Herriko bozak Ipar Euskal Herrian. Etxebizitza

Elkargoak gauza anitz argitzekoak ditu oraino bizitegien programan

Euskal Elkargoko hautetsiek azken herriarteko kontseiluan bozkatu zuten Bizitegien Tokiko Programaren egitasmoa. Asmoen betetzeko neurri zehatzak argitu beharko ditu ondoko asteetan

Itsasun, lehen laborantzarako zen lur ordokian duela zenbait urte egin zen bizitegi programa bat. I. E.
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2020ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
BTP Bizitegien Tokiko Programa egitasmoa bozkatu zuen Euskal Elkargoak otsailaren 1ean. Oraino lantzekoa du, programa arren finkatu arte, bizitegien politika markatuko baitu ondoko sei urtetako kargualdian. Norabide orokor batzuk dira agertzen bozkatu agirian, zer eta nola obratuko den zehazteko utziz. Hala dokumentuko zenbait zati: «Gaurko eta biharko biztanleriaren bizitegi beharrei erantzun»; «bolumen eta kantitatean menperatuagoa den eskaintza garatu; tokiko familientzat eskuragarriago, herri erdiguneak indartuz eta lurraldean hobeki banatuak barnealdearen garapena laguntzeko»...

Bozkatu den BTP egitasmoaren azterketa bat eskatu dio BERRIA-k LTEP Lurren Tokiko Erakunde Publikoko zuzendari Arnaud Portierri. Lehen ustekabea izan da bizitegi eta lurren sailean lurraldeko eragile nagusietarik den Lurren Erakunde Publikoari hautetsiek ez diotela kasik dei egin ere gogoetan parte hartzeko. «Garbi errateko, BTPtik franko urrun atxikiak izan gara. Elkargoko zerbitzuek deitzekoak gaituzte, lurren egoeraren azterketa aurkez diezaguten. Alta, proposatu zitzaien LTEPk Elkargoa lagun zezan azterketaren egiten. Nahiago izan dute kanpoko kabinete bat hartu. Harritu gaitu, baina hori izan da hautu politikoa». Jakinez, BTP bururatua eta bozkatua izanen delarik, erakundeek LTEPrengana joko dutela obratzeko. Gehiago dena, Ipar Euskal Herriko lur funtsen bere azterketa jada egina du LTEPk.

Hain zuzen, egin duen azterketa horrek dakarren ondorioa da BTP berriak finkatu norabide batzuen guziz kontrakoa egin dela azken urteetan. Herriko etxeek ez dute kasik erabili LTEP eraikuntzen publikoki menperatzeko. Bereziki metro koadroa karioena den eremuan. «Itsasbazterra da gehienik, eta ohartu gara arras guti etorri direla guregana bizitegi berrien egiteko. Alta, anitz bizitegi eraiki dira, eta kasik denak pribatuek egin dituzte. Gainera, bizitegi sozial anitz pribatuei eginarazi zaizkie, eta horiek gero berriz saldu dizkieteeragile sozialei. Horren ondorioa izan da lurren prezioa goiti joan dela eta obralaritza publikoak gibel egin duela». Pribatuarekiko joko horrek beste arazo bat dakar prezioetan eragin azkarra duena: zerga kenketen operazioak. Eraikitzaile pribatuek —gehien-gehienetan— bizitegi sozialak egitea onartzen dutelarik, eraikuntza berean sartzen dituzte Pinel legeak ahalbidetu zerga kenketa bidez erosi bizitegi aise karioagoak, erosahalmena dutenentzat. Frankotan, bigarren egoitza kukutuak dira horiek, eta merkatu prezioak zalu iganarazten dituzte. «Lekuka bost, sei, zazpi mila eurora helduak gara metro koadroko. Hamar mila eurotaraino doa batzuetan». Nor dira, zerga kenketa horien bidez erosten dutenak? «Inbestitzaile pribatuak izan daitezke, zerga ttipitu nahi dutenak, gero AirBNB gisa alokatzeko. Anitz dira erretretara helduak, erretreta hemen iragateko erosten dutenak, edo bigarren egoitza gisa erosi dutenak».

Gehiago dena, ohartu dira pribatuek altxatu eraikinak guziz kalitate apalekoak direla. Bospasei urte barne, oraino berriak diren eraikinetan gaizkontzeak agertzen dira, jabeen arteko kudeaketan zailtasun handiak badira bigarren egoitza gisa erosi dutenek ez baitute indarrik egin nahi antolatze lanen pagatzeko. Bizitegi sozialak beren gain hartu dituzten obralari sozialak bakarrik dira arazoari buru egiteko. «Zenbait urteren buruan andeatuak diren jabe anitzeko eraikin horietan kudeaketa arazo handiak izan daitezke. Eraikitzaileak, gainera, hamar urteren buruko ez du gehiago betekizunik; engaiamendua hamar urtekoa zuen, salmenta egina du, eta joana da beste negozio batzuetara».

