erlijioa

Eliztarrek "penaz" hartu dute Uriarteren agurra

Gaur eman du azkeneko meza Donostiako gotzain moduan. Eliztar batzuek BerriaTBri esandakoaren arabera, Uriarte "eliza irekia ari zen antolatzen", "herritarrenganako zaletasuna eta prestutasuna zeuzkan"... Ez dute ondo ikusi Munillaren izendapena.

2010eko urtarrilaren 2a
17:50
Entzun
Gaur eman du Juan Maria Uriartek (Fruitz, Bizkaia; 1933) bere azkeneko meza Donostiako gotzain gisa, hiriburuan bertan, Artzai Onaren katedralean, eta eliztarrek "penaz" hartu dute haren erretiroa, BerriaTBri elizara sartzear zirela adierazi diotenez.

"Eliza irekia ari zen antolatzen", "apala zen; denekin ondo konpontzen zen", "herritarrenganako zaletasuna eta prestutasuna zeuzkan", eta antzekoak esan dituzte eliztarrek meza hasi aurretik. 11:00etan hasi da elizkizuna, eta eliza leporaino zegoen.

Adinagatik utzi du postua Uriartek -gotzainek 75 urterekin hartzen dute erretiroa-, eta haren ordezkoaren izendapenak polemika handia eragin du Gipuzkoan. Vatikanoak Jose Ignacio Munilla (Donostia, 1961) jarri du karguan, baina herrialdeko parrokoen %77 horren aurka azaldu dira. Hainbat eliztarrek ere ez dute ondo ikusi, BerriaTBri aitortu diotenez. Uriartek berak Gipuzkoan dagoen "aberastasun izpirituala indartu" dezala eskatu dio Munillari. Haren arabera, Euskal Herritik kanpo askok ez dute ondo ezagutzen euskal eliza.

Hamar urte egin ditu Donostiako gotzain karguan: 2000ko urtarrilaren 13an hasi zen, Jose Maria Setienen partez -hau ondoan izan du gaur-. Joan den abenduaren 30ean agurtu zituen Elizbarrutiko apaizak, eta gaur eliztarrak.

Munillak urtarrilaren 9an hartuko du kargua. Teologian lizentziaduna da. Toledoko seminarioan (Espainia) hasi zituen apaiz ikasketak, eta Donostiakoan amaitu. 1986ko ekainaren 29an apaiztu zen. Urte hartan Zumarragako parrokian (Gipuzkoan) hasi zen laguntzen, eta lau urte geroago, bertako Salbatzailea elizako apaiz izendatu zuten. 16 urtez aritu zen lan horretan. 2006tik Palentziako gotzaina izan da (Espainia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.