Eduardo Santos. Nafarroako Gobernuko Justizia, eta Migrazio Politiketako kontseilaria

«Elizari ez zaio komeni abusuen negazionista izaten segitzea»

Eliza katolikoan gertatutako sexu abusuen auzian aitzindari da Nafarroa, eta, urritik, abian da biktimak aitortzeko batzordea. Dozenaka eskaera jaso dituztela azaldu du Santos kontseilariak.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Elizako abusuek arreta mediatikoa bereganatu dute legealdiko azken hilabeteetan. Horrez gain, baina, galtzak bete lan aritu da Eduardo Santos (Iruñea, 1973).

Abian jarri duzue Elizaren sexu abusuen biktimei aitortza emateko batzordea. Zertan da?

Ekainean onartu zen biktimen foru legea parlamentuan, eta urriaren 14an jarri zen martxan batzordea. Hasiak gara biktimekin aurrez aurreko elkarrizketak egiten eta haien testigantzak jasotzen. 45 eskaera jaso ditugu: 11 emakume eta 34 gizonezko.

Hasieran, biktimen artean ez zen emakumerik ageri. Orain, testigantzen laurdenak dira. Icebergaren tontorra dira?

Hasieratik nahiko argi genuen emakumeen aurkako eraso gehiago azaleratuko zirela, prozesuak aurrera egin ahala. Gizartean, oro har, sexu erasoak eta gehiegikeriak pairatzen dituztenak emakumeak dira; hortaz, ez zuen zentzurik Eliza katolikoaren barruan halakorik ez gertatzea. Hasiak gara ikusten baietz, gertatu zirela, eta garai hartan ikasle izandako emakumeak ari dira, pixkanaka, dena kontatzen.

Espainiako Arartekoak ere ikerketa propioa abiatu du...

Bai, eta ezinbesteko zaigu harekin koordinatzea, hura ere ari baita Nafarroako kasuak aztertzen. Protokolo bat ondu dugu, informazioa trukatzeko. Dena dela, bi prozesuak ezberdinak dira.

Zertan?

Lehenik eta behin, gure batzordearen xedea da biktimei aitortza ematea, eta hori Espainiak ez du egiten. Espainiako Arartekoaren egiteko bakarra da txosten bat osatzea, Kongresuan aurkezteko. Eta, gero, Kongresuak erabakiko du informazio horrekin zer egin, lege proposamen bat onartu ala ez... Guk eginak ditugu urrats horiek: badugu lege propio bat, eta biktimak aitortzeko fasean gaude.

Uste zenuten Elizaren sexu abusuena izanen zela legealdiko ardatzetako bat?

Ez, hau ez zen aurretik ezarritako helburuetako bat. Horrela suertatu zen biktimek gugana jo zutelako. Haiei entzunda heldu genion geuk ere aferari. Zubi lana egin dugu: aukera eman diegu ahalduntzeko, biktimen elkarteekin bildu, testigantzak publikoki azaleratu, txosten bat ondu, Elizarekin batzartu eta bitartekari lana egin... Prozesua oso gardena eta oso irekia izan da, eta uste dut biktimek besoak zabalik hartu dutela.

Elizak ez, ordea.

Eliza katolikoak urratsak egin beharko ditu une batean zein bestean. Nazioartean egin dituzte batzuk: txostenak argitaratu dituzte Frantzian eta Alemanian, eta Vatikanoak berak ere biktimen aitortza aipatu du. Espainian, Elizari ez zaio komeni abusuen negazionista izaten segitzea. Ez du zentzurik. Nafarroan, prozesuari ekin aurretik, Elizaren arduradunei azaldu genien hau guztia azaleratu, kasuak ikertu eta biktimekin hitz eginen genuela. Eta hori ez dela, inondik inora, elizbarrutiaren, sinesmenen edo fedearen aurkako eraso bat. Gu ez gaude Eliza katolikoaren aurka, baina auzi hau mahai gainean dago, eta konponbide bat eman behar diogu.

Nafarroako Eliza ere hasia da biktima batzuekin biltzen...

Bai. Auziak Espainian eztanda egin zuenean, zerbait aldatu zen Nafarroako Elizaren barruan ere. Eztabaidak gainezka egin zuen, eta korronte hori lagungarri izan zitzaigun hemen ere gauzak mugitzen hasteko eta, besteak beste, biktimen legea onartzeko. Hala ere, susmoa dut etxe barruan ez dituztela gauzak behar bezala eztabaidatu.

