin dute.
Elkarlanari 'Behategia' jarri diote izena
Euskal Hedabideen Behategia sustatzeko akordioa sinatu dute Hekimenek, EHUk eta Mondragon eta Deustuko unibertsitateek.Sektorea ikertzea izango du egitekoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu