Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak adierazi duenez, Elizaren barruan eta testuinguru horretan izandako 41 sexu-abusu kasu ikertzen ari da Ertzaintza. Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa batean egin ditu adierazpen horiek, eta nabarmendu du datuak «egunez egun» aldatzen ari direla, orduak pasatu ahala salaketa gehiago iristen baitira.
Xehatu du, halaber, 41 kasu horietatik 36 Bizkaian gertatu direla, eta gainerako bost kasuak, Gipuzkoan. «Esku artean ditugun salaketen datuak aldatzen ari dira egunez egun, salaketa berriak iristen baitira; izan ere, hedabideetan ikusten den neurrian, beste batzuk animatzen ari dira, eta urratsa egiteko borondate hori erakusten dute», adierazi du Segurtasun sailburuak.
Alde horretatik, aitortu du kasu askotan zailtasun ugari aurreikusten dituztela ikerketetatik gauza garbirik ateratzeko, duela urte asko gertatutako kasuak direlako eta «protagonista asko hilda edo desagertuta» daudelako. Nolanahi ere, azpimarratu du hori ez dela arrazoia ez saiatzeko eta salatu nahi duten horiek salaketarik ez jartzeko. «Izan ere, errealitate juridikotik haratago, hemen giza sentimendu bat dago, eta pertsona horiek, ahal den neurrian, gizartearen konpentsazioa eta babesa behar dute; eta hori ez da salaketaren bidez bakarrik lortzen: gizartearen eta Eliza osoaren inplikazioa ere behar da», erantsi du.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ere salaketa jartzeko deia egin zien asteartean Elizaren barruan sexu abusuak jasan dituzten biktimei. Gobernu Kontseiluko bileraren ondoren egindako adierazpenetan hitz egin zuen gaiari buruz, Bermeoko (Bizkaia) Jose Done ikastetxean 1976tik 1981era gertaturiko hainbat abusu kasu salatu zituzten bi emakumeren testigantzei buruz galdetu ziotenean. Zupiriak adierazi zuen «mekanismo guztiak» abiarazi behar direla Elizaren barruan sexu abusuak jasan dituztenentzat, barnean duten mina atera eta erreparatuak izan daitezen. Horregatik, biktimei galdegin zien Ertzaintzan edo epaitegietan sala dezatela gertatu zitzaiena, ikertu ahal izateko.
EITB taldeak argitaratu ditu salaketa horiek: jaso dituen lekukotzen arabera, Jose Done ikastetxeko zenbait ikaslek sexu abusuak pairatu zituzten urte tarte horretan. Menesiarrek kudeatzen zuten eskola hori, eta sexu abusuak egiteaz akusatutako gizona eskolako zuzendari izan zen garai hartan.
Udalaren gaitzespena
Bermeoko Udala ere mintzatu da gaiaren inguruan. Adierazpen instituzional bat plazaratu du, eta «ustezko» gertakariak «indar eta irmotasun osoz» gaitzesten dituela nabarmendu du. «Jose Done ikastetxean adin txikiko ikasleei egindako ustezko sexu abusuak giza eskubideen urraketa larri eta jasanezinak dira, eta Bermeoko Udalak biktimen aldeko jarrera argi eta sendoa adierazi nahi du», azaldu du agirian. «Maitasun, babes eta elkartasunik zintzoena» helarazi die biktimei eta haien senideei.
Elizari lotutako 41 sexu-abusu kasu ikertzen ari da Ertzaintza
Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak nabarmendu du datuak «egunez egun» aldatzen ari direla, orduak pasatu ahala salaketa gehiago iristen baitira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu