Elkargoa

Elkargoko lehendakariordeak eta kontseilu iraunkorreko kideak hautatu dituzte

Jean Rene Etxegarai lehendakariak proposaturiko lehendakariordeak izendatu dituzte biltzarreko kideek. Instantzia bakar bat ere ez da parekidea izanen.

Euskal Hirigune Elkargoko bilera, goizean. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko uztailaren 31
16:20
Entzun

Elkargoko kontseilu exekutiboan parte hartuko duten 15 lehendakariordeak izendatu dituzte goizean. Renee Carrique izanen da lehen lehendakariordea; Idauze Mendiko (Zuberoa) auzapeza, emakume bakarrenetakoa. Ondokoak izanen dira beste hamalau lehendakariordeak, hurrenez hurren: Kotte Ezenarro Hendaiako (Lapurdi) auzapeza, Martine Bisaute Baionako gehiengoko hautetsia, Daniel Oltzomendi Izurako (Nafarroa Beherea) auzapeza, Maider Aroztegi Miarritzeko (Lapurdi) auzapeza, Claude Olive Angeluko (Lapurdi) auzapeza, Sylvie Durruti Baionako gehiengoko hautetsia, Roland Hirigoien Mugerreko (Lapurdi) auzapeza, Isabelle Pargade Hazparneko (Lapurdi) auzapeza, Antton Kurutxarri Baigorriko (Nafarroa Beherea) lehen axuanta, Jean Pierre Irigoien Donibane Lohizuneko auzapeza (Lapurdi), Bruno Karrere Uztaritzeko auzapeza (Lapurdi), Jean Yves Bussiron Gixuneko (Lapurdi) auzapeza, Jean Pierre Laflaquiere Angeluko hautetsia, eta, Arnaud Fontaine Ozaraineko (Zuberoa) auzapeza. Parekidetasunik ez du lortu lehendakariordeen taldeak: bost emakume soilik ez dira izanen; herena, alegia. Nabarmentzekoa da tendentzia abertzaleko hiru kide hautatuak izan direla: Bruno Karrere, Antton Kurutxarri eta Daniel Oltzomendi.

Bestalde, kontseilu iraunkorrean parte hartuko duten beste 57 ordezkariak hautatu dituzte -denetara 72 izanen dira lehendakariordeekin batera-. Elkargoa osatzen duten hamar lurraldeetako ordezkariak izanen dira bertan. Instantzia horretan ere, emakume gutxi izango da: 57 kideetatik 20. Abertzaleek herriko bozetan lortutako emaitzen ondorioz, auzapez abertzale zenbait sartu dira kontseilu iraunkorrera: Eneko Aldana Ziburuko auzapeza, Filipe Aramendi Urruñako auzapeza eta Alain Iriart Hiriburuko auzapeza, besteak beste.

Guztira beraz, kontseilu iraunkorreko 72 kideak izendatu dituzte goizean, horietako 25 dira emakumeak. Zenbait hautetsik oposizioak duen leku gutxia salatu dute. Hala, Colette Capdevielle Baionako oposizioko hautetsiak esan du elkargoaren egitura eta administrazioagatik, oposizioek leku gutxi lor dezaketela. Gaineratu du, emakumeek arras leku guti dutela. «Emakumea eta oposiziokoa izanik, bi ezintasunak pilatzen ditut».

Azpimarratzekoa da elkargoak Gobernantza Ituna aldatu zuela joan den kargualdiaren bukaeran. Ipar Euskal Herriko lurraldeen arteko oreka bermatzeko xedez, lurralde bakoitzeko animatzaile bat izendatu behar izan du lurralde bakoitzak. Kontseilu exekutiboan parte hartuko dute lehendakariarekin, lehendakariordearekin, eta, kontseilari delegatuekin batera —horiek datorren astean finkatuko dituzte—. Eric Narbaitz-Jauregik Amikuzeko (Nafarroa Beherea) lurraldea ordezkatuko du, Eneko Aldanak Hego Lapurdikoa, Anthony Bleuzek Euskal Kosta Aturrikoa, Muriel Houetek Bidaxuneko poloa, Peio Etxelekuk Errobikoa, Gilbert Oçafrainek Garazi Baigorrikoa, Arño Gaztanbidek Hazparnekoa, Xavier Lacostek Iholdi Oztibarrekoa, Alain Iriartek Errobi Aturrikoa, eta azkenik, Jean-Marc Barantholek Zuberoakoa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.