Euskal Elkargoko haurtzaindegietako baldintzak salatu dituzte

Euskal Hirigune Elkargoko langileek greba egin dute, eta kalitatezko zerbitzu publikoa eskatu.

Haurtzainen protesta Baionako herriko etxe aitzinean, gaur. PATXI BELTZAIZ
Haurtzainen protesta Baionako herriko etxe aitzinean, gaur. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko azaroaren 19a
12:44
Entzun

Euskal Hirigune Elkargoko haurtzaindegietako langileek greba egin dute, egunerokoan dituzten baliabide eskasak salatzeko. CFDT, CGT eta LAB sindikatuek deituta, protestara atera dira, eta Baionako herriko etxe aitzinean bildu dira «kalitatezko zerbitzu publikoa eta aitortza publikoa» eskatzeko. 

Sindikatuen hitzetan, biak okertu dira azken urteetan: haur txikien harrera baldintzak, eta baita profesionalek egunerokoan dituzten lan baldintzak ere. Haur bakoitzeko dagoen langile kopurua emendatzeko eskatu dute. Bost haurrentzat profesional bat izan dadila 2027rako, eta lau haurreko profesional bana 2030erako.

«Gaur egun lan biziki nekagarria da», adierazi du Aines Hariztoi LABeko ordezkariak. «Haurrekin lan intentsiboa egiten dute, aitortza gutxirekin, lansari apalekin, eta lantaldeen eskasa ere sentitzen dugu». 

Horrez gain, batere kalifikaziorik eta esperientziarik ez duten langileak erabiltzeari uzteko eskatu dute. Eta prestakuntzarako deia ere egin dute; hau da, haurtzain guziek izatea kalitatezko eta etengabeko prestakuntzarako sarbidea. Sindikatuen hitzetan, 15.000 haurtzain prestatu beharko lirateke ondoko urteetan. Etxeko haurtzainak haurtzaindegietako profesionalen hein berean aitortu ditzatela ere aldarrikatu dute.

Ororen buru, pribatuko zein publikoko langile guzientzat lansariak %10ez emendatu daitezen nahi dute haurtzaindegietako langileek.

Emakumezkoak dira haurtzaindegietako langile gehienak, «oro har zaintzako lanbide guzietan bezala», zehaztu du Hariztoik. «Hor ere desoreka bat bada: emazteek asumitzen dituzte lan horiek, eta gutxiago ordainduak dira».

Abenduaren 5ean, greba

Gaurkoa ez da izango elkargoko langileek eginen duten protesta bakarra. Abenduaren 5erako funtzio publikoko langileak grebara deitu dituzte Frantziako Estatuan, Frantziako Gobernua prestatzen ari den aurrekontua salatu eta funtzionarioei begira aurreikusi dituzten neurriei buru egiteko.

Besteak beste, lan geldialdiak hartzean lehen egunak ez ordaintzea eta geldialdi egun bakoitza gutxiago ordaintzea aurreikusi du Frantziako Funtzio Publikoko ministroak. 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.