Elkarbizitza, aretotik kartzelara

'Maixabel' pelikularen emanaldia antolatu zuen Nafarroako Justizia Departamentuak Iruñeko espetxean. Eduardo Santosek dio filmak «justizia errestauratiboa» mahai gainean jartzen duela.

Maixabel Lasa, Iciar Bollain eta Eduardo Santos, igandean, Iruñeko kartzelan eginiko emanaldian. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko irailaren 28a
00:00
Entzun
Aretoko argiak piztu eta txaloka hasi dira ikusleak, filmak arrakasta handia izan duen seinale. Maixabel ikusi berri dute. Han dira filmeko zuzendari Iciar Bollain eta Maixabel Lasa bera ere, estreinaldiaren osteko solasaldiari heltzeko prest. Adiskidetzeaz eta elkar ulertzeaz hitz egin dute, indarkeriaz eta bakearen kulturaz. Gizarteratzean oinarritutako justizia eredu errestauratibo baten beharraz. Ikusleek jarrera aktiboa izan dute une oro, galderak eta iruzkinak eginez. Izan ere, pelikulak planteatzen dituen gakoek zuzen-zuzenean eragiten diete: Iruñeko espetxeko presoak dira.

«Justiziari buruz hitz egiten du Maixabel filmak, bigarren aukera bat emateari buruz. Nork ulertuko ditu auzi horiek, preso batek baino hobe?», galdetu du Nafarroako Gobernuko Justizia eta Migrazio Politiken kontseilari Eduardo Santosek. Departamentu horrek antolatu zuen emanaldia Iruñeko kartzelan, iragan igandean: «Presoentzat, aukera polita da elkarbizitzari buruz hitz egiten duen pelikula bat ikustea, eta parte hartzea pelikula horrek gizartean sortu duen eztabaida sozialean. Orain da garaia, auzia pil-pilean dagoenean. Ez hemendik bi, hiru edo lau hilabetera. Ez telebistan ikusten dutenean. Orain, eta filmeko protagonistekin batera».

Maixabel Lasaren bizipenetan oinarrituriko istorioa da Maixabel. Haren senar Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibila izandakoa hil zuen ETAk 2000. urtean. 11 urteren ostean, Ibon Etxezarreta etakide ohiak aurrez aurre elkartzeko eskatu zion. Solasaldi hori da pelikularen ardatza, eta Justizia kontseilariari barrenak mugitzen dizkion eszena. Izan ere, Santos izan zen Lasaren eta Etxezarretaren arteko elkarrizketa antolatu zuten bitartekarietako bat, artean abokatua eta Salhaketako kidea zela. Are: bere etxean egin zuten solasaldia. Era klandestinoan, ia.

«2010. urtean presoekin egiten nuen lan, justizia errestauratiboaren esparruan, eta horregatik deitu ninduten», gogoratu du kontseilariak: «Esan zidaten ETAren biktima izandako batzuk eta presoen talde bat prest zeudela aurrez aurreko elkarrizketa sorta bati heltzeko». Ohartarazi zioten, hala ere, egitasmoa «diskretuki» antolatu beharra zegoela, «ETA aktibo zegoelako oraindik, eta auzi delikatua zelako».

Bitartekarien lana izan zen solaskideekin banan-banan batzartzea, galdera sorta bat prestatzea eta elkarrizketarako baliabideak jartzea. Prozesuaren erdian, baina, PP iritsi zen Espainiako Gobernura, eta bertan behera utzi zuen ahalegina: «Esan ziguten bilera errestauratibo horiek ez zutela ezertarako balio». Ordurako, baina, parte hartzaile gehienek josiak zituzten «lotura pertsonal sendoak», eta aurrera egitea adostu zuten, beren kabuz: «Konpromisoa hartua genuen bi aldeekin, eta horri eutsi genion. Ez genuen baimen ofizialik; hortaz, Ibon Etxezarretak espetxetik ateratzeko baimena jaso zuenean, aukera baliatu genuen elkarrizketa nire etxean egiteko».

Aurretik eginiko lan guztiari esker, Santos «ziur» zen elkarrizketek fruitua emanen zutela: «Bagenekien bi aldeek borondatea zutela hitz egiteko, eta bagenekien zer esan nahi zioten elkarri... Hala ere, elkarrizketen aurretik ziurtatu nahi izan genuen etakideek ez zutela egindakoa justifikatuko biktimen aurrean. Birbiktimizazioa saihestu nahi genuen, batez ere. Hori zen gure marra gorria». Lasaren eta Etxezarretaren arteko elkarrizketa, ordea, «naturala» eta «hunkigarria» izan zela uste du Santosek: «Biek zuten hitz egiteko gogo handia. Bi pertsonaren arteko elkarrizketa izan zen».

Ez joatea ere, «zilegi»

Pelikula amaituta, Maixabel Lasa eta Iciar Bollain zoriondu zituzten Iruñeko espetxeko presoek. ETAko kide izateagatik kartzelan dauden hamar bat preso, ordea, ez ziren emanaldira bertaratu. Pelikulari «bizkarra eman» ziotela argitaratu dute zenbait hedabidek. Santosek, baina, ez du interpretazio «negatibo» horiekin bat egiten: «Preso askorentzat, deserosoa da pelikula hori ikustea hedabideen aurrean. Film gogorra da, eta preso batentzat oso gertukoak izan daitezkeen gaiak jorratzen ditu. Eztabaidak pitz ditzake, edo prozesu intimoak azaleratu... Sentimendu horiek ez dituzu zertan jendaurrean erakutsi, eta emanaldira joan ez zirenek zilegitasun osoa dute». Elkarbizitzaren bidean «erritmo ezberdinak» daudela gogorarazi du: «Urratsez urrats eraikitzen da elkarbizitza, eta pausoak galdegin behar dira, bai, baina prozesuaren esparru pribatua errespetatuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.