gizartea

Elkar hartzera kondenatuta

Lekeitioko gazteek eraikin bat okupatu dute, bigarrena hilabetean. Udalarena da etxea. Gazteak prest dira herritarrei irekitako gune bat egiteko. Udalak eta gazteek "konponbide bat" nahi dute. Bideoa: BerriaTB (Ander Gartzia). [Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1854/[/Berriatb]

2013ko abuztuaren 9a
18:13
Entzun 00:00:0000:00:00

Lau egun bete ziren atzo Lekeitioko Gazte Asanbladak antolatutako kalejira baten ondotik Lekeitioko (Bizkaia) gazteek Abaroa jauregia okupatu zutela. Lau egun, ekainaren amaieran fraideen eraikina okupatu eta ertzainek hutsarazi arte han eman zituzten egunak. Oraingo honetan, baina, amaierak bestelakoa dirudi. Hori uste izateko adina zantzu badaude, behinik behin, eraikinaren jabe den udalaren berbak eta eraikina hartu duten gazteen aldarrikapenak entzun ostean.

Horren lekuko, elkar ulertzeko "borondate garbia" dutela nabarmendu dute biek ala biek, nahiz eta jakitun diren bataren eta bestearen jarrerak nahi baino urrutiago daudela. Atzo bertan elkarrekin izan ziren udaleko eta gazte asanbladako ordezkariak, euren ikuspuntuak elkar trukatzeko. Fraideekin gertatu ez bezala, komunikazioa jarraia baita.

"Ez dugu uste Abaroa jauregia gazteen premiak asetzeko eraikinik egokiena denik, baina huste baten aukera ezohiko neurri bezala ikusten dugu. Aukera hori ez dugu mahai gainean jarri ere egin. Elkarrizketa bidez kudeatu beharra dago", azaldu du Xabier Arrate jarduneko alkateak. "Ardura nagusi bi ikusten ditugu; batetik, ondare historikoaren ikuspegia zaintzea, eta, bestetik, udalaren ondasun bat den heinean, segurtasun neurri batzuk zaintzea, eraikina 2004az geroztik hutsik egon baita, eta zaharkituta baitago", argitu du.

Abaroa Jauregia Lekeitioko familia burges baten etxebizitza izan zen garai batean. 1940an moja ordena bat joan zen bertara bizitzera, eta Santa Rita komentu izenez ezagutu ostean, 2004. urtean Lekeitioko Udala egin zen eraikinaren jabe.

Oraingoz, gazteek lokarriz hesitu dute Abaroa jauregia, eta baldintzarik kaskarrenetan dauden guneak itxi dituzte. Teilatuak zuloak ditu, eta azken solairuko baranda eusten duten balustra asko erortzeko zorian daude. Udalak bat egiten du Abaroa jauregiaren ateak herritarrei zabaltzearekin, eta horretarako proiektu bat ere aztertzen ari dela azaldu du, eraikin osoa berriztatzeko. Hala ere, Arratek nabarmendu duenez, ez dago diru nahikorik hori gauzatzeko, "batez ere garai hauetan".

Lekeitioko Gazte Asanbladako kide Ander Plazak agertu duenez, gazteak prest daude eraikina konpontzen laguntzeko: "Udalak buruan darabilen proiektu horretarako ekarpenak egin nahi ditugu, herriarentzat zabalik egongo den toki bat nahi dugulako guk ere. Baina dirua noiz egongo zain gelditu beharrean, uste dugu lehenbailehen hasi behar dugula lan egiten. Horregatik hartu dugu okupatzeko erabakia. Zain bagaude, hamar urte egon liteke eraikina hutsik. Gu prest gaude gaur bertan eraikinak behar dituen egokitzapenak egiten hasteko".

Auzolan hori, baina, ez da eraikinera bakarrik mugatzen. Abaroa jauregiak lorategi zabalak ditu inguruan, eta udalak gune horretan Lekeitio osoarentzako zabalik egongo den parke bat eratzeko, herritarren parte hartzea eskatu du. Eraikina okupatu duten gazteek bat egin zuten atzo bertan abiarazi zen ekinaldiarekin, eta arratsaldea auzolanean eman zuten.

Behin-behineko etxea

Eraikina lokarriz hesituta, gazteek jauregiaren lorategiko bazter batean dagoen etxea okupatu dute bertan finkatzeko. Garai batean, jauregiaren zaindariaren etxea zen, eta, nahiz eta duela gutxira arte familia bat bizi zen bertan, hutsik zeramatzan hilabeteak. Aztertzen ari dira logeletako paretak bota eta gune zabalagoak eraikitzea, nahitaezko ikusten baitute eraberritze hori gazteen beharrizanei erantzuteko: "Oraingoz, etxe horretan finkatuko gara. Hala ere, Abaroa jauregia eraikin zabala da, eta uste dugu irtenbidea ematen diela gazte lekeitiarrok dauzkagun arazoei. Baina ez bakarrik gure beharrizanei, baizik eta herriko eragile guztienei. Herriarentzat zabalik egongo den proiektua nahi dugu eratu. Herriak, herriarentzat".

Udalak gazteen beharrizan horrekin bat egiten duela adierazi du. Are gehiago, gaineratu du gazteek beren proiektuak aurrera eramateko espazio bat edukitzea "interesgarria" izan daitekeela herriarentzat berarentzat. Oraingoz ez dago alternatibarik, ordea.

"Udalak daukan gabezia da ez daukala eraikin edo ondasun publikorik haien beharrizanak asetuko dituenik", mintzatu da Arrate. Arrazoi horregatik nabarmendu nahi izan du Abaroa jauregiaren ondasun historikoa, ez baitu aproposa ikusten gazteen beharrizanetarako. Halere, hitzak neurtuta, itxaropentsu da konpromiso batera heltzeko.

Alde bateko nahiz besteko ordezkariek batzartzen jarraituko dute datozen egunetan, elkarrizketak "eraginkorrak" izaten ari direla aitortu baitute. Borondate hitza behin eta berriro darabiltela, elkar hartzera kondenatuta daudela uler daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.