Anita Lopepe. EH Bairen bozeramailea

«Elkargoa ez da helburua; anbizio handiagoko instituzio bat behar dugu»

Ipar Euskal Herriko elkargo bakarraren sorrera etorkizunerako aukera gisa ikusi behar dela dio Lopepek. Hori da EH Bairen aurtengo erronka nagusia, gatazkaren konponbidean Frantziako Gobernua urratsak egitera bultzatzearekin batera.

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2016ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Bilkuraz bilkura hasi dute urte politikoa EH Baiko kideek. 2017ko urtarrilaren 1ean sortuko da Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoaren proiektua, eta hura prestatzen ari dira. Mugimendu abertzalearen apustuan sinesten du Anita Lopepek (Uharte Garazi, Nafarroa Beherea, 1976), baina herritarren parte hartzea indartu behar dela dio.

Nola bizi izan duzue elkargoaren inguruko prozesu guzia?

Frantziako Gobernuak abiatutako lurralde erreforma ezberdinen harira, Ipar Euskal Herriaren lurraldetasunaren kontrako mehatxu etengabe bat egon da, gure lurraldearen parte batzuk multzo handiago batzuetan urtzeko arriskua zekarrena. Elkargo bakarrarekin aukera ikusi dugu lurralde hori instituzio baten barnean finkatzeko, eta, horregatik, buru-belarri sartzea erabaki genuen. Gure hautetsien bidez eta Batera-n inplikatuz, indarrak jarri ditugu eztabaidan.

Zer nabarmenduko zenuke orain arteko prozesuari buruz?

Ororen buru, ariketa horrek biziki emaitza interesgarriak ekarri ditu Ipar Euskal Herriarentzat. 158 herri dira, bakoitzean gutxienez 11 hautetsi; lehen aldia da horiek guziak eztabaidan jartzen direla, Ipar Euskal Herriko ikuspegiarekin, gerora begira lurraldearentzat zer den egokia gogoetatzeko. Eta, horrekin batera, uste dut bozketa bera ere interesgarria izan dela. Herritarrek bozkatu ez badute ere, lurralde batek duen erabakitze eskubidearen gauzapen mota bat izan da, herriko kontseiluek erabaki baitute elkargo bakarraren sorrera.

Jarritako helegiteekin, edozein momentutan auzitegi batek dena bertan behera uzteko arriskua ikusi da. Ahula da prozesua?

Ez dut uste ahula denik. Guk hasieratik onartua genuen joko arauak ez zirela guk finkatutakoak, Parisek finkatuak baizik. Prozedura administratibo bat da, bere egutegiarekin, bere trikimailuekin eta bere helegite bide posibleekin... Hori da inposatu zaigun joko zelaia. Auzitegi erabaki batek prozesua geldi dezake, baina bereziki ikusi dena da helegite horien bultzatzaileak gutxiengoaren gutxiengoa direla. Eta, ondoan, gehiengo zabal bat bada elkargo bakarraren alde, eta hautetsi andana lanean dena, tresna hori nolakoa izanen den marrazteko.

Bi hilabete eta erdiko epea gelditzen da. Prest izanen da?

Ahaleginak egin beharko dira horretarako. Paueko Administrazio Auzitegiak prozedura bertan behera ez uztea erabaki du, gidaritza batzordeak lanean segitzen du, eta baditu gauza anitz trenkatzeko... Pentsatzen dut urtarrilaren 1ean elkargo bakarra sortuko dela; edukietan zehaztasun maila handiago edo txikiagoarekin —ikusi beharko da lanak nola aitzinatzen diren—, baina sortu sortuko da. Alde horretatik, denen interesetan litzateke helegite horiekin ahalik eta denbora galtze eta energia xahutze gutxien egotea.

EH Bairen rola zer izanen da bi hilabete eta erdi hauetan?

