«Behin betiko konponbidearen» aldeko aldarriak Bilboko kaleak bete ditu gaur. Euskal presoen eskubideen alde, milaka herritar Bizkaiko hiriburuan elkartu dira, baita hainbat eragile politiko, sozial eta sindikal ere. Salbuespen politikak amaitzea, bizikidetzaren norabidean aurreranzko urratsak egitea eta giza eskubideak bermatzea exijitu dute.
Gatazka politikoa konpontzeko bidean aurrera egiteko modurik onena «euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzea» dela uste du EH Bilduko Gorka Elejabarrietak. Koalizio abertzaleak ordezkaritza zabala bidali du manifestaziora; bertan izan dira, besteak beste, Arnaldo Otegi, Pello Otxandiano eta Laura Aznal. Izan ere, manifestazioan «masiboki» parte hartzera deitu dute aste honetan, baita EH Baik ere.
Elejabarrietak onartu du azken urteotan aurrerapausoak egon direla, baina argi utzi du oraindik ere «injustizia» asko gertatzen direla. Hori dela eta, zera esan du: «Uste dugu iritsi dela eguna salbuespenezko espetxe politika orori ateak ixteko, eta euskal gizartearen gehiengoak eskatzen duen bezala, bakearen eta bizikidetzaren norabidean aurrera egiten jarraitzeko». Euskal preso politikoen aferari «konponbide integral eta behin betikoa» ematea exijitu du: «Euskal Herriak merezi du euskal presorik gabeko agertoki bat».
«Uste dugu iritsi dela eguna salbuespenezko espetxe politika orori ateak ixteko, eta euskal gizartearen gehiengoak eskatzen duen bezala, bakearen eta bizikidetzaren norabidean aurrera egiten jarraitzeko»
GORKA ELEJABARRIETAEH Bilduko ordezkaria
Era berean, «behin betiko bakea» eskatu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, eta adierazi ez dagoela «inongo justifikazio politiko, juridiko, ezta sozialik ere» gaur egungo salbuespenezko espetxe politikari eusteko. Bestalde, biktima guztiak aitortzeko eskatu du, eta gogoratu «askotan estatuak eragindako biktimak» ez direla aitortuak izaten. Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, berriz, patronalari eta instituzio publikoei galdegin die preso ohien lanerako sarbidea eta pentsiorako eskubidea berma dezatela.
Babes zabala
Arroyok gogoratu duenez, «urteetan sindikatuen artean aho batez» aldarrikatu dute euskal presoen auzia konpondu beharra zegoela, «bakean eta elkarbizitzan aurrera egiteko». Izan ere, Euskal Herriko bi sindikatu nagusiek ez ezik, ESK, Steilas, Hiru, EHNE, CGT, CNT eta Etxalde sindikatuek ere atxikimendua agertu diote manifestazioari. «Garaia da beste fase bat irekitzeko, non Euskal Herrian ez den presorik egongo», azpimarratu du LABeko koordinatzaile orokorrak.
«Herri honetan dagoen adostasun soziala babestu nahi dugu, hau da, gatazka politikoki konpontzeko eskatu, eta herri honen autodeterminazio eskubidean aurrera egin»
SU MORENOCUP alderdiko ordezkaria
Beste hainbat eragilek ere babesa agertu diote mobilizazioari. Besteak beste, bertan izan dira Gure Esku, Ernai, Bilgune Feminista, Harrera eta Egiari Zor. Eta Euskal Herritik kanpoko eragileak ere batu dira protestara; adibidez, ANC Biltzar Nazional Katalana, CUP eta BNG, baita Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidente ohia eta Laura Borras Kataluniako Parlamentuko presidente ohia ere. «Hainbeste urtetako mina» gainditzeko ordua dela esan du ANCko Toni Strubell Truetak.
Oinarrizko eskubideen aldeko mezuarekin bat egin dute eragileek. Cesar Lagonigro Kataluniako Abokatuen Koordinakundeko kideak azaldu duenez, ezinbestekoa da «herritar ororen» oinarrizko eskubideak errespetatzea: «Preso guztiek eskubide berberak izan behar dituzte eta, gaur egun, hori ez dago bermatuta».
ERCko eurodiputatu Diana Ribak azpimarratu du beti lan egingo dutela oinarrizko eskubideen alde, eta badela garaia salbuespen politikak amaitzeko. Halaber, Juntseko Josep Pages i Massok epaileei exijitu die legea betetzea; batetik, «[Carles] Puigdemonten aldeko amnistia legea, bidegabeki erbestean baitago», eta, bestetik, euskal presoen aldeko legea, «espetxe politika desegoki bat» aplikatzen baitzaie «sistematikoki».
«Espainiako Estatuak iraganean eta immobilismoan iltzatuta» dirauela salatu du Xavier Antich Omniun Culturalen presidenteak, eta botere judizialak oraindik ez duela «trantsizio demokratikorik» egin. CUPeko ordezkari Su Morenok salatu du «Espainiako Estatuak herrien autodeterminaziorako eskubidea» urratzen duela, euskal presoen eskubideak ez ezik. «Herri honetan dagoen adostasun soziala babestu nahi dugu, hau da, gatazka politikoki konpontzeko eskatu, eta herri honen autodeterminazio eskubidean aurrera egin».
Mes Per Mallorca alderdiko ordezkaritza bat ere izan da manifestazioan. Hala adierazi du Viçen Vidalek. «Guztion giza eskubideetan aurrera egitea dagokigu». Mediterraneo itsasotik Europara iristen diren herritarren eskubideak izan ditu gogoan, eta adierazi du itsaso hori «hilobi bat» dela. Euskal Herrian ere eskubideetan aurrera egiteko beharra dagoela azpimarratu du.