Jesus Egigurenek (Aizarna, Zestoa, Gipuzkoa, 1954) dio badirela 40 bat urte Alfredo Perez Rubalcaba ezagutu zuela, biak ere PSOEn ardurak hartzen hasi zirenean. Harreman estua eduki zuten euskal gatazkaren 2005-2007ko prozesuan. Politikari handitzat dauka Rubalcaba zena.
Noiz ezagutu zenuen zuk Rubalcaba gehien?
Batik bat 2000ko hamarkadan, bake prozesurako lanean hasi nintzenean. Zapatero 2004an Moncloara iritsi arte Txillarreko kontua ez nuen Madrilera eraman; gero bai, eta Rubalcabarekin ia astero biltzen nintzen.
Madrilen?
Bai. PSOEren egoitza batean, Gobelas kalekoan.
Zer kargu zeukala hasi zineten?
Zapaterok hauteskundeak irabazi, eta Kongresuko PSOEren bozeramaile izendatu zuen Rubalcaba. Orduan hasi nintzen harekin bilerak egiten. 2006an Barne ministro jarri zen.
Zer jarrera zeukan?
Ez zen baikorra prozesuarekin. Gainera, nire pentsaera beti susmagarria iruditzen zitzaion, nolabait esanda; hau da, bere eskemetan ez zen ondo sartzen nire pentsamendua edo nik egin nahi nuena. Baina segituan ulertzen zituen gauzak; azkarra zen.
Zein zen bion aldea?
Nik uste nuen ETArekin denbora asko behar zela hitz egiteko.
Zutaz fidatu al zen inoiz?
Elkar hobeto ezagutzean, bai.
2005eko ekainean bildu zinen lehen aldiz ETArekin, Genevan. Zein informatzen zenuen Madrilen: Zapatero ala Rubalcaba?
Nik informazioa beti Rubalcabari pasatzen nion. Zapaterorekin, hona etortzen zenean baino ez nintzen biltzen. Rubalcabarekin, aldiz, sarri egoten nintzen, lehenago esan dudan moduan, eta negoziazio txiki bat bezala izaten genuen: hark alde batera tiratzen zuen, nik bestaldera, eta beti oreka aurkitu behar izaten zen.
Nora tiratzen zuen hark?
Rubalcabak beldurra zion gobernuak ETArekin hitz egiteari, eta kontua lehenbailehen bukatzea nahi izaten zuen. Auzia nazioartekotzea ere ez zuen gustuko.
Dena kontatzen al zenion?
Komeni zena bakarrik. Adibidez, kanpoko ministroren bat azaltzen bazen ETAren eta nire arteko bileretara, hori ez nion Rubalcabari esaten gero, banekielako kexatu egingo zela. Hala ere, ez nintzen behin ere saiatu hari azalpen faltsu bat ematen. Gainera, kontuan hartu ez nintzela ni izango haren informazio iturri bakarra, nahiz eta nik uste benetako informazioa nik neukala.
2006an, Rubalcabak Javier Moscoso eta Jose Manuel Gomez Benitez jarri zituen gobernuaren ordezkari ETArekin hitz egiteko. Zu ere bazinen.
Bai, baina bi haiek jarri zituen Osloko akordioak eginda zeudenean jadanik, eta, beraz, negoziazioa hasteko. Baina gero negoziazioa ez zen hasi, eta bilera bakan batzuk soilik egin ziren.
2006an, Barajasko atentatuaren bezperan, Zapaterok esan zuen urtebete barru hobea izango zela egoera. Zer pasatu zen gobernuburuak hori esateko?
Pixka bat lehenago egin genuen azkeneko bilera ETArekin, eta nik informazioa Rubalcabari pasatu nion, ez Zapaterori, eta esan nion ETAk Madrilen atentatu bat egingo zuela. Rubalcabak seguru asko pentsatuko zuen atentatu koskorren bat izango zela. Zer pasatu zen, orduan, Zapaterok hori esateko? ETArekin egindako bilera hartara gobernuaren beste bi ordezkari haiek ere joan ziren, eta uste dut ez zutela irudipen txarrik atera handik. Baina haiek ez zuten nire bihozkada; nik gehiago ezagutzen nituen ETAko mintzakideak, euskalduna bainaiz.
Zer nahi zuen Rubalcabak orduan: bakea, presoen truke?
Garai hartan, gu eskema horrekin ibili ginen negoziazioa ondo zihoan bitartean. Presoen azterketak eginak genituen, bakoitzak irteteko zer egin behar zuen-eta sailkatuta, baina frogatu genuen ETAk ez ziola garrantzirik ematen presoen kontuari. ETAk esaten zuen gatazka bukatu nahi zuela, eta automatikoki presoak aterako zirela. Beraz, ez zen gauza askorik egin presoen kontuan.
Batasunak esan izan zuen Madrilek bazeukala ezker abertzaleko kideen atxiloketen zerrenda luze bat, prozesuaren hausturaren ondorengorako. Izan ziren atxiloketa pila bat.
Nik ez nekien ezer horri buruz.
2011, Aiete. Zenbateraino egon zinen informatuta horretaz?
Nik garai hartan oso harreman txarrak nituen neure alderdiarekin, batez ere hemengoekin, baina Aietekoaren informazio ona jasotzen nuen beste bide zuzen batetik. Dena dela, ni Rubalcabak ez ninduen sekula zentsuratu.
Aieteko nazioarteko topaketara joango zinela esan zenuen, eta baita joan ere.
PSEk erabaki zuen ez joatea, baina ni joan egin nintzen. Madrildik ez zidaten esan ez joateko.
Zer harreman izan zenuen Rubalcabarekin azken urteetan?
Beti eduki dut hartu-eman ona harekin, baina 2011n ETA bukatu zenetik aurrera askoz amistade handiagoa izan genuen. Garai batean nirekin zituen errezeloak desagertu egin zitzaizkion.
Noiz egon zineten azkenekoz?
Espainiako atzeneko hauteskunde hauek baino pixka bat lehenago, telefonoz.
Zerbait esan al zizun duela urtebete ETA desegin zenean?
Guk ez genion garrantzi handirik eman desegiteari. 2011koa izan zen benetan inportantea, ETAk jardun armatua bukatu izana.
Nolako politikaria zen?
Fenomemo bat, gutxi izaten diren bezalakoa. Izugarri azkarra zen; detaile guztiak segituan hartzen zituen, eta egundoko abilezia zeukan komunikatzeko. Gainera, oso harreman onak zeuzkan prentsakoekin.
Informazio asko al zeukan?
Bai. Aipatutako prozesu horretan, eta jada bukaera aldera, ETAren ordezkariek esaten zidaten haien ustez CIAk Espainian zeukan gizona zela Rubalcaba. Nik, bai zera, nola izango zen CIAkoa. Baina bai, ETA konbentzituta zegoen amerikarren gizona zela.