Elkargoko batzarra gibelatzea kritikatu dute hautetsi batzuek

Ez dute sinesten osasun egoerak bultzatu duenik Etxegarairen erabakia. Arrazoi politikoak ikusten dituzte. Elkargoak berretsi du osasun dispositiboa hobetu nahi dutela

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Gaur goizerako aurreikusia zen Euskal Hirigune Elkargoko batzarra ez da eginen. Osasun egoera argudiotzat ezarririk iragarri zuten gibelatzea, ostegunean, baina emandako arrazoiek duda sortu dute hautetsi batengan baino gehiagorengan. Elkargoko exekutiboan parte hartzen dutenek ere asteazken arratsean jaso zuten gibelatzearen berri, mezu elektroniko batean; erabakia lehendakariaren inguruan hartu dela diote. Gibelatzearen zinezko arrazoia politikoa izan daitekeela uste dute, beraz, gaur eztabaidatzekoak ziren gai batean baino gehiagotan Jean Rene Etxegaraik gutxiengoan gelditzeko arriskua zuelakoan. Euskal Hirigune Elkargoko komunikazio zerbitzuak berretsi du osasun egoerak bultzatu duela gibelapena, eta ondoko bilkuran gai zerrenda bera izanen duela batzarrak.

Euskal Hirigune Elkargoko batzarrak 232 hautetsi biltzen ditu. 2017an sortu zenetik, Baionako fakultateko anfiteatroan egin ohi dituzte bilkurak, baina, pandemiak sortutako egoerari erantzunez, Baionako Lauga kirolgelan eta Glaineko elkartetxean elkartu izan dira joan den uztailetik, osasun neurriak errespetatu ahal izateko. Konparazione, 800 pertsona bildu ziren atzo arratsaldean eremu txikiagoa duen Baionako katedralean, aste honetan zendu den Jean Grenet Baionako auzapez ohiari azken agurra emateko.

Astelehenean bidali zioten prentsari elkargo batzarrerako deialdia, gai zerrendarekin; asteazken arratsean izan zuten gibelatzearen abisua hautetsiek. Prentsari bidalitako agirian, bi arrazoi aipatu zituen elkargoko komunikazio zerbitzuak. Asteazken arratsean, Gabriel Attal Frantziako Gobernuko bozeramaileak egin zituen adierazpenak, batetik: osasun egoera «okertzen» ari dela adierazi zuen, etaegoera «kezkagarria» dela Frantziako Estatuko hamar departamendutan. Haatik, ez zuen arrisku lurraldeen artean kokatu Ipar Euskal Herria barnean hartzen duen Pirinio Atlantikoetako Departamendua. Bestetik, azkenaldian zenbait hautetsik erakutsitako dudak aipatu zituen elkargoak. Azken astean elkargoko zenbait batzordetan parte hartu duten exekutiboko hautetsi batzuen arabera, haiek ez dute halakorik sentitu. Baina, BERRIAk jakin duenez, Baionako Glaineko elkartetxean iragan zen azken bilkuran, osasun neurriak ez ziren inondik inora bete. «Bilkuraren ondoren, elkartetxeak atarian duen aterpean elkartu ginen kasik hautetsi guziak, bata bestearen gainean, ogitarteko bat jateko. Bat baino gehiago kexatu zen», kontatu du lekuko batek.

Kotte Ezenarro Hendaiako (Lapurdi) auzapez eta Euskal Elkargoko finantza eta aurrekontu lehendakariordearen ustez, gibelatzea «erabat arrazoitua» da. «Ez dut gehiagoko informaziorik. Pentsatzen dut lehendakariak erabakia hartu duela arriskua ikusi duelako», adierazi du. Iritzi berekoa da Isabelle Pargade Hazparneko (Lapurdi) auzapez eta Euskal Elkargoko Laborantza eta biharko elikadura lehendakariordea ere: «Normala iruditzen zait; osasun neurri bat dela kontsideratzen dut». Gogorarazi du departamenduko Kontseilu Nagusian eta herriko etxe andanatan telematikoki egiten dituztela bilerak, askoz ere hautetsi gutxiago izanik ere.

Gai gatazkatsuak

Elkargoan ardurak dituzten kolore politiko ezberdinetako hautetsi batzuek bestelako iritzia agertu diote BERRIAri. Haien hitzetan, azken asteetan egin dituzten elkargoko bilkura andanatan ez zaio osasun egoerari aipamen bakarra ere egin, ez dute sinesten argudioa, eta erabakiaren gibelean arrazoi politikoak egon litezkeela uste dute.

Hain zuzen ere, elkargoaren aurrekontua eztabaidatzen hasiak dira azken asteetan, eta, norabideak oraindik finkatuak ez badituzte ere —gaurko batzarreko gai zerrendan zegoen aurrekontuen norabideak zehaztea—, hiru proiekturen diruztapena bozkatzera deituak ziren elkargoko hautetsiak gaurko batzarrean: Baigorrin (Nafarroa Behera) eraikitzekoa duten kirolgela, Donibane Lohizunen (Lapurdi) egin nahi duten polo kulturala eta Baionako errugbi taldearen zelaiko harmailen berritzea.

Hiru gai horiek «gatazkatsuak» direla aitortu diote BERRIAri kontsultatu dituen iturriek. «Gogoeta lanak bukatu gabe», «kontzertaziorik gabe» iritsi dira erabakiak gai zerrendara, eta Etxegaraik «indarrez» pasatu nahi zuela diote. «Hiruzpalau batzorde izan dira diru gaiak aipatzeko. Erraten digute egoera ekonomikoa zaila dela, nahitaez zergak emendatu beharko direla, aurrekontuari buruzko ateleriak ez dira bukatuak... eta 12 milioi euroko engaiamendua aurkezten digute», harritu da horietako bat. Gai horien inguruan «kontrako posizio azkarrak» zeudela dio beste batek. Etxegarai ezezko bat jasotzeko «beldur» zela uste dute.

Ezenarroren iritziz, ez da «gai polemikorik» aipatutakoen artean. «Zintzoki, ez dut uste». Baina aitortu du Euskal Elkargoa sortu denetik Etxegarai ez dela behin ere gutxiengoan gelditu. «Hori da Euskal Hirigune Elkargoaren indarra».

Gai zerrenda bera

Euskal Hirigune Elkargoko zenbait hautetsik gibelatzeari buruz emandako arrazoiez duda agertu ondotik, komunikazio zerbitzuarengana jo du BERRIAk galdera sorta batekin. Atzo arratsaldean erantzun zuten, eta berretsi zuten osasun egoerak bultzatu duela gibelatzea. Frantziako Gobernuko bozeramailearen adierazpenez gain, Eskualdeko Osasun Agentziak koronabirusaren aldaerez abisua eman dutela jakinarazi dute. Era berean, elkargoko zuzendari nagusiak hautetsi batzuen deiak jaso dituela argitu dute: «Bi arrazoi aipatzen dituzte nagusiki: beren osasun segurtasuna eta herritarrei erakusten zaien irudia». Haien hitzetan, horrek bultzatu du Jean Rene Etxegarai elkargoko batzarra gibelatzera, osasun dispositiboa indartzeko neurri berriak aurkitu artean. «Gai zerrenda bera atxikiko da, hiru erabaki horiek barne». Egun horretan ikusiko da gai horiek zenbateko eztabaida eragiten duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.