Immatrikulazioak

Elizaren eta Madrilen arteko akordioak «ez du eraginik» Nafarroan

Eduardo Santos Justizia eta Migrazio Politiketako kontseilariaren arabera, Espainiako Gotzainen Batzarrak ziurtagiririk gabeko 79 ondasun higiezin aitortu ditu Nafarroan, baina «ez du itzultzeko asmorik», administrazio prozedurako akatsei egotzi baitie egoera.

Eduardo Santos Justizia eta Migrazio Poltiken kontseilaria. IñIGO URIZ / FOKU
2022ko otsailaren 22a
14:52
Entzun

Iragan urtarrilaren 25ean Espainiako Gobernuak eta Espainiako Gotzainen Batzarrak akordio bat sinatu zuten, eta bertan Eliza katolikoak onartu zuen 1998tik 2015era bitartean immatrikulatutako 34.961 ondareetatik 1.000 inguru «beste batenak» direla. Hala ere, Eduardo Santos Nafarroako Gobernuko Justizia eta Migrazio Politiketako kontseilariak nabarmendu du akordio horrek ez duela eraginik izango bertan: Nafarroan aitortu gabeko 78 ondare ageri dira zerrenda horretan, baina «ez du itzultzeko asmorik», prozedura akatsei egozten dielako Elizak ziurtagiri falta, eta ez jabegoa beste batena izateari.

EH BIlduk eskatuta, akordio horri buruzko azalpenak eman ditu Santosek. Madrilen eta Elizaren artean, ia 35.000 ondare banan-banan aztertzeko batzorde misto bat osatu zen. Bertan, Elizak aitortu zuen 2.500 ondare zituela ziurtagirik gabe, eta Madrilek ebatzi zuen horietatik 1.500 prozedura akatsen ondorio zirela. Hala, ustez, bi aldeak onartzen zuten 1.000ren jabegoa beste batena zela. Akordio hori ikusirik, komunikabideek nabarmendu zuten Eliza 1.000 ondare «itzultzeko prest» zela.

Santosek ukatu du hori hala dela. Haren esanetan, Madrilgo gobernuak egiten duen interpretazioa da hori, baina Eliza katolikoa ez dator bat horrekin, eta Erregistroan gaizki izena emandako ondareak itzultzeko prest legoke soilik. Santosen arabera, auzi hori ez da oraindik konpondu, batzorde misto hori ez baita itxi oraindik.

Dena den, akordio horrek ez du Nafarroan eraginik. 1.000 ondare horietatik bakar bat ez dagoelako. Ziurtagiririk gabeko 2.500 ondasuneko zerrendan, Nafarroako 78 ondare ageri dira, baina, Elizaren arabera, hirugarren bati salduak izan dira. Santosen arabera, 78 horietatik 49 aurrez Nafarroak egindako beste zerrenda batean ageri ziren, eta, 2021ean bederen, ondare horiek «Elizaren izenean» daude erregistroan. «Iruñeko elizbarrutiak dio Jabegoen Erregistroan ageri dena akatsa dela, beste bati saldu diotelako. Hori gertatzea posible da, eta gertatzen da erosi duenak ez badu jabegoa igotzen, baina horrek ez du esan nahi jatorria ondare immatrikulatu bat ez denik».

49 ondare horietatik 29 Eslaban daude. 2004ko ekainean immatrikulatu zituen Elizak, eta 2007an saldu. Longida ibarrean antzera gertatzen da hamabi ondarerekin. Gainera, Nafarroako Gobernuak egindako azterketan ageri ez diren beste 29 ondare daude; besteak beste, Goizuetan eta Donezteben. Santosen arabera, ez dira euren zerrendan ageri: «Gure datuak erregistroaren datuetan oinarritzen dira». Kontseilariak laburbildu du hori dela Espainiako Gobernuaren akordioaren nondik norakoa, baina argi utzi du ondare horietako bat bera ere ez duela itzultzeko asmoa Elizak.

Nafarroako bidea

Santosek orain arte Nafarroan egin den bidea defenditu du, besteak beste «aitzindariak» izan direlako. Nafarroako Parlamentuaren aginduz, azterketa bat egin du, eta hark ondorioztatu du XX. eta XXI. mendeetan Elizak gutxienez 2.952 higiezin immatrikulatu dituela Nafarroan. 1998tik aurrera, Aznarrek, Hipoteken Legea aldatu, eta 206 artikuluaren bitartez tenpluak immatrikulatzeko aukera eman zuen: 2.952 horietatik, 1998tik 2015era, 1.034 erregistratu zituen bere izenean.

Santosen gaineratu duenez, gobernuaren lana ez da hor amaitu. Batetik, estrategikotzat jo dute Zangozako Udalari laguntzea auzitegietan, Aznarrek egindako Hipoteken Legeko 206 artikulu hori konstituzioaren aurkakotzat jotzeko bidean. «Bide hori luzea da eta zaila da haren ondorioak aurreikustea», gaineratu du.

Bigarrenik, Elizak bere izenean erregistratutako lur sailen kasuan, aztertzeko dute zenbatek eragiten dieten lur komunalei. Landa Garapenerako Departamentuak azterketa hori egiteko tramiteak abian jarri ditu, baina, Santosen arabera, «epe ertain-luzerako proiektua da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.