Haurtzaindegietan euskarazko harrera orokortzeak eztabaida piztu du Elkargoan

Euskal Elkargoaren batzarra
Euskal Hirigune Elkargoaren batzarra, gaur goizean. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2023ko abenduaren 9a
15:10
Entzun

Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiek batzarra egin dute egun. 64 punturi buruzko bozketak egin dituzte, eta, 2017an sortu zenetik, lehen aldiz zuzenketa bat onartu dute hautetsiek: Bil Gaiten ezkerreko abertzaleen taldeak proposatu du, eta, moldaketa bat egin ondotik, onartua izan da. Bil Gaiten talde politikoko Egoitz Urrutikoetxeak proposatu du zuzenketa, elkargoaren esku diren haurtzaindegietako araudiari buruzko puntuan. Izan ere, proposatu du hizkuntza politikari buruzko arau bat gehitzea eta, haren bidez, «euskarazko eta gaskoierazko harreraren labelizazioa orokortzea».

Etxegaraik uzkur begiratu dio proposamenari. Haren arabera, Frantziako Konstituzioaren bigarren artikuluaren kontrakoa da —artikulu horrek dio frantsesa dela errepublikako hizkuntza—. «Ni ez naiz artikulu horrekin ados, baina ez du kentzen arrisku bat hartzen dugula legez kanpo izateko. Ez du balio zapi gorria astintzea toreatzaile baten gisara. Batzar hau erakusleiho politiko baten gisa baliatzen duzue, prentsak hori aipa dezan», leporatu dio Bil Gaiten taldeari. Azkenean, Antton Kurutxarrik proposatutako aldaketa txiki bat egin diote zuzenketari batzar denboran; «labelizazioa orokortzea sustatzea» onartu dute hala. 24 abstentzio izan dira, lau boz kontra, eta, 164, alde.

BERRIAk Egoitz Urrutikoetxea Bil Gaiten taldeko kidea elkarrizketatu du batzarrean bertan. Entzun bere erantzunak:

Egoitz_Urrutkoetxea., 11.25

 

Urrutikoetxeak erran du Bil Gaiten taldearen helburua ez dela Elkargoaren funtzionamendua oztopatzea, baizik «ekarpenak egitea». Erran du Elkargoaren hizkuntza politikaren araberakoa dela zuzenketa, eta estrategikoa dela haurtzaindegietan euskarazko harrera egitea. Haren ustez, zuzenketak ez du ematen «interpretaziorako» tarterik. «Eztabaida aberasgarria da, bakoitzak bere ikuspegia badu. Ikusten da batzuek oraino hizkuntzen hedapenarekiko aldekotasunik ez dutela. Hortan bego, baina iruditzen zaigu Elkargoko batzarraren helburua ere badela horrelako eztabaidei lekua egitea».

Izan ere, Arnaud Fontaine Ozaraineko (Zuberoa) hautetsiak argudiatu du «hizkuntzei buruzko eztabaidak» ez duela lekurik haurtzaindegien araudiari buruzko erabaki batean. Haren ustez, batzordeetan eztabaidatu daitekeen gaia da, baina ez batzar orokorrean.

Igandeetako lana, hedatua

Gai zerrendako azken-aitzineko puntuak ere eztabaida piztu du. Igandeetako lanari buruzko bozketa egin dute hautetsiek, zenbait herritan urtean hamabi igandez lan egiteko aukera zabaltzeko. Orain arte, bost igandetara mugatua zen aukera hori. Sylvie Durruti Baionako hautetsiak aurkeztu du proiektua, eta segurtatu du merkatarien galde bati erantzuten diola. Gainera, herri batzuei bakarrik eragiten die neurriak, esplikatu duenez: Donibane Lohizuneri, Baionari, Angeluri eta Miarritzeri (Lapurdi). Mixel Esteban Baionako oposizioko hautetsiak eta Sauveur Bacho Arberatzeko auzapezak neurria gaitzetsi dute.

Bil Gaiten taldeko Gilles Haranek ere hitza hartu du: «Igandeetako pausa eskuratutako eskubide bat da, garrantzitsua dena. Igandeetan lan egiten dutenek, errealitatean, ez dute hauturik. Beren lansari apalek behartuta ari dira lanean egun horretan. Anartean, nagusiek gero eta irabazi handiagoak dituzte». Proposamenaren kontra bozkatu dute Bil Gaiten taldeko kideek.

Finean, Elkargoak neurriaren alde egin du. Azkenean, 86 hautetsik bozkatu dute alde (%59) eta 59k kontra (41%); 22 abstenitu dira. 

Elkarrerekin Herriarentzat taldea, kexu

Iazko abenduan talde politikoak sortu zirenetik egin duten seigarren batzarra izan da, eta zer errana eman du talde politikoen eratzeak. Erraterako, Etxegaraik talde politikoetan diren hautetsiei eskatu die hitza hartzen duten aldi oro beren izenean ala talde politikoaren izenean ari diren zehazteko.

Batzarra hasi eta berehala, talde politikoen inguruko eztabaida izan da. Marie Pierre Burre-Cassou Elkarrekin Herriarentzat —Peio Etxeleku buru duen— talde politikoko kideak Jean Rene Etxegarai lehendakariari leporatu dio talde politikoko kolaboratzailea errekrutatzeko oztopoak jartzea. Izan ere, talde politikoek kolaboratzaile bat kontratatzen ahal dute Elkargoko dosierrak-eta aztertzen laguntzeko.

Etxegaraik erantzun dio ez dituela berak egiten legeak; «nik legeak aplikatzen ditut». Burre-Cassouri erran dio «kasu partikular bat» jendaurrean eztabaidatzera ekartzen zuela, eta bere horretan utzi du eztabaida, bukatutzat jota.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.