Zergatik?

Apezpiku Konferentziak gauza bat dioelako, Bizkaiko gotzainek beste bat, eta Nafarroako apezpikuak oso bestelako bat... Faltan sumatu dut jarrera bateratu bat. Eta kolaborazioa: bidea egin beharko dute goiz ala berandu. Has daitezela, adibidez, artxiboak zabaltzen.

Parlamentuan, Navarra Suma izan zen legearen aurka azaldu zen talde bakarra. Harrituta?

Ez ninduen gehiegi harritu. Eliza katoliko ofizialaren argudio bera erabili zuten, gainera: esan zuten sexu abusuena fenomeno orokorra dela, eta guk Elizako kasuak bakarrik azaleratu nahi ditugula. Gogoan izan behar dugu Elizan gertatutakoa makrobiktimizazio prozesu luze bat izan zela, hamarkadaz hamarkada betikotu zena. Garai hartan, gainera, Elizak bete zuen estatuaren rola, hezkuntzaren eta zaintzaren eskumenak bere gain hartuta, eta inpunitate osoz jokatu zuen urte anitzez, gertatutakoa estaliz. Egoera berezi horrek ez al du ikerketa berezi bat merezi?

Noraino iritsiko da bide hori?

Gure helburua da biktimei aitortza publiko eta ofiziala eskaintzea eta esatea ez daudela bakarrik. Erakundeak eta gizartea haiekin daudela, eta toki seguru bat eskainiko diegula, gertatutakoa konta dezaten.

Aitortza bai, baina justiziarik ez: auzibideetan geldirik dago auzia.

Bai, kasu gehienak iraungita daude, eta justizia harresi bat da biktimentzat. Horrexegatik behar dugu prozedura errestauratibo bat, egia eta aitortza bermatzeko. Hala ere, epaitegietako bidea ez dugu itxi: inoiz aukerarik ikusten badugu kasuren bat auzibidean jartzeko, eginen dugu.

Migratzaileen auziak ere eman du zeresanik Nafarroan. Eskuinak delinkuentziarekin lotu ditu behin baino gehiagotan...

Atzerrian jaiotako 108.000 pertsona bizi dira Nafarroan, eta hori errealitate bat da. Horren ikusita, eskuinari kosta egiten zaio diskurtso bat eraikitzea. Bi sektore dira, aurrez aurre: sektore pragmatikoago batek, enpresariek-eta, ikusi dute langileak behar dituztela, eta behar hori asetzeko bide gisara ikusten dituzte migratzaileak. Eskuineko beste sektore batek, ordea, etorkinenganako beldurra xaxatu nahi du, horrek etekina ekarriko diolakoan hauteskundeetan. Horregatik ari dira, era xenofoboan, migratzaileak arazoekin lotu nahian.

Diskurtso hori eraisteko ahaleginetan aritu zarete, ezta?

Bai. Duela gutxi, txosten bat argitaratu genuen, migrazioak dakartzan onurak azpimarratzeko eta bolo-bolo dabiltzan esanak gezurtatzeko.

Adibidez?

Besteak beste, gure zergetatik bizi direla. Hori gezurra da: batez beste, hemen jaiotakook baino zerga gehiago ordaintzen dituzte. Edo osasun zerbitzu publikoak gehiegi erabiltzen dituztela. Bada, gezurra hori ere: gutxiagotan erabiltzen dituzte.

Amaitzear da legealdia. Zein da zure balorazioa?

Gutxiengoan den koalizio gobernua izanda, gai izan gara Nafarroako Parlamentuan gehiengoak osatzeko eta legeak onartzeko. Gure departamentuak, adibidez, aurrera atera ditu justizia errestauratiboari buruzko foru legea eta Elizaren sexu abusuei buruzkoa; eta, ziurrenik, Xenofobiaren eta Arrazismoaren Aurkako Foru Legea onartuko dugu aurki. Luze eztabaidatu behar izan dugu horiek aurrera ateratzeko, baina positiboa da hori, zilegitasuna ematen baitio gure egitekoari.

Maiatzetik aurrera, zer?

Ez dakit, eta, nola esan... berdin zait. Gustura aritu naiz, eta uste dut gobernu aurrerakoi bat aterako dela hauteskundeetatik, baina oraindik ez dut erabaki. Jende berria dago, zerrenda berrietan —Zurekin Nafarroa koalizioan aurkeztuko da Ahal Dugu—. Haiei ere eman beharko zaie aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.