Ondorio horiek atera ondoan, LTEPk hautetsiei galdera egin die: «Eraikuntzen garapen hori jasan duzue edo hautatu duzue plantan ematea? Ez digute erantzun!». Jakina da hautetsi batzuek nahitara utzi dietela obralari pribatuei nahi zutena egiten biztanle kopurua emendatu nahi baitzuten Herriko Etxeak diru sartze handiagoak izan zitzan.

Elkargoa vs estatua

Kinka ikusirik, iduri luke hautetsi batzuk ohartu direla urrunegi joan dela. Dena da lema nork duen eta nola eskuan har dezaketen tokiko erabakitzaileek. Portierren ustez, Elkargoa parada da. «Lurralde honek suertea du, hirigune elkargo bakar gisa egituratu baita. Gaur egun, Elkargoak ditu eraikuntzarako laguntzak banatzen estatuaren ordez. Beraz, baditu ahalak bizitegien inguruko bere politikaren obratzeko, arauak finkatuz, errateko: 'Hau onartzen dut, hau ez!'». Baina, horretarako, herriko etxe bakoitzarekin duen harremana argitu behar luke. Oreka bat balitzateke atzematekoa, auzapez eta herri kontseiluek gogoetan parte har dezaten, baina denentzat balio luketen arau zorrotzak finkatuz. «Elkargoak erraten badu ez dela normala obralaritza publikoa kasik desagertua izatea eta, itsasaldean bereziki, dena pribatuaren bidez egiten segitzen bada, kontrolik gabe, ele eder eta gogoetak oro alferrak izanen dira».

Beste gauza bat ikusten du LTEPko buruak haxean ezartzekoa: estatuaren jokamoldea. Zentzugabea zaio estatuak hiri bakoitza bortxatzea bizitegi sozialen kopuruak emendatzera gaztiguen mehatxupean, eta, halaber, jabetza pribatua eskubide hunkiezina zaionez, uzten baitu merkatu pribatua nahi duena egiten. «Estatuak eragiten du egoera hori bere politiken inkoherentziagatik. Batetik, lurren prezioak menperatu behar direla, bizitegi sozialak egin, eta, bestetik, Herriko Etxeei sekulako hertsadurak sartzen dizkie». Horri gehi ez duela gehiago dirurik eman nahi udalen laguntzeko bizitegi arloan, edo arras guti.

BTPk bere xedetan idatzi duen zenbaki bakarra hau da: 2.650 bizitegiren eraikitzea urtean, «1990eko hamarkadako erritmora» berriz jausteko. Zergatik absolutuki eraikitzen jarraitu galdegitean, Portierrek dio dena ez dela tokiko hautetsien esku. «Finkatuak diren zenbakiak estatuak ditu ematen. Estatuak dio Ipar Euskal Herriari erraten: 'Behar dituzue honenbeste urteren buruko honenbeste bizitegi sozial eraiki'. Bihar, Ipar Euskal Herriko hautetsiek erraten balute: 'Geldi gaitezen, aski da! Lurraldean berean bada jendea bizitegi beharretan dena', estatuak segituko luke presio ezartzen. Urtean 2.650 bizitegiren egiteko zenbaki hori gaur egun estatuak behartzen duenaren azpitik da. Ikusi beharko da zer gertatuko den, ezen BTP estatuko zerbitzuek balioetsi behar dute orain». Baina LTEPko zuzendaria urrunago doa. Beste herrialde batzuetan bezala, hala nola Suitzan, tokiko beharrei lehentasuna ematea posible litzatekeela dio, nahikaria balitz. «Zergatik ez arauak ezarri lehentasuna emateko lurraldean bizi den jendeari, adibidez HLM [alokairu apaleko bizitoki] bat alokatzen duen bati, eros dezan? Lehenetsiz Tolosa edo Bordeletik erretretaren pasatzera heldu den baten aitzinean».

Deslotzekoa den beste korapiloa hirigintza planena da. Bizitegien programa bezala, lurralde mailako HHP Herriarteko Hirigintza Plana zehaztekoa du Elkargoak. Bizkitartean, ez dira aldi beretan jinen; alta, Portierrek argi du ezinbestekoa dela bateragarriak izatea. Iduri luke, hirigintza plan bakarra izateko partez, eremuka eginen direla. Ez baitira kinka berak Lapurdin eta Zuberoan, konparazione. «Bizi eremuaren araberako hirigintzak izanen dira eta HHP guzien batuketa izanen da elkargo mailakoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.