Elkargoaren konpentsazio neurriak azkarki apaldu ditu turismorako bizitegiak erregistratzeko eskaerak

Bihar beteko da urtea elkargoaren arau berria indarrean sartu zela. Haren kontrako hiru helegite daude Bordeleko Administrazio Arloko Dei Auzitegian.

Emakume bat turismo etxe batera sartzen.
Emakume bat turismo etxe batera sartzen. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko otsailaren 29a
10:23
Entzun

Indarrean jarri eta urtebetera, emaitzak bildu ditu turismo bizitegiak mugatzeko helburuarekin Euskal Hirigune Elkargoak onartutako konpentsazio neurriak: azkarki apaldu dira bizitegi turistikoak erregistratzeko eskaerak. Izan ere, arau berriarekin, bizitegi bat urte osoan turismora bideratu nahi duenak herri berean den lokal komertzial bat bizitegi bilakatu behar du baimena eskuratzeko. 

Elkargoak eman dituen datuen arabera, iazko martxoaren 1etik 399 baimen erregistratu dituzte Ipar Euskal Herrian tentsio handiko eremuan diren 24 herrietan; horietarik bi bakarrik konpentsazio arauarekin –biak Lapurdin: bat Hendaian, eta bestea Miarritzen–. 321 alokairu mistoan dira, hau da, bederatzi hilabetez ikasle bati alokatzen diote, eta udako hiru hilabeteetan turismora bideratuak dira. Azkenik, 77 jabearen etxebizitzari loturiko bizitegi turistikoak dira.  

Datuak deigarriak dira aitzineko urteetakoekin konparatuta: Alda mugimenduak zabaldutakoaren arabera, 2.453 baimen eman zituzten 2020an, 2.299 baimen 2021ean, 4.665 baimen 2022an, eta 250 baino gehiago 2023ko urtarrilean eta otsailean. Aitzineko arauaren arabera eginiko erabilera aldaketa horiek hiru urterako balio dute. Hala, konpentsazio araua indarrean ezarri zen egunean, 9.991 bizitegi ziren urte osoan turismora bideratuak; elkargoaren arabera, egunero apaltzen ari da zenbaki hori, eta 2026ko martxorako kasik hutsera iristea espero dute. 

Etxebizitzen bilakaera

Paueko Administrazio Auzitegiak ontzat eman zuen elkargoaren konpentsazio araua 2022an, baina haren kontrako beste hiru helegite daude oraindik Bordeleko Administrazio Arloko Dei Auzitegian. Horregatik, gaiari buruzko adierazpenak mugatu nahi ditu elkargoak, auzian ez eragiteko. 

Hala ere, neurriaren eragina «ikusgarria» dela adierazi dute: «Lehen helburua lortua dela iduri du: gelditua da bizitegi nagusiak turismo bizitegietara aldatzearen isuria». Ipar Euskal Herriko erakundearen arabera, erosketa prozeduretan bankuek ez dituzte gehiago integratzen turismorako alokairuetatik aurreikus litezkeen irabaziak, eta notarioek ere ez dute gisa horretako inbertsiorik gomendatzen. 

Haatik, oraindik ezin da jakin lehenago turismora bideratuak ziren bizitegiak zer bilakatu diren: bigarren etxeak diren, salduak izan diren ala urte osoko alokairura bideratuak izan diren. Adierazi dute datuak eguneratzen ari dela Euskal Elkargoarentzat lanean ari den Audap hirigintza agentzia. Alda mugimenduak, haatik, egin dituen «behaketetan» oinarrituta, azaldu du urte osoko alokairuen kopurua emendatzen ari dela. 

Ikuskatze kontrolak

Baiona, Angelu eta Miarritze kenduta, tentsio eremuan diren gainerako 21 herrietan Euskal Hirigune Elkargoak egiten du konpentsazio neurriaren kontrol lana: hiru langile ari dira lanaldi osoan erregistratzeak eta kontrol lanak kudeatzen. Elkargoaren datuen arabera, araua betetzen ez zuten 335 enpresa eta 800 norbanako identifikatu dituzte iazko martxoaren 1etik, eta egoera lehenbailehen zuzentzeko eskatu diete. Iragarri dute kontrol fisikoak ere izango direla udaberritik aitzina. 

Iazko ekainean, Aldak ekintza bat egin zuen Miarritzeko etxebizitza batean konpentsazio arauari egindako iruzurra salatzeko. Orduan jakinarazi zutenez, herriko etxeak gisa bereko mila iruzur inguru identifikatu zituen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.