Elkargoko zerga emendatzea kritikatu dute talde politikoek

Bil Gaiten eta Elkarrekin Herriarentzat taldeen ustez, ez da beharrezkoa 2024ko aitzinkontuetan zergak emendatzea. Elkargoak egin nahi dituen inbertsioekin justifikatu dute Ezenarrok eta Etxegaraik.

(ID_13413654) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2023-12-09, Baiona. Euskal Herriko Hirigune Elkargoko Kontseilua
Euskal Elkargoko batzarra egin dute Baionako Arteen Hirian. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko otsailaren 17a
15:55
Entzun

Euskal Hirigune Elkargoaren 2024ko aitzinkontuaren eztabaidan hainbat zerga emendatzea kritikatu dute Bil Gaiten eta Elkarrekin Herriarentzat talde politikoek. Zalantzan jarri dute funtzionamendu gastuaren emendatzea, eta aitzinkontuen azterketa zehatz bat egiteko eskatu dute. Jean Rene Etxegarai lehendakariaren taldeak elkargoaren eskumenen obratzea defendatu du, eta ezinbestekotzat jo du zerga igoera elkargoak aurreikusi dituen inbertsioak finantzatzeko; 2024rako 185 milioi euroko inbertsioari bide emango diola baieztatu du. Martxoaren 23an bozkatuko dute aurtengo aurrekontua.

Kotte Ezenarro Euskal Elkargoko finantza arloko lehendakariordearen hitzetan, «ezinbestekoa» da zerga igoera, eta mandatu hasieran erabakitako urte anitzetako inbertsio plana betetzeko engaiamendua dutela adierazi du. «Ezin dugu mandatu erditan gibelera egin». Horrez gain, funtzionamendu gastuak emendatu direla ere esplikatu du: batetik, sindikatuekin lansari emendaketak adostu dituztela erran du, eta, bestetik, hainbat politika publiko aitzina eramateko langile gehiago kontratatu behar izan dituztela. Orotara 95 langile berri izanen ditu elkargoak. 

Alain Iriart Bil Gaiten-eko hautetsiaren hitzetan, finantza desoreka ez dagokie elkargoak egindako inbertsioei; izan ere, 2023an, aitzinkontu aurreikuspenean bozkatu zutenaren %70 baizik ez du obratu Ipar Euskal Herriko erakundeak: «76 milioi bozkatu genituen, baina 52 milioi baizik ez ditugu obratu. Ororen buru, 10 milioi baizik ez genituen mailegatu, hasieran aurreikusiak ziren 45 milioien ordez», esplikatu du. Horiek horrela, zorra txikitzeko epea ere apalagoa izanen da Iriarten hitzetan: 8,3 urtekoa izanen zela aurreikusi zuten 2023ko aitzinkontu aurreikuspenean, baina, urte bukaerako emaitzaren ondotik, 4,2 urtekoa izanen dela nabarmendu du. «Laburbilduz, maileguaren potentziala beti hor dago, eta gure inbertsioetarako eskuragarri».

Haren hitzetan, 2024rako aurreikuspenak berrikusi beharko lirateke, eta beste zenbaki batzuk proposatu ditu Ezenarrok emandakoen aldean: «Irabazien emendatzea %1,8 izatea aurreikusi duzue; alta, %5ekoa izan da azken bi urteetan. Atxiki dezagun %3. Gastuen emendatzea %5en aurreikusi duzue; alta, %2,4 izan da azken bi urteetan; atxiki dezagun %4. Eta inbertsioen obratzea kalkula dezagun %70ean». Baieztatu du aurreikuspen horiekin zorpetze tasa hein egokian atxiki litekeela. Datu horiek aztertzeko eskatu dio Etxegarairen taldeari. 

Funtzionamendu gastuak

Funtzionamendu gastuen emendatzea ere zalantzan jarri du Iriartek bere mintzaldian. «Kargu anitzek hazkunde esponentziala dute». Antzera mintzatu da Elkarrekin Herriarentzat taldeko Peio Etxeleku ere, «menperatu gabeko eta etengabeko» hazkunde izan dela baieztatuta: «Funtzionamendu gastuak %22 emendatu dira 2020tik; 2017 eta 2019 artean jadanik %11 emendatu ziren. Mandatu honetan bakarrik 50 milioi euro emendatu dira funtzionamendu kargak».

Langile kopuruaren emendatzea ere nabarmendu du Etxelekuk: «Ez dugu eskumen berririk hartu, eta 119 agente gehiago kontratatu ditugu; %10eko emendatzea». Horrez gain, hainbat misio kanpoko ikerketa bulegoei esleitzen zaizkiela erran du. «26 milioi izanen dira 2024an. Gure agenteen konpetentziak ez ote liguke ahalbidetuko hainbat lan barne mailan eramatea?». 

Zerga emendatzeak nagusiki enpresei eraginen diela salatu du Etxelekuk, horietako anitzek bizi duten egoera zailaz ohartarazita. «Baionako komertzio auzitegian %60 emendatu dira enpresen itxierak».

Etxegaraik langileen kontratazioa defendatu du: «Langile gehiegi kontratatzen bada, erran nahi du batzuek ez dutela deus egiten. Lerroz lerro esplikatu behar bada bakoitza zertan ari den, esplikatuko dugu», haserretu da. Horrez gain, Ipar Euskal Herriko enpresa munduaren «ikuspegi apokaliptikoa» ematea egotzi dio Etxelekuri: «Enpresa batzuk gaizki doaz, baina enpresa berri anitz sortzen dira». Ipar Euskal Herriko langabezia tasa apala jarri du osasun onaren frogatzat. 

Zerga emendatze hori eurotan zenbatekoa izanen litzatekeen azpimarratu du Ezenarrok, herritarrengan izanen duen eragina gutxitu nahian: «Zergapeko bakoitzarentzat batez bestean 7 euroko emendatzea izanen da urtero; bizitegi handientzat, 10 eta 12 euro arteko emendatzea. Eta enpresentzat, 70-80 euro arteko emendatzea urtero; gehienez ere 700 eurokoa».

Erabaki politikoak

Funtsean, erabaki politikorik hartu nahi ez izatea leporatu diote Etxegarairi Etxelekuk eta Iriartek, eta eskatu diote urte bakoitzean lehentasunez egin behar diren gastuak eta inbertsioak hautetsiak erabaki ditzatela. «Elkargoko zerbitzuek badituzte kalitatea eta gaitasuna hautetsiak hautuak egin eta erabakiak hartzeko maneran ezartzeko. Eztabaidetan ziurgabetasun pixka bat sortuko da, ez dira denak pozik izanen, baina gure eginkizuna beteko dugu», erran du Iriartek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.