Elkarlana egin, elkarbizitza lortzeko

Tokiko administrazioetatik herritarren ongizate emozionala zaintzeko eredua aurkeztu dute. Udaleko sail ezberdinen arteko koordinazioan eta elkarlanean datza, eta Azpeitian martxan dago 2022. urtetik.

Azpeitiko herritarren ongizate emozionala zaintzeko elkarlanean aritzen diren ordezkariak, Donostian egin duten mahai inguruan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Azpeitiko herritarren ongizate emozionala zaintzeko elkarlanean aritzen diren ordezkariak, Donostian egin duten mahai inguruan. MAIALEN ANDRES / FOKU
nerea intxausti
Donostia
2024ko uztailaren 16a
18:00
Entzun

Herritarren ongizate emozionala zaintzeko asmoz, tokiko administrazioen sailak koordinatzeko eredu bat aurkeztu dute: Azpeitiko Udalaren eredua (Gipuzkoa). Udaleko arlo ezberdinetako ordezkariek azaldu dute Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako udako ikastaro batean. Adierazi dutenez, herritarren buru osasunaz aritzea zera da, osasun fisikoaz, emozionalaz, kognitiboaz eta sozialaz aritzea. Beraz, orain dela bi urte Udaleko sailek elkarlana abiatu zuten, buru osasunaren beharrei modu integralean erantzuteko. 

Zaintza emozionala behar duten kasuak detektatzeko elkarlanean aritzen dira Azpeitiko gizarte zerbitzuak, osasun zerbitzuetako lehen arreta eta udaltzainak. Mahai inguruan izan dira, beraz, Edurne Zubia Artabe, Udaleko gizarte zerbitzuetako arduraduna; Ana Errasti Muguruza, Azpeitiko lehen mailako arretako unitate burua; eta Anartz Toledo Mendinueta, Azpeitiko udaltzainburua, Udaltzaingoaren izenean. 

Orain dela bi aste gertatutako adibide batekin ilustratu dute beren lana. Adineko bikote bat zahar etxe batean bizi zen. Emaztea osasun zentroan zegoen, gaixorik zegoelako, eta orduan gizarte zerbitzuek udaltzainei jakinarazi zieten familiak salaketa jarri nahi zuela senarraren kontra, emazteari tratu txarrak emateagatik. Ez zuten nahi ama zahar etxera bueltatzerik; bera babestu nahi zuten. Udaleko saileko ordezkariek «patxadaz» hartu zuten gaia, eta koordinazio bilerak egin zituzten. 

Horren ondorioz, Zubiak Osakidetzarekin hitz egin zuen emakume horren etxeratzea atzeratzeko, eta zahar etxeko arduradunei ere eman zien kasuaren berri. Osakidetzako langileek, berriz, gizonari azterketa sakon bat egin zioten, eta buru osasuneko gaitz bat topatu zioten. Hortaz, Toledok azaldu du kasua patxadaz hartu izanak eragin zuela epaitegietan buka zitekeen kasu bat saihestea, eta beste nolabait bideratzea. 

Gizarte zerbitzuek dute lidergoa

Udaltzainburuak xehatu du lehen arreta egiten dutela, gero kasua Gizarte Zerbitzuetara bideratzen dutela eta, ondoren, jarraipena egiten diotela. Gehitu du garrantzitsua dela kasuen urgentzia eta larritasuna bereiztea, urgentea izan baitaiteke, baina ez larria, edo alderantziz: «Adibidez, tratu txar psikologikoak jasaten dituen emakume bat artatzea larria da, baina ez urgentea, udaltzainen esku hartzeak ez baitu momentuan egoera aldatuko edo prebenituko». Kasu horietan zeregin garrantzitsuagoa izaten dute gizarte zerbitzuek. 

Errastik azaldu duenez, anbulatorioan beti izan dituzte «gaixotasun fisikoak baino gehiago» zituzten pazienteak: harreman arriskutsuak eta bizikidetza gatazkatsuak, besteak beste. Lehen ere jartzen ziren gizarte zerbitzuekin harremanetan, baina noizean behin. Sailen arduradunek ez zuten elkar ezagutzen, eta gizarte zerbitzuek laguntzeko dituzten baliabideen berri ere ez zuten. «Beharra ikusi genuen, eta orduan mugitu ginen», argitu du lehen mailako arretako unitateburuak. 

Iruditzen zaie orain arte erantzun konpultsiboa eman izan dietela kasu batzuen beharrei, eta, aldiz, erantzunak integratua eta kalitatezkoa izan behar duela. Hori bai, nabarmendu dute pertsonak egon behar duela erdigunean beti. Herritarren buru osasunean aldagai askok elkarri eragiten diotela argi dute, eta guztiak direla elkarren osagarri. 

Horregatik uste dute izan dela hain garrantzitsua tokiko administrazioan horren ardura duten pertsonak elkarlanean aritzea, betiere pertsonek informazio hori elkarren artean ezagutarazteko baimena ematen badute. Sailen arteko bilera horiei esker hipotesiak kontrastatzen dituzte, eta bakoitzak daukan informazioarekin tratamendurik egokiena iruditzen zaiena egiten dute. 

Koordinazioa iruditzen zaie guztiaren giltzarria. Dena dela, gaineratu dute eredu horrek funtzionatzeko baldintza batzuk beharrezkoak izan direla: helburuak bilduko dituen esku hartze plan bat, nahiz eta eguneratuz joatea beharrezkoa den; sailburuek elkar ezagutzea eta konfiantza edukitzea; lan metodologia bat, eta hori guztia oso ondo dokumentatzea.

Prebentzioan ere jarri dute arreta. Arazoari errotik heltzea ahalbidetzen duela azaldu dute, eta ondorengo esku hartzeak edo kalteak gutxitzea eragiten duela. Herrietan zenbat eta zerbitzu gehiago eskaini, orduan eta kasu gehiago azalduko direla esan du Zubiak, eta prebentzio gehiago lortzen dela horrela.  

Leire Goenaga Azpeitiko Udaleko zinegotziak eta ikastaroko zuzendariak, azkenik, esan du oso garrantzitsua dela laguntza behar duen pertsonaren ingurua koordinatuta egotea, eta kasu bakoitzerako plan bakar bat bereiztea: «Eredu honekin ardura ez da batena edo bestearena, denena baizik». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.