Badira EH Baiko hautetsi batzuk gidaritza batzordean parte hartzen dutenak. Baina tokiko taldeetan ere badira hainbat gogoeta martxan direnak gauza konkretuen inguruan. Hamar herri elkargoetatik bakarrera pasatzeak aldaketa tekniko handi batzuk dakartza, jendeen eguneroko bizia ukitzen dutenak. Adibidez, uraren kudeaketa orain arte modu batera egiten zen elkargo batean eta desberdin beste batean; hori guzia harmonizatu beharko da. Berdin beste gai batzuekin. Tokiko taldeak ari dira lan hori eramaten. Guk maila horretan eragingo dugu ondoko bi hilabeteetan, betiere eraikitzeari emanez lehentasuna.

Zer da zuen proiektua elkargo bakarrarentzat?

Behin martxan ematean —eta horregatik iruditzen zitzaigun ezinbestekoa gutxieneko tresna hori sortzea—, lurralde osorako politika publikoak eramateko aukera izanen da. Gaur egun, instituzio ezberdinen gain dira eskumen batzuk, eta garraio sailean, adibidez, politika publikoak ez dira aski eraginkorrak. Eskala horretan eraman daitekeen proiektu koherente bat osatu nahi dugu. Eta, horren ondoan, badira guretzat garrantzitsuak diren tematika batzuk. Elkargoaren sorrera ez da guretzat helburu bat; anbizio handiagoko instituzio baten beharra ikusten dugu, Euskal Herriaren eraikuntza dugulako xede.

Zein gai?

Adibidez, iruditzen zaigu garrantzitsua dela mugaz gaindiko politiketan eragiteko parada izan dezagun. Gaur egun, Hego Euskal Herriko instituzioek dituzten harremanak Bordele edo Pauerekin dituzte. Gure gainetik pasatzen diren mugaz gaindiko harremanak dira; guretzat arras zentzugabea. Nafarroa eta EAErekin Ipar Euskal Herriko instituzioa izan behar da interlokutore nagusia.Maila berean, lurralde osorako pentsatutako hizkuntza politika baten beharra ikusten dugu, eragin eta anbizio gehiago izanen lukeelako. Proiektuaren ardatz nagusiak definituak ditugu. Orain, EH Bairen barnean proiektua zehazteko eta gauzapen konkretuak aztertzeko gogoeta abiatuko dugu, ondoko hilabeteetan mamituko dena.

Norekin eta nola eramanen duzue proiektu hori? Zer gehiengo posible dira?

Oraingoz, ez da aurreikusten elkargoan izanen diren hautetsiak hautatzeko bozka zuzenik; herriko kontseiluek definituko dute herri bakoitzetik nor bidali. Horrek, dudarik gabe, badu eragina egitura horretan izan genezakeen pisuan. Gutiengoan izanik ere, gutiengo egituratu bat izanen gara, elkargoan izanen diren abertzaleak saretuko ditugu, guretzat garrantzitsua delako lurralde ikuspegiarekin aritzea. Alde horretatik, umiltasun osoz, uste dut abertzaleek badugula ohitura lurralde ikuspegiarekin pentsatzeko, badugula proiektu bat Ipar Euskal Herri guzirako. Beste alderdiek ez, sinpleki gehienak ez direlako Ipar Euskal Herrian antolatuak. Horrek ardura berezia ere ematen digu, zinez lurralde guziarentzako tresna bat izanen dela bermatzeko. Horren arabera arituko gara, gure indar propioekin, eta gerora begira ikusiko dugu beste indarrekin zer konbergentzia posible den.

Zer bilakaera izan beharko luke elkargoak berak?

Guk apustua egin dugu, estatuaren interesetan aurkeztua izan den aukera horretan guk ere interesak aurki genitzakeelako. Hala ere, argi dugu gabezia batzuk badituela. Eskumenen aldetik, herri elkargo baten eskumenak ditu; beraz, bistan dena muga bat badu horrek. Ordezkaritzaren aldetik ere, herriko kontseiluetan izendatutakoak izanen dira. Guretzat, egokiagoa litzatekeen instituzio baterako, ordezkariek sufragio zuzenaren bidez hautatuak izan beharko lukete, eta eskumenetan ere, noizbait garapen bat beharko da. Bide eginez, ohartuko gara hainbat arlotan ez garela nahiko genukeen bezain urrun joaten ahalko, erabakien eta diruztatzeen parte bat beste instituzio batzuen esku geldituko delako, eskualdeko ala departamenduko kontseiluen esku. Egitura horrek bilakaera bat beharko du bere ordezkatze demokratikoan eta eskumenetan; gaur egun Bordelen edo Pauen kudeatzen dituzten hainbat eskuduntza Ipar Euskal Herri mailara transferitu beharko dira.

Zer borondate du Frantziako Gobernuak Ipar Euskal Herriko aldarrikapenak entzuteko?

Elkargo bakarra sortzearekin Ipar Euskal Herriarekin zuten dosierra itxitzat emango dutela pentsatzen dut. Guretzat, Frantziak ez du konpondu Euskal Herriarekin muinean duen gatazka. Eta ondorioetan ez Espainiak ez Frantziak ez dute atal bakar bat ere gauzatu, ez presoei dagokienez, ezta iheslariei dagokienez ere. Arlo batzuetan gauzak okertu direla ere erran genezake. Egoera ulertezina da. Alde batetik, bakera heltzeko borondate argi bat, behin eta berriz adierazia talde armatu batengandik, eta, bestetik, bi estatuen blokeo arduragabea.

Bost urte beteko dira Aieteko bake konferentziatik, eta kasik iduri du ez dela ezer mugitu.

Estatuen aldetik ez da ezer mugitu. Hala ere, ez dut uste azken bost urteetako bilana hutsa denik. Gatazkaren ondorioen gaia mugimendu abertzaletik zabaldu da, eta, presoen arloan, sentsibilitate ezberdineko jende anitz ari da elkarrekin lanean. Hori berritasun bat da, urteetan abertzaleek bakarrik eraman dituzten gaiak izan baitira. Era berean, elkarrizketaren bidez, hurbilpen batzuk lortu dira, horien artean da Baionako Adierazpena. Horrek ez du ekarri presoen hurbiltzea, ez du ekarri iheslarien etxeratzea, baina pentsatzen dut bide horretan sakondu behar dela. Parisen hartzen diren eta hartzen ez diren erabakiak jasaten ditugu, baina hemen eragitea da dugun bide bakarra.

Nola lortu herritarren aktibazioa?

Lortu diren elkarlanak, lortu diren atxikimenduak, eragile eta arduradun politikoen artean lortu dira usu. Oraindik ez dugu aski lortu norbanakoek —gure auzoak, gure lankideak, gure okinak...—, eragile konkretu batean ez direnek, zerbait aldatu dela sentitzea, eta beren esku ere badela etorkizun hori elkarrekin eraikitzea. Molde berriak asmatu behar ditugu, lehengo errezetek ez baitute funtzionatzen. Aspaldian abstentzioa handitzen ari da hauteskundez hauteskunde. Zerbait agortzen ari dela ohartzen garen fase batean gara, baina oraindik ez dugu asmatu zer izan daitekeen herritarren parte hartzea eta aktibazioa lor dezakeen bide berria. Burua hautsi behar dugu, maila guzietan eragiten duelako: gatazkaren konponbidean, instituzio berri horren sortzean, eta beste eguneroko gai anitzetan ere bai; ez badugu lortzen herritarrak beren buruaren jabe eta aktore izatea, kezkagarria da.

Hauteskunde urtea izanen da Frantzian.

Gure biltzar nagusian erabakiko dugu EH Baik zer eginen duen presidentetzarako eta legebiltzarrerako hauteskundeetan. Argi da momentu garrantzitsuak direla gure aldarrikapenak entzunarazteko, eta baita beste mugimenduak eta hautagaiak posizioak hartzera behartzeko ere.

Hautagai baten aldeko jarrera hartuko duzue?

Gure biltzar nagusian bi mozio aurkeztuko dira: hautagai baten aldeko jarrera hartzea eta ez parte hartzea. Presidentetzarako lehiatzeko asmoa duen bat, Christian Troadec, guregana hurbildu da. Aztertuko dugu zerbait ekar dezakeen lehia elektoral horretan gure proiektuarekin bat egiten duen edo bateragarria den hautagai bat bozgorailu gisa ukaitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.